→Basauri

CNAko ekoizpen helburuak lortzetik gertuen izan den proiektua da Edesa

basauri edesa 2015 lantegia itxita

Makinen tokialdatzearen gastu handiak eta, lekuz aldatuz gero, ekoizpen handia ezin mantentzeak ezbaian jar lezake Edesa Basauritik kanpo eramatearen plana

Makinen tokialdatzearen gastu handiak eta, lekuz aldatuz gero, ekoizpen handia ezin mantentzeak ezbaian jar lezake Edesa Basauritik kanpo eramatearen plana

Emaitza onek ez dakarte halabeharrez etorkizun oparoa, baina bai esperantza. Hala ere, zuhurtzia da nagusi Basauriko Edesan. Joan den hileko osoko bilkuran, EH Bilduko Jon Bizkarguenaga zinegotziak Andoni Busquet alkateari galdegin zion ea ba ote zuen Edesaren inguruko berririk eta honek erantzun: “CNA taldearen helburuak betetzeko gertuen ibili den proiektua izan da Edesa. Ehuneko ehunean bete ez baditu ere, gainontzekoekin alderatuta, emaitzak onak izan dira. Horrek guztiak, nolabait, langile taldeak egindako lanari arrazoia ematen dio”.

Ekoizpen maila bermatzea

Azken egunotan prentsan agertutako albisteei buruz, Busquetek dio argitaratu diren gauza batzuk soilik direla egia: “CNAren bertsio ofiziala ez da aldatu eta jarraitzen dute esaten lantegia hemetik eramateko asmoa dutela. Gure ustez, zuhurtziaz jokatu behar dugu kontu estrategikoa baita gu guztiontzat”. Dena den, bi gako nagusi aipatu zituen alkateak: “Egia da makinen leku aldatzea garestia dela eta, egia da ere bai, geroari begira, posible dela leku aldatzea eginez gero, ezinkoa izatea ekoizpen maila handia bermatzea, beti ere leku aldatzea nora egiten dutenaren arabera, jakina”.

Iazko urte bukaerarako zuten aurreikusita lantegiaren tokialdatzea, baina maiatzean gaude eta Edesak Basaurin lanean dihardu. Bizkarguenagaren hitzetan, “egun 30 bat langile daude fabrikan eta 12 dendan. CNAk aurreikusten zituen 65 langileetatik urrun, are gehiago Fagorren erosketaren aurreko 230ekin”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak