→Basauri

Basauriko Udalak lanean dihardu Edesaren ekoizpena herrian mantentzeko

basauri edesa lantegia 2014

Alderdi politiko guztietako ordezkariek Cata enpresako zuzendaritza kideekin bilera izan zuten atzo. Edesako ekoizpena martxan jarriko da berriro, baina iraungitze data izango du Basaurin.

Edesak ateak berriro irekiko zituela adierazi zuen atzo CNA Fagor Etxetresnen jabe berriak. Hala ere, 2015. urtea amaitzerako Basauriko jarduera Euskal Herriko beste lantegiren batera eramango duela iragarri zuen. Egoera berri honen ondorioz, Basauriko Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak (EAJ, PSE, BILDU eta PP), Cata enpresako zuzendaritza kideekin bildu ziren atzo. “Gure haserrea agertu nahi dugu, etorkizunean Basaurin ekoizteko aukerari ateak itxi zaizkiolako“, diote ordezkari guztiek. Udal ordezkariek ez dute CNAren erabakia ulertzen, “Basauriko lantokiak badituelako langile konprometituak, eta makineria; gurea, industriagintzan sustraitutako herria delako, ezin hobeto komunikatuta dagoelako; eta herriko, eskualdeko eta Bizkaiko erakunde eta alderdiok erabat inplikatuta gaudelako“.

Atzoko bileran Edesaren bideragarritasun plana mahai gainean jarri zuen Basauriko Udalak: “Langile ohiek egindako plana da eta gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak babestu eta positiboki baloratu du. Catari eskatzen diogu plan hori aintzat hartzeko eta berriro heltzeko“. “Lanean jarraituko dugu, gure esku dagoena egingo dugu, etorkizunean ere ekoizpena gure herrian mantendu dadin“, diote ordezkariek. Era berean, Basauriko Udalak gogorarazi du konkurtsoko epailearen aurrean hartu zuela Catak Edesa berriro irekitzeko konpromisoa: “Catari dagokio konkurtsoan bere gain hartutako obligazioak betetzea, ez beste inori, eta gu horren zelatan egongo gara“.

IREKIERA ETA LEKUALDATZEA 

2015eko lehen hiruhilekoan termoen ekoizpena abiatuko du talde katalanak Basaurin, baina urtea amaitu aurretik, jarduera hori Gipuzkoara lekualdatuko duela adierazi du. “Pozgarria da jakitea, aldi baterako bada ere, ekoizpena berriro hasi eta lanpostuak sortuko direla. Halaber, positiboa iruditzen zaigu enpresak agertutako borondatea, hain zuzen ere, Edesako langileak Fagorren gainontzeko langileen maila berean jartzeari buruzkoa, lanpostu berriak emateari dagokionez“, diote Basauriko Udaleko alderdi guztietako ordezkariek.

Gora