→Basauri

Antxon Montero: “Duela 50 urte jai herrikoien modu berri bat hasi genuen Basaurin”

basauri herriko taldeak 1978 batzordea 2018 pregoilariak argazkia txemi mera

Herriko Taldeakeko lehen zuzendaritza batzordea izango da Basauriko jaietako pregoilaria. 1978an legeztatu zuten Herriko Taldeak, elkartea eratu eta 10 urtera.

Ezkerretik eskumara: JUAN CARLOS TXIRAPOZU, JON LEJARZEGI, JUAN CARLOS HERAS, ANTXON MONTERO, TXEMI MERA, KEPA BASOA ETA IÑAKI CRESPO // Argazkia: Txemi Mera

Herriko Taldeakeko lehen zuzendaritza batzordea izango da Basauriko jaietako pregoilaria. 1978an legeztatu zuten Herriko Taldeak, elkartea eratu eta 10 urtera

Aurten 1978ko jaietako zuzendaritza-batzordeko kideek irakurriko dute pregoia udaletxeko balkoitik. Urte hartan legeztatu zuten Herriko Taldeak. Garai haietako Herriko Taldeakeko zuzendaritza-batzordea honakoek eratu zuten: Antxon Montero presidentea, Jose Miguel Txemi Mera presidenteordea, Ramon Herreria idazkaria, Tino Angulo diruzaina, eta Juan Carlos Txirapozu, Kepa Basoa, Jon Lejarzegi, Iñaki Crespo eta Juan Carlos Heras mahaikideak.

1978ko Herriko Taldeakeko zuzendaritza batzordeko kideak izango zarete aurten jaietako pregoilariak. Nola hartu duzue berria?
Antxon Montero: Ohore handia izan da taldekide guztiontzat eta gainera lagun batzuk berriro ikusteko ere balio izan du. Taldetxo bat urtero elkartzen gara Basauriko jaietan, baina pregoiak denok batu gaitu!

Txemi Mera: Herriko Taldeaketik uste izan dute jaien 50. urteurrena interesgarria izan litekeela pregoia irakurtzeko. Baina, Herriko Taldeakeko sortzaileek dagoeneko pregoia irakurri zutenez 1993an, pentsatu dute egokia izango zela Herriko Taldeak elkarte bezala legeztatu zen data nabarmentzea, elkartea sortu eta hamar urtera, 1978an alegia, eta garaiko zuzendaritza batzordea eratu genuenok pregoia irakurtzea.

Zergatik 10 urteko itxaronaldia elkartea legeztatzeko?
A.M.: Francoren garaian kuadrillak ilegalak ziren, baina kuadrillen arteko harremana zein udal ordezkariena, urteen poderioz, normaltasun osoz bizi ziren. Gero, trantsizioaren garaian, kalean, mugimendu sozial eta politiko handiak zeuden eta hori kuadrillen funtzionamenduan ere nabaritu zen. Francoren garaitik  zeuden elkartearen estatutuak prest eta ofizialki aurkeztuta, baina ez zen Herriko Taldeak ofizialki eratu 1978 urtera arte. Agian lege berri bat aprobetxatuz legalizatu zen elkartea.

T.M.: 1968an Basauriko Udalak, gazte arloaren bitartez, erabaki zuen kontsulta bat egitea jaiak parte-hartzaileagoak izan zitezen. Auzo ezberdinetako herritarren iritziak partekatu eta gero, Jai Batzordeak hiru gauza eskatu zizkion Udalari: herriko plazan kuadrillentzako txosna bat eraikitzea, euskal kanten jaialdi bat antolatzea, eta kuadrillentzako egun bat gordetzea. Horiek dira Herriko Taldeaken hasierak. 1972an taldea elkarte bezala eratzea ahalegindu zen, baina Gobernuak ez zuen erantzunik eman. 1977an berriro egin zuten eskaera eta azkenean oniritzia eman zioten eta 1978an legeztatu zuten ofizialki.

