→Basauri

“Catak ez du Edesako langileentzako lan eta industria planik oraingoz”

Basauri Edesa 2014

Edesaren egoerak airean jarraitzen du. Uztailaren 29an jakin zen Pedro Malagón epaileak Kataluniako Cata enpresari aitortu zizkiola Fagor Etxetresnen aktiboak 42,5 milioiren truke. Catak orduan azaldu zuenez, Basauriko lantegiaren jarraikortasuna bermatzen zuen, Fagor, Aspes eta Splendid markek bezala. Hala ere, Edesako langile ohiek ez dakite oraindik zein den euren etorkizuna. “Ez dugu Cataren proiektua ezagutzen”, adierazi du Edesako bazkideen bozeramaileak.

“Cata ez da gurekin harremanetan jarri. Baina lehentasuna ez da hori, baizik eta Catak argi izatea zein industria plan duen Fagor osatzen zuten enpresentzat. Edesaren aldetik, industria plana zein den jakin gabe jarraitzen dugu, baina”. Abuztuan, enpresa katalanak adierazi zuen urrian jarriko zituela martxan Eskoriatza eta Garagartzako plantak, eta gainontzekoak -Edesa barne- azaroa eta martxoa bitartean. Edesako bazkideen esanetan, “Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiak ireki zain gaude, eta gero gurearen txanda etorri beharko luke. Fagor-Edesako langile ohiak gara eta langile gehiago behar dituztenean, gu gaude aurrenekotarikoak zerrendan”.

Era berean, Basaurin termoak berriro ekoiztuko zirela aitortu zuen Catak abuztuan. Hala ere, bazkideen ordezkariek diotenez, “planen bat izango balute, dagoeneko langileok eta Bizkaiko Foru Aldundiak horren berri izango genuke. Edesa irekitzeak zailtasunak izango zituela bagenekien, horregatik, Catari hitza betetzeko besterik ez diogu eskatzen”.

BAGENEKIEN EDESA IREKITZEAK ZAILTASUNAK EKARRIKO ZITUELA
Edesako Bazkideon Defentsan Elkartea

Joan den irailaren 14an Edesako bazkide ohiek, Edesako Bazkideon Defentsan Elkartean bildurik, batzarra egin zuten, Basauriko fabrikarekiko “erabateko blokeo egoera” aztertzeko. Ondorio nagusietako bat honako hau izan zen: Edesako kolektiboa “bazterketa lotsagabea” pairatzen ari dela Lagun Aron kotizatzen ari direnekin alderatuta. “Guk ez dugu Lagun Aron kotizatzen; beraz, langabezian ez dugu kosterik. Ondorioz, kooperatibismoak oinarritzat hartzen duen solidaritatea guztiz baztertzen dute”, azaldu dute langile ohiek.

Catak Edesako zenbait langile elkarrizketatu zituen lanpostu batzuk eskaintzeko asmoz. Hala ere, irailaren 17an agertu zuen bezala, enpresa katalanak zalantzak ditu Edesako ekoizpena Basaurin mantentzearen inguruan, batik bat, “Edesa ez delako eraikinaren jabe”. Hortaz, posible da datorren urtea heldu aurretik Catak eraikina bera enkantean jartzea eta fabrika Euskal Herriko beste leku batera eramatea. Basauriko Edesako langile ohiak horren beldur dira, “erabaki horrek Basauriko planta betiko desegituratuko lukeelako”.

Horrekin arduratuta, Basauriko Udalak bilera eskatu dio Catari, udalerrian duen lantegirako aurreikusitakoaren berri bertatik bertara jasotzeko eta zehaztasun gehiago eman ditzan “lantegirako darabilten etorkizuneko proiektuari eta negozio-ideiari buruz”.
Bilera eskaera horrek Udaleko alderdi politiko guztien babesa jaso du. Horrez gain, Udalak beharrezko laguntza guztia emango dio Fagorren aktiboen talde esleipendunari, ekoizpena Basaurin manten dezan: “Edesa garrantzi eta ospe handiko enpresa da gure eskualdean. Gainera, industria- eta lan-jarduera berton mantentzearen alde agertu izan da beti”.

 

EUSKO JAURLARITZAK “PAZIENTZIA” ESKATZEN DU
Arantza Tapiak, Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak, “pazientzia” eskatu die Edesako langile ohiei, “Catak bai baitu eurentzako proiektu bat”. Tapiaren iritziz, “datozen hilabeteetan irtenbide berriak aterako dira. Hori dela eta, langileek proposamenaren berri jakingo dute datozen egun edo asteetan”.

Aitzitik, Edesako langile ohien esanetan, “lasai egon behar badugu egongo gara; baina, oraingoz Catak ez du Edesarako planik. Bestela, nola izan dezake plan bat langilei eta Aldundiari aurkeztu barik?”.

Gora