☉ Basauri
Bosteko erakusketa ibiltariak Gomez, Etxebarria eta Lizaso artista basauriarren lanak aurkeztuko ditu Bizkaian
‘Isilunearen poetikak, oihartzuna sortzen duten esentziak’ proiektua aurkeztuko dute Bosteko 2018 erakusketan. Zornotza, Arrigorriaga, Leioa, Basauri eta Getxon izango da.

‘Isilunearen poetikak, oihartzuna sortzen duten esentziak’ proiektua aurkeztuko dute Bosteko 2018 erakusketan. Zornotza, Arrigorriaga, Leioa, Basauri eta Getxon izango da
Irailetik abendura bitartean Bosteko erakusketa ibiltaria iritsiko da Bizkaiko bost erakuskera aretoetara. Aurten 21. edizioa izango da eta “Isilunearen poetikak, oihartzuna sortzen duten esentziak” proiektua aurkeztuko dute Basaurin hazi eta eboluzionatu diren hiru artistek: Luis Miguel Gómez, Koldo Etxebarria eta Jesús Lizaso. Erakusketa ibiltaria irailaren 6an hasiko da Zornotzan (irailaren 6tik 23ra), eta Arrigorriaga (irailaren 25etik urriaren 14ra), Leioa (urriaren 16tik azaroaren 4ra), Basauri (azaroaren 6tik abenduaren 2ra) eta Getxo (abenduaren 5etik 30era) bisitatuko ditu.
“Isilunearen poetikak, oihartzuna sortzen duten esentziak” proiektuak barne bilaketako egoera bat aipatzen du, baina ez dio artistari heltzen soilik, baizik eta ikusleei ere. Hain zuzen ere, barruko ibilbide bat egitera gonbidatzen ditu, nork bere barne-barnekoarekin harremanetan jarri dadin. Luis Miguel Gómez (1955), Koldo Etxebarria (1960) eta Jesús Lizasoren (1961) lanek ez dute gizartearen bakardadean sakontzen, ezta banakakoan ere; nork bere buruan barrena murgiltzeko ibilbide bat sustatzearen alde egiten dute. Izan ere, artelan horiek proposatzen duten ibilbidea isilezko bakardadearen kutsua dauka, eta ikuslea haren barrualdearen garrantziaren aurrean jartzen du.
Aukeratutako gaiaren haritik, irudiari loturiko lanak aukeratu dituzte erakusketarako, bai olioz egindakoak (Luis Miguel Gómez), bai 3D teknologiaren bitartez sortutakoak (Koldo Etxebarria). Era berean, Jesús Lizasoren ekarpen plastikoak ere ikusteko aukera egongo da erakusketan. Aurreko edizioetan komisarioak (kasu honetan, Iñigo Sarriugarte Gómez) aukeratu izan ditu artistak; oraingoan, ordea, artistek eurek proposatu zioten komisarioari proiektu bat sortzea, eta horren emaitza da Bosteko 2018 erakusketa.
Bosteko 2018 erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du Euskara eta Kultura sailaren bitartez, eta lurraldeko bost udalerrietako Udaletako kultura ordezkarien laguntzarekin. Helburua da euskal artista plastikoen lana ezagutzera ematea eta hura zabaltzea Bizkaiko lurralde historikoan. Hain zuzen ere, artea modu irisgarrian ezagutaraztea da xedea.
☉ Basauri
Argazkiak | Lau urtaroak, Oilategi Deluxe eta Txorimaloak izan dira mozorrorik onenak Basaurin
Inauterien barruan mozorro lehiaketa antolatu dute gaur, otsailak 14, Basaurin. Desfilea bertan behera geratu da euriagatik, baina kuadrillek aukera izan dute euren mozorroak Solobarriako karpan erakusteko.
Bederatzi pertsona baino gutxiagoko kategorian, hirugarrenetik lehenengora hauek izan dira irabazleak: Furbiak (200 euro), Zeruko begiak (400 euro) eta Txorimaloak (550 euro).
Eta, bederatzi pertsona baino gehiagoko kategorian honakoak saritu dituzte: Parqueo sobre ruedas (250 euro), Globotxos (500 euro) eta Oilategi Deluxe (750 euro).
Gainera, Inautxo Saria ere banatu dute, eta kategoria honetan Lau urtaroak kuadrillak irabazi du saria (550 euro).






























☉ Basauri
Enpleguari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez gazteentzat Basaurin
Jardunaldiak martxoaren 5etik 24ra bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan. Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira

Lan-orientazioari eta emantzipazioari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte bigarren urtez jarraian Basaurin. Jardunaldiak gazteei daude zuzenduta eta martxoaren 4tik 25era bitartean izango dira Zirt Zart Gazte Bulegoan (Autonomia, 3).
Aholkularitza eta orientazio saioak izango dira eta bi bloketan banatuko dituzte: alde batetik, ikasketa- eta lan-aukerak, eta bestetik, emantzipazioa.
Ikasketa- eta lan-aukerei buruzko blokea DBH3, DBH4 eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleei dago zuzenduta. Helburua izango da bokazio eta gaitasun pertsonalak identifikatzea eta gaur egungo ikasketa- eta lan-aukerak aztertzea.
Hiru saio izango dira: lehehengo biak gazteei zuzendutakoak izango dira, eta hirugarrena euren familientzat. Martxoaren 12an, 17:00etatik 19:00etara, lan-interesak eta lan-inguruneari buruzko saioa izango da; martxoaren 17an, 17:00etatik 19:00etara, ‘Bokazioa eta ikasketa-mapa lotzea’ izango dute ardatz; eta martxoaren 24an, 18:30etik 20:00etara, gazteei erabakiak hartzen laguntzeko familien papera izango dute hizpide.
Emantzipaziorako bidea
Emantzipazioari buruzko bi saio antolatuko dituzte, familiaren etxea utzi nahi duten gazteek beharrezko informazioa izan dezaten beren emantzipazio-ibilbidea eraikitzeko. Saio hauek 16 eta 35 urte bitartekoei daude zuzenduta.
Lehenengo saioa martxoaren 5ean izango da, 18:00etatik 19:30era, eta gaia izango da ‘Etxebizitza aukerak eta baliabideak’.
Bigarren saioa martxoaren 10ean burutuko da, 18:00etatik 19:30era, eta hizpide izango dute ‘Hornidurak eta bonu sozial elektriko eta termikoa’.
Saioetako tokien kopurua mugatua da, eta, beraz, parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute martxoaren 3ra bitartean (doan). Horretarako, Basauriko Gazte Informazio Bulegora hurbildu ahalko da, edo izena telematikoki eman, Basauriko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren webgunearen bitartez (zirtzart.basauri.eus).
☉ Basauri
Lan istripua gertatu da Basaurin: langile bat tranpol batetik jausi da
Lan istripua Agirre Lehendakaria kalean gertatu da eta Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eramango dute

Lan istripua gertatu da gaur 11:30ak aldera Basaurin, Agirre Lehendakaria kaleko 57-59 zenbakian.
Suhiltzaileek adierazi dutenez, langile bat tranpol batetik jausi da eta kontziente egon da istripua izan ostean.
Segurtasun Sailetik GEURIAri adierazi diotenez, langilea ospitalera eraman dute.
☉ Basauri
Basauriko Javi Conde klubeko lau atletak Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute martxoan
Angela De Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo atletak deitu dituzte martxoaren 4tik 9ra Ourensen lehiatzeko

Basauriko Javi Conde klub paralinpikoko lau atletak Short Trackeko Munduko Virtus Txapelketa jokatuko dute.
Horiek dira: Angela de Miguel, Mikel Garcia, Ibai Magdaleno eta Gonzalo Redondo.
Txapelketa martxoaren 4tik 9ra bitartean izango da Ourensen, Expourenseko atletismo pistetan.
“Oso albiste ona da klubarentzat deialdi honekin, hautatuen kopuru handiena duen kluba baita”, diote klubetik, eta gogorarazi dute aurten taldeak 30 urte beteko dituela.
☉ Basauri
Langabezian dauden 40 lagun kontratatuko dituzte Basaurin sei hilabetez lan egiteko
Hamabi agente zibiko, hiri-eserlekuak eta altzariak margotzeko zortzi pertsona, ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko beste hamabi eta kultura arteko horma-irudiak egiteko beste zortzi pertsona laneratuko dituzte

Enplegu Plan berria martxan jarriko du Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean.
Guztira 40 lagun kontratatuko dituzte: 12 agente zibiko, 8 pertsona hiri-eserlekuak eta hiri-altzariak margotzeko, beste 12 ikastetxeetako jolastokiak dinamizatzeko, eta beste 8 kultura arteko horma-irudiak egiteko.
Kontratuak 6 hilabetekoak izango dira % 75eko lanaldian, eta aurretik gehienez ere 150 orduko trebakuntza-aldi bat izango dute, eta ondoren, enplegua bilatzeko laguntza emango diete.
Programa honetan parte hartzeko interesdunek Lanbiden izena emanda eta Basaurin erroldatuta egon behar dute. Era berean, 2024ko deialdiko enplegu-planetan parte hartu ez izana ere baldintza da.
Kontuan hartuko dute, gainera, 45 urtetik gorakoa izatea; DSBE edo bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren titularra edo onuraduna izatea; iraupen luzeko langabea izatea; genero-indarkeriaren biktima den, laguntza espezifikoak jasotzen dituen edo lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituen emakumea izatea; % 33ko edo handiagoko desgaitasuna izatea; gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan egotea; edota alboko esklerosi amiotrofikoa duten eta mendekotasun-egoeran dauden pazienteen zaintzaile ez-profesionala izatea.
Euskadiko hirugarren sektoreko erakundeak arduratuko dira programak kudeatzeaz eta kontratazioaz.
Erakunde kudeatzaileak Lanbidera bidaliko ditu bete beharreko lanpostuen ezaugarriak. Lanbidek, orduan, izena emanda dauden langabeen artean bilatuko du, eta baldintzak betetzen dituzten pertsonen zerrenda bidaliko dio Udalari.
“Aurre-hautatua izateko, garrantzitsua da Lanbiden eguneratuta izatea datuak eta eskatutako lanbideak“, diote udal ordezkariek.
Erakundeak, gero, aurretik hautatutako pertsonen zerrenda erabiliko du pertsona hautatzeko. Eta, azken erabakia hartzeko, orientatzaileen talde batek ebaluatuko ditu hautagaiak.









