→Basauri

Bosgarren edukiontzia udalerri osoan ezarriko du Udalak urte amaieran

basauri konpost edukiontzia 2014

Gaur egun 700 familia inguruk erabiltzen du materia organikoa birziklatzeko edukiontzia. Azaroa eta abendua bitartean udalerri osora hedatuko da zerbitzua.

2014an Basauriko Udalak zabaldu zuen kanpaina // Geuria

Pozokoetxen eta San Migelen izan duen harrera ona ikusita, materia organikoa biltzeko bosgarren edukiontzia udalerri osora zabalduko du Udalak urte amaieran. “Zerbitzua azaroaren 15etik abenduaren 10era bitartean martxan jartzea aurreikusten dugu“, dio Andoni Busquet alkateak.

Herritarrak sentsibilizatzeko eta informatzeko kanpaina egingo du Udalak. Berau ezartzeko 80.000 euroko diru laguntza jasoko du Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. Era berean, Espainiako Nekazaritza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Miniesterioak 26.446 euro eman dizkio Basauriri, Ingurumena Sustatzeko Planaren kontura (PIMA Residuos).

Udal arduradunen asmoa da Basauriko familien %25ak bat egitea kanpainarekin (Pozokoetxeko eta San Migelgo familiak kontuan hartu gabe). Modu horretan, sisteman alta emango luketen familiak 3.022 lirateke. 

Duela gutxi formalizatu du Udalak hondakin organikoen gaikako bilketa egiteko beharrezkoak diren 70 edukiontzien hornidura-kontratua, 54.229,18 euroan.

700 familia inguru

Sagarrak ekologista taldeak informazio kanpaina eta sinadura bilketa jarri zuen martxan joan den urtarrilean -osoko bilkuran bosgarren edukiontzia zabaltzeko proposamena aurkeztu ondoren- hondakin organikoen gaikako bilketa Basauriko auzo guztietara zabal zedin. Gaur egun 700 familia inguruk -lautik batek- gai organikoak birziklatzen dituzte Pozokoetxen eta San Migelen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak