Sareak

☉ Basauri

Boney M taldeak San Migeleko jaietan joko du urriaren 5ean

|

2018an Aucklanden eskainitako emanaldia // Bruce Manson Theatre

San Migeleko jaietan izango diren kontzertuen berri eman du gaur Mikelats Kultur Elkarteak. Zoo talde valentziarraren ikuskizunaz gain, Radio Revolución, Please (U2ren omenaldi taldea), La última legión orkestra eta Boney M. Bobby Farrell zen taldeko buru eta ikur. 2010eko gabonetan hil zen 61 urterekin.

Aurten, orain arte Mikelats Kultur Elkarteak aurreratu duenaren arabera, ez da euskarazko musika talderik egongo. Jaiak irailaren 28an hasiko dira, baina egun bat lehenago herriko musika taldeen kontzertuak izango direla jakinarazi dute. Kontzertu guztiak Ixatxak parkean izango dira. San Migeleko jaiak irailaren 28an hasi, larunbatez, eta urriaren 6an amaituko dira, igandean.

Honako hauek dira kontzertuen egunak eta orduak:

IRAILAK 27
Herriko musika taldeak

IRAILAK 28 – 23:00
Radio Revolución
ZOO

URRIAK 4 – 22:30
Please (U2ri omenaldia)
La última legión orkestra

URRIAK 5 – 23:00
Boney M
Dj Ruba

☉ Basauri

Soloarte eta Etxegarai ikastetxeak bateratu egingo ditu Eusko Jaurlaritzak

Prozesua 2026-2027 ikasturtean garatuko da. Soloarteko ikastetxea Bigarren Hezkuntzarako institutu bezala mantenduko da eta Lehen Hezkuntzako ikasleak Etxegaraira eramango dituzte

|

Soloarte ikastetxea // Geuria

Eusko Jaurlaritzak adierazi berri duenez, ikastetxeak Bizkaian integratzeko sei prozesu bultzatuko ditu, “hezkuntza-proiektuak indartzeko eta segregazioari aurre egiteko”.

Besteak beste, neurri honek Soloarte ikastetxeari eragingo dio. Izan ere, Hezkuntza Sailetik zehaztu dutenez, Soloarte eta Etxegarai ikastetxeak bateratuko dituzte.

“Soloarteko ikasleak pixkanaka berrantolatuko dira Jose Etxegarai ikastetxerantz”, esan du gaur goizean Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hau da, Soloarteko Lehen Hezkuntzako ikasleak Etxegaraira eramango dituzte.

Soloarteko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Hezkuntza Sailak adierazi du Soloarten bertan mantenduko dutela. Hortaz, ikastetxe integral izatetik institutu izatera igaroko da.

Irakasleei dagokienez, lanpostu finkoa daukatenek jarraituko dute euren jarduna. Prozesua 2026-2027 ikasturtean garatuko da.

“Errealitate partekatuak”

Hezkuntza Sailetik zehaztu dutenez, iragarritako prozesuak Bizkaiko hainbat ikastetxek partekatutako errealitatean oinarritzen dira, “hala nola, hezkuntza-konplexutasunaren indize altuak, ikasleen osaera sozioekonomikoaren desorekak, matrikulazioen eta taldeen galera jarraitua eta matrikula oso baxuak, kasu batzuetan 60 ikasletik beherakoak”.

Egoera horren aurrean, Hezkuntza Sailak hurbileko ikastetxeak integratzearen alde egin du, “hezkuntza-komunitate zabalagoak eta kohesionatuagoak sortuz, hezkuntza-baliabideak eta kalitatezko hezkuntza-proiektuak eskaintzeko gaitasun handiagoa dutenak”.

Ikuspegi pedagogikotik, integrazio horien helburua da ikasleek ikasteko eta elkarrekin bizitzeko aukera gehiago izatea. “Gela batean, adibidez, 5 haur baino ez daudenean, ikaskideen arteko hartu-eman gutxiago dago, eta zailagoa da taldean lan egitea edo proiektuak garatzea. Integrazioarekin, talde anitzagoak eta orekatuagoak sortzen dira, harremanak zabaltzen dira eta ikasleen ongizatea indartzen da, irakasle-talde egonkorragoekin eta laguntza gehiagorekin”, dio Pedrosak.

12 ikastetxe

Basauriko Soloarte eta Etxegarai ikastetxeak bateratzeaz gain, Bilboko, Getxoko eta Leioako beste ikastetxe publikotan ere garatuko ditu prozesuak Eusko Jaurlaritzak. Guztira, 12.

Bilbon, Ingeniero Orbegozo eta Gabriel Aresti, Tomas Camacho eta Maestra Isabel Gallego Gorria, eta Deusto HLHI eta Deustuko Ikastola bateratuko dituzte.

Getxon, Larrañazubi eta San Ignacio integratuko dituzte, eta Leioan, Lamiako eta Artaza Piñueta.

Begoña Pedrosa sailburuak azpimarratu duenez, “ez dira bat-bateko erabakiak, aldez aurretik egindako azterketa- eta elkarrizketa-lan baten emaitza baizik. Lan horretan, bilerak egin dira zuzendaritza-taldeekin, klaustroekin eta familia-elkarteekin”.

“Lehentasuna beti da ikasleen interes hezitzailea eta proiektu partekatuak eraikitzea, prozesu osoan hezkuntza-komunitateei entzunez eta lagunduz”, gaineratu du Pedrosak.

Hezkuntza Sailak lanean jarraituko du, baita udalekin koordinatuta ere, hezkuntza-azpiegituren etorkizuneko erabileraren plangintzan, udalerri bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzu publikoko espazioak izaten jarrai dezaten.

Osorik irakurri

☉ Basauri

5.000 biztanle galdu ditu Basaurik azken bi hamarkada hauetan

Gaur egun 40.323 biztanle ditu Basaurik. Industria-osteko eraldaketa eta zahartzea dira udalerriaren bilakaeraren arrazoi nagusiak

|

2001etik 2025era 5.000 biztanle galdu ditu Basaurik eta gaur egun 40.000 inguruan dago // Geuria

Basaurik 40.323 biztanle ditu 2025eko urtarrilaren 1ean, Eustatek publikatu berri dituen azken datuen arabera. Kopuru horrek berresten du udalerriaren beherazko joera demografikoa; izan ere, 2001ean 45.000 lagunetik gora izatetik gaur egun 40.000 biztanle inguruan egonkortzera igaro da.

2001etik 2010era arteko hamarkadan galera nabarmena izan zuen herriak, industria-osteko trantsizioarekin batera, eta 2010etik aurrera beherakada moteldu egin bada ere, ez da oraindik joera iraultzeko gai izan.

Hego Uribe eskualdean Basaurik jarraitzen du biztanle gehien izaten. Zazpi kilometro karratuko azalerarekin, Bizkaiko udalerri populatuenetakoa da: kilometro karratu bakoitzeko 5.801,8 lagun bizi dira. Hau da, azalera txiki batean biztanleria-dentsitate handia du. Eta horrek baldintzatzen du eguneroko bizitza: etxebizitzen prezioa, espazio publikoaren erabilera, mugikortasuna eta zerbitzuen eskaera.

Eskualdeko gainerako udalerriei erreparatuta, biztanleria egonkortu da edo hazkunde apalak eman dira 2001etik 2025era bitartean. Etxebarri izan da nabarmen gehien hazi dena (7.211 biztanletik 11.901ra); Arrigorriagan egonkortze-joera eman da (10.583tik 11.680ra); eta Ugao, Zaratamo eta Zeberio bezalako herrietan mantendu egin da biztanleria (Ugaon 4.100 inguru; Zaratamon 1.600; eta Zeberion 1.000). Galdakaoren kasuan, biztanleria jaitsi da, baina arrazoia da Usansolo udalerri independiente bihurtu zela 2023an; datuak datu, 2025ean Galdakaok 24.788 biztanle ditu (2001ean 29.300) eta Usansolok 4.591 (2024an 4.576).

Gero eta zaharragoa

Eustatek emandako egungo datuen arabera, Basauri “herri zaharra” da. Testuinguru horretan, 65 urtetik gorakoen hazkundea da joerarik nabarmenena. 2025eko urtarrilaren 1eko datuen arabera, 11.293 biztanle dira 65 urte eta gehiagokoak (% 28).

Adinekoen taldea handituz doa urtez urte, eta gaur egun Basauriko biztanleen ia herena dira. Alderaketa ikusteko, 2011ean % 18a zen 65 urteko edo goragoko biztanleria Basaurin eta tendentzia goranzkoa izaten jarraitzen du. Zahartze prozesu honek eragin zuzena du gizarte-zerbitzuetan, osasun arretan eta mendekotasunarekin lotutako baliabideetan, eta Udalak datozen urteetan aurre egin beharko dion erronka nagusietako bat da.

Alderantzizko joera dute 20 urtetik beherakoek. Belaunaldi berriak gero eta gutxiago dira, eta horrek agerian uzten du jaiotza-tasen beherakada iraunkorra. Datuei erreparatuta, 0 eta 19 urte bitarteko adin tartean 5.850 lagun bizi dira Basaurin (% 14,5). Gazteen presentzia ahultzeak ondorio sozialak ere baditu: aisialdi eskaintza egokitzeko beharra, etxebizitza politikak gazteentzako erakargarri egitea, eta lan-aukera berriak sortzeko premia. Eta, bide horretan ere Udala lan egiten ari da.

Beste aldaketa garrantzitsu bat da atzerrian jaiotako biztanleen gorakada. 2000ko hamarkadaren hasieran oso kopuru txikia bazen ere (% 1,33), gaur egun Basauriko kaleetan gero eta ohikoagoa da beste herrialde batzuetan jaiotako jendea ikustea (% 13,40). Atzerrian jaiotako biztanleen gorakada honek neurri batean arindu du biztanleriaren beherakada, eta aniztasun handiagoa ekarri dio herriari.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Fede Saiz basauriarra eta Basconiako futbol jokalari ohia hil da

1957tik 1963ra bitartean jokatu zuen Saizek Basconian, taldeak bere urrezko garaia bizi izan zuen garaian

|

Fede Saizek CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen // Bidebieta

Fede Saiz Goiria basauriarra eta CD Basconiako futbol jokalari ohia hil da. Urtarrilaren 14an zendu zen Galdakao-Usansolo ospitalean 91 urte zituela.

Hileta gaur, urtarrilak 20, izango da 18:30ean Arizko elizan.

Saiz ezaguna da Basaurin, batez ere, Basconia Futbol Taldeko jokalaria izan zelako 1957tik 1963ra bitartean, 22 eta 27 urte bitartean zituenean.

Garai haietan, hain zuzen, Basconiak bere urrezko garaia bizi izan zuen: Bigarren Mailara igo zen eta 1957tik 1963ra bitartean mailari eustea lortu zuen. Hori gutxi, eta zale basauriarren artean arrasto ahaztezina utzi zuten kopa kanporaketetan parte hartu zuen, Atletico de Madriden eta Bartzelonaren aurka.

Besteak beste, 1961-1962 denboraldian Jose Angel Iribarrekin jokatu zuen Saizek.

CD Basconiaren mendeurrenari buruzko dokumentalean parte hartu zuen Saizek. Dokumentala 2014an publikatu zuen Basconia Ehun Urte batzordeak: Jon Villapun Arbide izan zen dokumentalaren zuzendaria eta Maider Ibañez Espinosaren laguntza izan zuen. Hau da dokumentalaren trailerra, Bidebietak publikatutakoa:

Osorik irakurri

☉ Basauri

Zurrumurruen aurkako urteko topaketa egingo dute larunbatean Basaurin

Urtarrilaren 24an izango da topaketa San Migeleko Taberna Nagusian. “Gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote antolatzaileek

|

Topaketa San Migeleko Taberna Nagusian izango da urtarrilaren 24an // Amekadi

Zurrumurruen Aurkako Topaketa antolatu dute urtarrilean Basaurin. Hilaren 24an, larunbatez, izango da San Migeleko Taberna Nagusian, 10:00etatik 13:30era.

‘Nola bizi gara kulturarteko taldeetan?’ izango da topaketaren gai nagusia: “Inoiz pentsatu al duzu nola erlazionatzen garen kulturarteko espazioetan? Zer egin dezakegu ahalik eta berdintasunezkoenak izan daitezen? Nola ekidin dezakegu dinamika diskriminatzaileak sortzea?”, galdegin dute Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareko arduradunek.

Topaketa Rosario Schmidt eta Leticia Urretabizkaia formatzaileek gidatuko dute, eta gai horien inguruan hausnartuko dute parte hartzaileek.

“Topaketa hau gogoeta egiteko, ikasteko eta espazio bidezkoago eta inklusiboagoak eraikitzen jarraitzeko aukera paregabea izango da”, diote, eta gaineratu dute: “Basauri abegitsuago baterantz elkarrekin bidaiatzen jarraitu nahi dugu”. Amaieran luntxa egongo da.

Topaketan parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute amekadi@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo 606 050 662 telefono zenbakira deituz.

Basauriko Zurrumurruen Aurkako Sareak antolatzen du topaketa, Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri

Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute

|

Gizarte Zerbitzuetan inbertsio handiena egiten duen EAEko bigarren udalerria da Basauri, Zarautzen atzetik.  Zehazki, Basaurik 243,98 euro bideratzen ditu biztanle bakoitzeko arlo horretara,  Estatuan batezbestekoa den 106,48 euroko kopurua nabarmen gaindituz. Aztertutako 404 udalerrietatik, 27k bakarrik betetzen dituzte  finkatutako gizarte-arloko bikaintasun irizpideak.

Datu hauek 20.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituzte kontuan, eta Basauri estatuko 14. postuan kokatu dute. Kalifikazio hau lortzeko, elkarteak hiru baldintza tekniko aztertzen ditu: gizarte-gastua biztanleko 100 eurotik gorakoa izatea, aurrekontu osoaren %10 baino gehiago ordezkatzea eta aurreko urteko partidarekiko murrizketarik ez egitea.

2026rako aurrekontuaren banaketa

Datu ekonomiko horiei jarraipena eman die Udalak 2026ko aurrekontu-proiektuan. Urte honetarako, 10,8 milioi euroko partida onartu da Gizarte Zerbitzuen arlorako. Inbertsioei dagokienez, honako proiektu hauek jasotzen dira:

  • Adinekoak eta Berdintasuna: Arlo hauetako partidek %5eko igoera izango dute, etxez etxeko laguntza eta prebentzio programak indartzeko asmoz.

  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak: Gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei zuzendutako zuzeneko laguntzak bere horretan mantenduko dira.

Gizarte-politikara bideratutako kopuru horrekin, Basauriko Udalak “bikaintasun” kalifikazioa jaso duten estatuko 37 udalerrien taldean jarraitzen du.

Udal gobernuaren arabera, inbertsio horren helburua zerbitzuen kalitatea bermatzea eta gizarte-kohesioa sustatzea da. Asier Iragorri Basauriko alkatearen hitzetan, “adinekoak, kolektibo zaurgarriak, babesgabetasun-egoeran dauden adin txikikoak, indarkeria matxistaren biktimak eta emakumeak dira aurrekontuaren jasotzaileak, eta inbertsio errekorra da”.

Osorik irakurri