→Basauri

Begoña García: “Elkarrekiko errespetua nahi dugu gure jaietan”

Basauri Sanfaustoak 2014 Pregoilariak

Dagoeneko basauriar guztiek dakiten bezala, Herriko Taldeakek Ate Zabalik eta Manuela Egiguren emakumeen elkarteak aukeratu ditu San Faustoetako pregoilari. Izan ere, 20. urteurrena ospatu dute 2014 honetan. GEURIAk Mariasun Bernaola eta Begoña García pregoilariak elkarrizketatu ditu, eurak izango baitira elkarte horietako kide diren 1.500 emakumeen izenean pregoia irakurriko dutenak.

GEURIA: San Faustoetako onena?
Mariasun Bernaola: Koadrilen parte hartzea, jaiak arrakastatsuak izan daitezen saiatzen baitira.
Begoña García: Basauriko herritarren konpromisoa jaietan.

G: Eta okerrena?
M.B.: Norbaitek beste batenganako errespetua galtzen duenean eta alkoholaren aitzakia jartzen duenean. Hori da okerrena.

G: Gustukoen duzun ekintza?
M.B.: Eskarabilerari eta Manuela Egigureni omenaldiak.
B.G.: Koadrilen jaitsiera, Bizkaia osoan ez dagoelako horrelakorik.

G: Zein da egunik onena?
M.B.: Egia esan, egun berezi asko daude, baina beste guztien gainetik lehiaketa gastronomikoak egiten diren egunak nabarmenduko nituzke: paellak, tortillak, marmitakoa prestatzen diren egunak, esaterako. Partaidetza handiko ekintzak dira eta giroa ezin hobea da.
B.G.: Nire ustez, ez dago besteak baino hobea den egun bakar bat ere. Guztiak bereziak dira egunero jarduera desberdinak daudelako.

G: Ez dut inoiz galtzen…
M.B.: San Faustoak orokorrean. Ez ditut inoiz galtzen, munduko onenak direla uste dut!
B.G.: Koadrilen jaitsiera eta Eskarabileraren azken agurra.

G: Koadrila bat?
M.B.: Guztiak bikainak dira, antolatzen dituzten ekintza orotan ilusio handia jartzen baitute, jendeak parte har dezan. Hamabost koadriletatik bat esatekotan, Edurre aukeratuko nuke, koadrilarenganako txera berezia dut.
B.G.: Niretzat, ordea, Ogeta Bat, txikitatik koadrilako partaide naizelako.

G: Nola animatuko zenuke Basaurikoa ez den norbait San Faustoetara etortzera?
M.B.: Mundu guztia San Fausto jaietara etortzera animatuko nuke, dibertigarriak eta bereziak direlako. Basauri oso leku abegitsua da, antzekorik ez dago beste herrietan. Koadrilen jaitsiera koloretsuan, denak arropa euskaldunekin jantzita daudela ikustea oso hunkigarria da, gure sustraiak oroituz. Zurrakapotea dastatzeko aukera ere badago lonjetan, gainera doan. Gainontzeko herrietan ez dago halakorik. Eta gauza guztien gainetik, jendearen parte hartze masiboa nabarmenduko nuke. Bisitan etortzen bazaizkigu, ziur datozen urteetan ere itzuliko direla.
B.G.: Basauriarren konpromisoak ez du parekorik! Beste zein herritan ateratzen da, bada, jendea, txiki zein nagusi, jaietan horrelako janzkerekin?

G: Zer esango duzue pregoian?
M.B.: Oraindik ez dugu idatzi, baina jendeari kalera jai-giroan irten dadila eskatuko diogu eta herritar guztiak errespeta ditzatela, eraso sexistarik gabe.
B.G.: Herritarrek une oro parte har dezatela, errespetu osoz.

G: Urtero San Fausto jaietan nabarmenduko zenuketen bazkaria?
M.B.: Koadrilen bazkaria senidetasunaren adibide da, giro ezin hobea izaten dugu. Era berean, ezin ahaz daiteke 500 emakume baino gehiago biltzen dituen bazkaria, urriaren 15ean egingo dena. Egun ederra!
B.G.: Emakumeen bazkaria. Egun berezia da, Basauriko emakumeok jai-giro paregabean egoteko aukera izaten baitugu.

G: Zer erantsiko zenieke Basauriko jaiei?
M.B.: Jai bete-beteak direla uste dut, Basauriko jendea da onena.
B.G.: Umen, gazte, heldu eta adinekoentzako nahi adina ekintza dago. Beraz, ez dut ezer berezirik faltan botatzen.

Gora