→Basauri

Basaurin ere badira pilotariak

Julen Maillo eta Oier Elorz bikote basauriarrak irabazi zuen Arratia-Nerbioi eskualdeko umeen pilota txapelketa joan den urtarrilaren 9an

80ko hamarkadan sortu zen Bidebieta Klub Pelotazalea Basaurin. Esku-pilotan eta palan erakusten dute klubean, batik bat umeei zuzendutako eskoletan. Egun 45 neska-mutil daude pilota eskolan. Artunduagako eta San Migelgo frontoiak dira eskolaren egoitzak: “Bakoitzean entenatzaile nagusi bat dugu eta hiru laguntzaile: Artunduagan bi eta San Migelen bakarra”, dio Mikel Karrillo Artunduagako entrenatzaileak.

Basauriko umeak ez ezik, Arrigorriagako eta Aperribaiko gaztetxoak ere hartzen ditu Bidebieta Pilota Eskolak, “nahiz eta gehiengoa basauriarrak eta San Migelgoak izan”. Entrenatzaileak adierazi duenez, genero berdintasuna gero eta nabariagoa da pilotan, batez ere, umeen artean. “Egun bi neska ditugu gazteen taldean: bata txikitxua, eta bestea 13-14 urtekoa. Azken honek kimuen mailan jokatzen du, nahiz eta adinagatik infantiletan jokatu beharko lukeen. Haurren kategorian pilota askoz gogorragoa da”. Kategoriaren kontua ez da oztopo, “azken finean guri interesatzen zaiguna umeek jokatzea da. Berdin du adinak eta kategoriak bat datozen edo ez. Garrantzitsuena pilotaz disfrutatzea da”, dio Karrillok.

Emakumeena ere martxan

Aurten ama batek izena eman du Bidebieta Pilota Eskolan: “Larrabetzun badago pilota-eskola bat neskena bakarrik dena eta horregatik, sortu nahi izan dugu guk, baina momenuz ama bat bakarrik animatu da”.
Entrenamenduetan arlo fisikoa eta teknikoa lantzen dituzte: “Fisikoarekin hasi, umeek jolasen bidez egiten dute korrika. Teknika hobetzeko ere saioak egiten ditugu eta partida batzuk prestatzen ditugu haiek ere ondo pasa dezaten”.

Astelehenetik ostegunera 17:00etatik 19:00ak bitartean Artunduaga kiroldegian entrenatzen dute, “bi egun gazteek eta beste bi egun haurrek”. San Migelen, ostera, astearteetan eta ostegunetan 18:30etatik 20:30etara: “Iraileko bigarren astean hasten gara entrenatzen eta ekainaren 30ean bukatzen dugu”.

Lortutako txapelak, eskualdekoak

Batik bat, Usansolok, Arrigorriagak eta Zaratamok deitzen dituzten torneoetan parte hartzen du Bidebieta Pilota Eskolak, baita Arratia-Nerbioiko Txapelketan ere. “Umeek maila ona baldin badute, Bizkaiko Txapelketan jokatzeko aukera izaten dute, baita Euskal Herrikoan ere. Bizkaikoan bai, baina Euskal Herrikoan ez dugu umerik sailkatzea lortu, oraingoz”, dio Mikel Karrillok.

Denboraldi profesionalaren hasiera San Migelgo edo Basauriko jaiekin bat dator, urriko lehenengo hamabostaldiarekin, eta amaiera uda hasieran. Ikasturte amaierako txapelketa propioa antolatzen du Bidebieta Pilota Eskolak.

Gutxi badira ere, Klubak txapelaren bat lortu duela dio Karrillok: “Azkena, orain dela egun batzuk lortu dugu, urtarrilaren 9an: Arratia-Nerbioiko Txapelketan. Egia esan, irabazi dugun zailenetarikoa izan da, eta horregatik oso berezia”.

Aurrean finalista guztiak eta atzean klub desberdinetako ordezkariak familia argazkian

Julen Maillo eta Oier Elorz bikote basauriarra bigarren ilaran eskubian :: Bidebieta Klub Pelotazalea

Kolokan izan da eskola

Azken urteetan kartelak pegatu behar izan dituzte kaleetan umeak eta gurasoak erakartzeko. Horri esker, desagertzetik libratu direla dio Karrillok: “Iaz hamazortzi ume izan genituen, baina lauk ez zuten jarraitu. Hamalau oso gutxi dira eskolarekin aurrera egiteko. Kartelei esker, hamabi lagunek eman dute izena”.

Gaur egun esku-pilotak indar handia du gure eskualdean, eta goranzko joeran dagoela esango nuke, baina oraindik ere oso zaila da futbolari aurre egitea”, dio Mikelek: “Basauriren kasuan, bost futbol talde ezberdin daude, baita futbol eskola ere, eta horrekin lehiatzea benetan zaila da”. Entrenatzaileak adierazi duenez, “futbolean ez bazara trebea, adin batetik aurrera ez duzu jokatuko. Pilotan, ordea, beti jokatzeko aukera egongo da eta normalean, arrazoi horrengatik aukeratzen dute pilota. Aurten Bidebieta Pilota Eskolan inskripzio kopurua igotzea lortu dugu, azken bi urteetan galdutakoa berreskuratuz” dio pozez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak