→Basauri

Batxilergoko ‘Erasmusa’ Urbin

basauri urbi institutua elkartrukea 2014

Batxilergoko ikasleek Europako beste herrialde batzuetako ikasleekin egiten dute elkartrukea astebetez. Helburu linguistikoez gain, kultura, gizarte-trebetasuna eta garapen pertsonala lantzen dituzte.

Basauriko Urbi Institutuko DBHko eta Batxilergoko ikasleek Europako beste herrialde batzuetako Bigarren Hezkuntzako eskolekin elkartrukeak egiten dituzte. Ikastetxeak bilatu, elkarren arteko lana adostu eta antolatzea dira, besteak beste, Urbi Institutuaren betebeharrak eleaniztasunean oinarritutako programa hau Aurrera eraman ahal izateko.

2014/2015 ikasturtean Alemaniako Gymnasium Marienschule ikastetxearekin ari dira ikastrukea egiten Batxilergoko 1. mailako neska mutilak. Ikastetxea Krefeld hirian kokatzen da, Alemaniako Renania-Westfalia estatuan. Nahiz eta hemengo ikasleek alemana ez ikasi, “proiektu eleanitzean dauden ikasleek ikasgai batzuk ingelesez egiten dituzte eta boluntarioki parte hartzen dute elkartrukean”, dio Karmele Aurrekoetxea Urbi Institutuko elkartrukeen arduradunak.

Institutu basauriarrak 2010-2011 ikasturtean hasi zuen elkartrukearen programa: “Orain arte Danimarka, Italia, Frantzia eta Alemaniako ikastetxe batzuekin egin dugu proiektu hau”, dio Aurrekoetxeak: “Kasu horretan, lau urte daramatzagu elkartrukea Alemaniako ikastetxe honekin egiten”.

MARTXOAN ALEMANIARA

Alemaniako ikasleak urriaren 18tik 25era bitartean egon ziren Basaurin: “Egun horietan gure ikasleekin eta beren familiekin bizi izan dira eta eskoletara etorri dira, ikastetxeko bizitzan parte hartuz. Gainera, gure ingurua bisitatu dute, gure lurra, gure kultura eta gure historia ezagutzeko aukera izan dute”, dio Karmele Aurrekoetxeak: “Bilbo eta Donostia bisitatu dituzte, Guggenheim Museoan arteaz disfrutatu dute, Gernikako Batzar-Etxean ere izan dira eta surfa ere egin dute gure hondartzetan. Eta, nola ez, herriko jaiak ere ezagutu dituzte”.

Urbi Institutuko ikasleek datorren martxoan egingo diete bisita Alemaniako ikaskideei: “Bertako egonaldian eskolako bizitza, bizitza familiarra eta Krefeld eta bere inguruak ezagutzeko aukera izango dute. Han dauden bitartean gure ikasleek alemaniarrek hemen beste disfrutatzea espero dugu”.

 

________________________

HELBURU LINGUISTIKOAK ETA KULTURALAK

Proiektu honen helburuak ez dira soilik linguistikoak, “kulturarekin, gizarte-trebetasunekin eta garapen pertsonalarekin ere badute lotura”, argitu du du Karmele Aurrekoetxeak, Urbi Institutuko Elkartrukeen arduradunak. Helburu linguistikoak ingelesaren erabilerarekin lotuta daude: “Elkartrukean ingelesa erabiltzen dute, ahozko eta idatzizko komunikazioa garatuz. Gainera, hizkuntza desberdinen aurrean errespetuzko jokaerak bultzatzen dira eta eleaniztasunaren aldeko jarrerak eta interesak pizten dira”.

Helburu kulturalei begira, “kultura ezberdinen arteko ulermena garatzea, kultura ezberdinen arteko komunikaziorako gaitasunak bereganatzea, euskal kultura Europako eskoletan ezagutzera eman eta zabaltzea, eta Europako identitatearen sentimendua indartzea” dira nagusienak, beste batzuen artean. Aurrekoetxearen esanetan, “maila pertsonalean ikasleek giza-gaitasuna, burujabetasuna eta auto-estimua garatzen dituzte, besteak beste”.

Gora