Orain dela 40 urteko sanfaustoez burura etortzen zaizuen lehengo gauza da?
A.M.: Lehenengo eta behin, taldekideak datozkit gogora, talde moduan zein pertsona moduan erabateko inplikazioa zutelako: Txemi, Tximu, Txarli, Jon Lejarzegi, Kepa Basoa, Iñaki Crespo eta nola ez, gure artean ez dagoen Ramón Herrería. Lana kristorena zen, kontu guztien atzetik. Euskararen presentziak nola arduratzen gintuen ere gogoratzen dut, euskararenak eta euskal kulturarenak: ekintza guztietan zaintzen genuen euskararen presentzia, jaialdi garrantzitsuak antolatzen genituen: abeslari berriak, Euskal Herriko musika tresnak, Euskal Herriko dantza taldeak, lehenengo pastorala Hego Euskal Herrian etab. Hortik aparte, ondo gogoan dut goitibehera txapelketa eta kuadrillen presentzia kalean. Anekdota asko ditugu, baina bat kontatuko dut. Bizkaiko jaietan “inkontrolatuak” ( “por el día uniformados y por la noche incontrolados”, herriko jendearen hitzetan) agertu ziren eta guk talde berezi bat antolatu genuen kuadrillaz kuadrilla, ondo koordinatuta eta kontrolatuta, badaezpadan.

T.M.: Nire kasuan asko gogoratzen dut Orquestra Mondragonen ikuskizuna Basozelaiko futbol zelaian. Garai haietan ez ziren oso ezagunak eta euren lehen diskoa ez zuten atera ere egin, baina iritzi ona jaso genuen taldeari buruz eta ikuskizun oso ona eskaini ziguten. Bi ordukoa! Ondo gogoan dut ere ultraeskuindar erradikalek ekartzen zuten mehatxua. Jaietan beldurra eragin nahi zuten. Beldur asko zegoen eta ia kuadrilla gehienetan autodefentsarako taldeak eratzen genituen badaezpada ere. Jardueren artean sokamuturra eta animaliekin egiten ziren ikuskizunak oroitzen ditut.

Gaur eguneko jaietan zerbait botatzen duzue faltan?
A.M.: Nik urteak daramatzat Basauritik kanpo bizitzen eta kontu zehatzetara bakarrik hurbiltzen naiz jaietara. Hala ere, faltan ikusten dut euskal musika talde baten kontzertu potentea, kale antzerkia…

T.M.: Gauzak asko aldatu dira, baina nik uste dut lehen jaiak gogo gehiagorekin bizi genituela. Benetan oso bereziak ziren eta berezi egiten gintuzten. Kontuan hartu behar da garai oso erreibindikatiboa zela, batez ere euskaldunen aldetik. Urtean zehar Basauri ez zen horrelakoa.

Urriaren 6a laster da. Urduri zaudete? Pregoiaz galdetuko banizue…
A.M.: Pixka bat bai, baina umorez eta pozez  hartu dugu konpromisoa. Zazpi lagun gara eta zazpiak batera egingo dugu pregoia, saiatu behintzat saiatu egingo gara, pregoi korala egin nahi dugu eta. Gure pregoiak azpimarratuko du nola duela 50 urte, herriko partaidetzak eta batez ere gazteenak, gaur egunera arte ekarri gaituen jai herrikoien modu bat hasi zutela Basaurin. Garai hartako egoera sozial eta politikoa eta oraingoa ere lotuko ditugu: euskara, euskal kultura, langileen egoera, pentsionisten aldarrikapenak, migratzaileen sufrikarioa, presoen egoera… Eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erabatekoa eta pertsona guztien arteko eskubide berdintasuna islatzen dituzten jaien alde egingo dugu apustu: EZ erraldoia esango diegu eraso sexista eta xenofoboei, eta jaietan eta jaietatik kanpo lan egin behar dugula aldarrikatuko dugu.

T.M.: Hala da. Antxonek ia dena kontatu du! Bakarrik esan oso pozik gaudela Herriko Taldeaketik aukera hau eman digutelako. Ohore handia da. Pregoia irakurtzeko momentu berezi hori topera gozatu nahi dugu. Hori bai, lekua utzi beharko digute udaletxeko balkoian zazpiok irakurriko baldin badugu pregoia! (Kar, kar, kar)

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak