→Basauri

Bizkotxalde eskolako pabilioi berria 2016an irekitzea aurreikusten dute

basauri bizkotxalde eskola 2014

2,5 milioi euroko aurrekontua ezarri du Eusko Jaurlaritzak. 18 hilabetez luzatuko dira obrak eskolan. Eraikuntza lanak egin nahi dituzten enpresek abenduaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dute euren eskaintza.

Hilabete askoko itxaronaldiaren ostean, Basauriko Bizkotxalde ikastetxeko berritze-lanak gero eta gertuago daude. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak pabilioi berria eraikitzeko obren esleipenerako lehiaketa abian jarri du. Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, lanek 2.509.452,89 euroko aurrekontua izango dute eta 18 hilabeteko epean burutuko dira. Euskadiko Kontratazio Publikoaren webgunean jakinarazi dutenez, enpresek abenduaren 12ra arte izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera.

Urriko osoko bilkuran mozioa aurkeztu zuen Bizkotxalde Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeko Eskola Kontseiluak, ikastetxearen gaur egungo eta etorkizuneko egoera salatzeko asmoz. Mozioak talde politiko guztien –EAJ, PSE, EH Bildu eta PP– aldeko bozka jaso zuen eta azpiegitura berri horren garrantzia nabarmendu zuten. Andoni Busquet Basauriko alkateak dioenez, “Hezkuntza Sailak berak udaberrian jarritako epeak beteko dituela seguru nago”. Horrela, abenduaren amaieran hasiko lirateke pabilioi berria eraikitzeko lanak eta 2016-2017 ikasturterako instalazioek prest egon beharko lukete.

HEZKUNTZA SAILAK UDABERRIAN JARRITAKO EPEAK BETEKO DITUELA SEGURU NAGO ANDONI BUSQUET, BASAURIKO ALKATEA

SEI URTEKO BORROKA

Azpiegitura berriak 2009. urtean eraitsitako eraikina ordezkatuko du eta Haur Hezkuntzako ikasleentzat izango da. “Gaur egun, bi eta hiru urteko umeak Agirre Lehendakaria kaleko eraikinean daude, eta gainontzekoak, Uribarri kalekoan”, dio Idoia Argiarro Bizkotxalde eskola kontseiluko kideak. “Aurrefabrikatutako sei modulu ditugu jolas patioan. Ikasturtero espazioak egokitu eta berrantolatu behar izaten ditugu gure hezkuntza proiektua garatu ahal izateko, ikasle guztiek ikaslekua izan dezaten”. Horiek horrela, Guraso Elkarteak zein ikastetxeko irakasleek sei urteko borroka izan dute berritze-lanak aurrera atera daitezen: hainbat agerraldi egin dituzte kolore gorriz jantzita Basauriko kaleetan “pabilioi berri horren eraikuntza errealitate bihur dadin”.

Eskola kontseiluko kidearen esanetan, “badira sei ikasturte Bizkotxalde eskolakoak Uribarri kaleko eraikin publikora etorri ginela. Agindutakoaren arabera, 2012an Santiago kalean Haur Hezkuntzarako eraikin berria inauguratu behar genukeen”. 2014an, ordea, egoerak bere horretan jarraitzen du. 2016ko ekainera arte itxaron beharko dute ikasle, irakasle eta gurasoek Bizkotxalde Ikastetxea bere osotasunean ikusteko.

IKASLEEI TOKIA EGITEKO URTERO MOLDATU BEHAR IZAN DITUGU JOLASTOKIAN DITUGUN MODULUAK. IDOIA ARGIARRO, BIZKOTXALDE ESKOLAKO KONTSEILUKO KIDEA

2014/2018KO PLANEAN

Bizkotxalde HLHIko berritze-lanen gaia aurreko legealdian jarri zen Eusko Jaurlaritzaren mahai gainean. Ikastetxearen eraikin berria 2011. urtean eraikiko zela aurreikusi zuten arren, aurrekontu falta zela eta ez zen posible izan. Ondoren, 2013ra atzeratu zuten proiektua, gaur egungo egoerara iritsi arte.

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak apirilean adierazi zuenez, “Bizkotxalde Ikastetxeko obrak 2014/2018 Azpiegitura Planaren barruan sartzen dira”. Behin lanak lizitaziora aterata, abenduaren bukaeran pabilioi berria eraikitzea aurreikusten zutela ere gaineratu zuten Jaurlaritzatik apirilean bertan. Ordutik hona, Udalak, Jaurlaritzak eta ikastetxeko ordezkariek hainbat bilera izan dituzte Bizkotxalde eskolako eraikin berria egin dadin.

Gora