→Basauri

Beste bi salaketa jarri dituzte Basauriko entrenatzaile ohiaren aurka, sexu abusuengatik

Bost dira dagoeneko Basauriko entrenatzaile ohiaren aurka jarritako denuntziak. Edade berdinekoak ez izan arren, salaketa guztiek preskribatu dute.

Azaroaren 8an ehunka herritar bildu ziren udaletxe plazan, eskola futbolean salatutako sexu abusuak gaitzesteko / Geuria

Basauriko entrenatzaile ohiaren aurkako salaketak jarri dituzte gaur beste bi basauriarrek. Asteartean beste herritar batek ere jarri zuen denuntzia. Pepe Godoyk salaketa publikoa egin zenuenetik, bost dira Basauriko entrenatzaile ohiaren aurka jarritatako denuntziak. Salaketa guztiek egoera berdina deskribatzen dute, garai berean. Biktimak edade berdinekoak ez izan arren, jarritako denuntzia guztiek preskribatu dute.

36 URTE ETA GERO

Umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu zuen 46 urteko Pepe Godoy basauriarrak azaroaren hasieran. Eskola kirolean izan ziren sexu abusuak, Godoyk 8 eta 11 urte artean zituenean. 36 urteren ondoren umetan gertatutakoa bere bikotekideari kontatu zion eta honek Ertzaintzan salatu eta Garaitza Elkartean laguntza eskatu zuen. Gertaerak Godoyk 28 urte zituela preskribatu zuenez, ezin izan zen epaiketarik egin. Hala ere, Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen orain dela bi urte salatua izan zen entrenatzailearen urratsak jarraitzeko.

ENTRENATZAILEA ETA IDAZKARIA

Salatutako entrenatzailea Baskonia Futbol Eskolako (BFE) lantaldean zebilen Godoyk bere salaketa bideo baten bidez argitara eman zuen arte. Aste horretan kanporatu zuten ustezko erasotzailea BFEtik. 40 urte baino gehiago zeramatzan gizonak umeak entrenatzen: Basauriko talde askotan entrenatu du, bai kirol federatuan, bai eskola kirolean, eta futbol eskolan 2007. urtetik aritu da. Gainera, entrenatzailea izateaz gain, BFEko idazkari nagusia izan da 2007tik. Dagoeneko, Eskolak zuzendaritza batzordea aldatzeko pausoak eman ditu eta osaketa berri horretatik kanpo utzi dute.

Uda aurretik Peperen salaketaren berri bazuten arren, Baskonia Futbol Eskolak Peperen salaketa publikoaren ostean kaleratu zuen entrenatzailea. Horrekin batera, adierazpen publikoa argitaratu zuen sare sozialetan. Horren arabera, eskolan bertan bestelako sexu abusurik gertatu izanaren berririk ez zuela adierazi zuen BFEk.

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak