→Basauri

Bridgestone zigortu dute askatasun sindikalerako eskubidea urratzeagatik

basauri bridgestone

ELA sindikatuak demanda jarri zuen Bridgestoneren aurka eta epaiak adierazi du enpresak sindikatuari ordaindu beharko dizkiola eragindako kalteak.

ELA sindikatuak demanda jarri zuen Bridgestoneren aurka eta epaiak adierazi du enpresak sindikatuari ordaindu beharko dizkiola eragindako kalteak

Bilboko Lan-arloko 9. epaitegiak Basaurin errotuta dagoen Bridgestone enpresa zigortu du, askatasun sindikalerako eskubidea urratu duela ondorioztatu eta gero. Hain zuzen, ELA sindikatuak demanda jarri zion Bridgestone enpresari, “urtarriletik hasita langileenganako presio metodoak erabiltzeagatik“. Gauzak horrela, epaitegiak babesa eman dio ELA sindikatuaren demandari eta ondorioz, Bridgestonek eragindako kaleak ordaindu beharko dizkio sindikatuari: 500 euro, alegia.

“Negoziazio kolektiboan Bridgestonek lortu nahi zuena lortu ezin zuela ikusita, enpresak jardueran geldialdiak planteatu zituen, betiere, langileengan eragiteko asmoz eta beharginen ordezkarien lana gutxiesteko”, diote ELA sindikatutik.

ELAren iritziz, epai honek negoziazio kolektiboaren normalizazioan lagundu beharko luke, “bai Bridgestone enpresan, baita gainontzekoetan ere“. “Gure ustez oinarrizkoa da enpresetako zuzendaritzek langileen ordezkariak errespetatzea. ELAren zerbitzu juridikoen lanari esker lortutako epai honek ateak ireki ditu bide horretan aurrera egiteko“, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak