→Basauri

[Bideoa] Ertzaintzak Basauriko familia bat kaleratu du gaur “alokairua ordaindu ez izanagatik”

basauri kaleratzea 2016 kareaga bidebieta

Gaur, irailak 22, Ertzaintzak Basauriko emakume bat eta bere adin txikiko alaba euren alokairuzko etxebizitza pribatutik kaleratzeko agindua bete du

Gaur, irailak 22, Ertzaintzak Basauriko emakume bat eta bere adin txikiko alaba euren alokairuzko etxebizitza pribatutik kaleratzeko agindua bete du. Basauriko Udalaren arabera, “alokairua ez oraintzeagatik” kaleratu dute familia hau.

Egoera horren aurrean, Baietz Basauri plataformak elkarretaratzeak egin ditu. Atzo, kontzentrazioa egin zuten Kareagako metro geltokiaren sarreran eta gaur elkarretaratzea egin dute Kareaga Goikoa kaleko 55. zenbakian. Bertan, 08:30ean 50 lagun inguru bildu dira eta egunak aurrera egin ahal jende gehiago batu da.

Baietz Basauri plataformako kideez gain, alderdi politikoetako politikariek ere bat egin dute elkarretaratzean. Tartean, EH Bilduko kideak (Jasone Agirre EH Bilduko Bizkaiko zerrendaburua, Zigor Isuskiza Bizkaiko batzarkidea eta Natalia Gardeazabal eta Jon Bizkarguenaga Basauriko zinegotziak), Basauri Bai taldeko Bobi Galdos eta Javier Giraldo. Era berean, Basauriko eta inguruetako herrietatik etorritako herritarrek ere babesa erakutsi diote familiari.

Gizarte Zerbitzuen arreta eta aholkularitza

Basauriko Udalak jakinarazi duen bezala, “familia honek Udaleko Gizarte Zerbitzuen arreta eta aholkularitza jaso ditu duela bi urtetik, hau da, udalerrian erroldatu zenetik“. Era berean, bere egoerari aurre egiteko dagozkion “udal diru-laguntza guztiak” izan dituela adierazi dute udal ordezkariek:

Gizarte Larrialdiko Laguntza eta Aldizkakoa ez den Udal Laguntza jaso ditu, “5.000 euro baino gehiagori dagokiona, gehiena alokairua ordaintzeko“. Basauriko Udalak emandako azken laguntzaren xedea zen aurtengo lehen seihilekoko alokairua ordaintzea: “Guk dakigula, dirua ez du horretarako erabili”, adierazi dute.

Laguntza “eskasak”

Baietz Basauri plataformak Udalak zabaldu dituen adierazpenei erantzun die: “Argi dago instituzioek ematen dituzten gizarte laguntzak eskasak eta eragingabeak direla“, diote: “Larriena da pentsatzea bi urtetan 5.000 euroko diru-laguntza ematea, bi pertsonei arreta emateko. Nor bizi daiteke hilero 210 eurorekin?“.

 

Argazkia: Bidebieta Irratia

 

 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak