→Basauri

Basauriko terraza finkoak, zenbat buru hainbat aburu

Terraza finkoak Balendin Berriotxoa Basauri

Uda hasieratik hona, Balendin Berriotxoa kaleko lau tabernek terraza finkoak jarri dituzte, eta baliteke datozen hilabeteetan gehiago izatea. 2010. urtean piztu zen auzi honen inguruko eztabaida. Garai hartan, sozialistak eta popularrak zeuden udal gobernuan, baina hilabete batzuren bueltan, alderdi jeltzaleak hauteskundeak irabazi eta terraza finkoen auzia bi urtez alde batera utzi zuen. Izan ere, 2013ko ekainean onartu zuen Basauriko Udaleko Osoko Bilkurak ‘Ostalaritzako Terrazak Jartzea Arautzen Duen Udal Ordenantza’.

Terraza finkoen prozesuak luze jo duen arren, herritarren epaia goiz heldu da. Basauriko Erdigunea-Nagusia Auzo Elkarteko kideek adierazi dutenez, “zoru publikoa jarduera pribatu baterako erabiltzeko baimena eman du Udalak”. Auzotar bezala zoru publikoa “lapurtu” dietela uste dute. Era berean, Balendin Berriotxoa kaleko merkatari batzuek ere salatu dute “larunbatero kalea gainezka” dagoela. “Terrazekin eta biltzen den jende andanarekin ozta-ozta ibil gaitezke kalean”, dio Ariane dendako langileak.

TABERNEN TERRAZAK METRO BAT LABURTZEA LITZATEKE EGOKIENA
Iratxo taberna

Balendin Berriotxoa kalean bizi den auzokide batek adierazi duenez, “horren espazio handia okupatzearen kontra nago, oinezkoentzako bide bakarrenetarikoa baita, gainera”. Alabaina, terrazen aldeko iritzia ere badauka: “terrazak bai, baina kontrol eta orden batekin, espaloiak edo bideak okupa ez daitezen”.

Ordenantza egiterakoan terrazen luzera eta kokapena izan dira buruhausteetako bat. Taberna berri batek ostalaritza lizentzia izateko baimena eskatu du orain dela hilabete batzuk, “horregatik terraza guztiak desplazatu behar izan ditugu”, azaldu du Irrintzi tabernako jabeak.

BETI EZ DA POSIBLE NORBERAK NAHI DUENA EGITEA
Apolo XII taberna

Ildo berean aditzera eman duenez, “jendeak uste du, Arume, Apolo eta Irrintzi tabernetakook terrazak nahi izan ditugun lekuan jarri ditugula, baina hori ez da egia: Udalak markatu digu zein lekutan ipini terraza bakoitza”. Halaber, Apolo eta Ibaibide tabernetako jabeek labur azaldu dute euren egoera. Apolokoak esan duenez, “batzuetan ezin duzu nahi duzuna egin, markatzen dizutena da egin behar duzuna”. Bestetik, Ibaibide tabernako jabeak gaineratu du “terraza finkoa jartzea” pentsatzen ari dela baina “gastua handia” dela. Bi tabernetako jabeek bat egin dute desplazamenduaren arazoan: “eragozpen bakarra terraza tabernaren aurrean ez egotea da, baina konformatzea besterik ez dugu”.

Udalak dioenez, “tabernari guztiek ordenantza bete dezaten aldizkako berrikusketak egiten ditugu”. Nerea Renteriaren, Lurralde-Politika eta Kontratazioko ordezkariaren arabera, “orain dela gutxi onartu den ordenantza da eta edozein instituziotako arauditan bezala, bere eraginkortasunaren arabera aldaketak egon daitezke”.

 

ZENBAIT PROPOSAMEN
Behin ordenantza indarrean sartuta, Balendin Berriotxoa kaleko ostalariek eta Auzo Elkarteak hainbat proposamen luzatu zizkioten Udalari. Iratxo tabernako jabeak, esaterako, terrazek zortzi metro luze izan beharrean zazpi izatea planteatu zuen, “kalean beherago kokatzea edo terrazak binakako multzoetan batzea”, euren terraza tabernaren parean egon dadin. Jabearen ustetan, “tabernen terrazak metro bat laburtzea litzateke egokiena”.

Auzo Elkarteak “hasieratik, terrazak finkatzeko lur azalera mugatzea” proposatu zuen. Izan ere, taberna bakoitzaren terraza “luzeegia” dela uste dute: “Terraza bakoitza tabernaren metro karratuen araberakoa izatea proposatu genuen, antolakuntza zuzen bat eramanez”.

 

OSTALARITZAKO TERRAZAK JARTZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
II. Titulua.- Baldintza Orokorrak
6. artikulua.- Terrazak jartzeko baldintza orokorra
6.4.- […] establezimenduaren barrualdetik ez bada terraza guztia ikusten, jardueraren titularrak terrazari arreta emateko zerbitzua eskaini beharko du, eta zerbitzu hori ematen duten langileek bezeroentzat ikusgai egon beharko dute une oro.

7. artikulua.- Terrazen kokapena
7.4.- Terrazak, posible balitz, establezimendua dagoen fatxadaren aurrean jarriko dira. Hala eta guztiz ere, Udal Zerbitzu Teknikoek zehaztuko dute planoan terrazaren kokapen efektiboa, gune bakoitzean dauden ostalaritza-establezimenduen kopurua eta horien kokapena aintzat hartuta (establezimendu horiek terraza jartzeko baimena eskatu duten ala ez alde batera utzita).

IV. Titulua.- Terraza finkoak jartzeko baldintzak
10. artikulua.- Terrazen ezaugarriak
[…] Oro har, oinezkoen guneetan jarritako terraza finkoek 5,00 metroko gutxieneko zabalera librea eta 4,50 metroko altuera (galiboa) bermatu beharko dute, larrialdi bati erantzuteko bertaratutako suhiltzaileen ibilgailu batek maniobra egiteko aukera izan dezan. […] Haize-babesle horiek 1,50 metroko altuera izango dute gehienez ere. […] Estaltzeko aukeratutako sistema eta haren tonua edozein dela ere, gune bakoitzean berdina izan beharko da: ez da onartuko sistema edo tonu ezberdinak egotea terraza finkoen gune batean. Olanaren hegala, gutxienez, 2,20 metro eta gehienez, 3,50 metro altu izango da.

Ordenantza osorik irakurgai: basauri.net

Gora