→Basauri

Cristian Ganea Athleticeko jokalariak Numantzian jokatuko du denboraldi amaierara arte

Numantziak eta Athleticek akordioa lortu dute eta Cristian Ganeak Soriako taldean lagatuta jokatuko du denboraldi bukaerara arte.

Levanteren aurka debutatu zuen Ganeak ligan / Athletic Club

Numantziak eta Athleticek akordioa lortu dute eta Cristian Ganeak Soriako taldean jokatuko du lagatuta denboraldi bukaerara arte, hau da, ekainaren 30era arte. 2018ko urtarrilean fitxatu zuen Athleticek Basaurin hazitako Cristian Ganea (Bristita, Errumania, 1992), FC Viitorul Errumaniako taldean jokatzen ari zela, baina denboraldia bukatu arte ez zen Euskal Herrira itzuli. Athleticen 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 denboraldietarako dauka kontratua, denboraldi gehigarriaz luzatzeko aukerarekin.

HASIERA ZAILA
Ganeak ez du Athleticen amestutako hasiera izan.  Berizzorekin bi partida jokatu zituen, kopako bat San Mamesen Huescaren aurka, eta ligako beste bat Levanteren aurka. Garitanorekin ez du aukerarik izan.

Ganea 11 urterekin heldu zen bere familiarekin Basaurira eta bertan hazi zen futbolari bezala, hasieran Basconian (kadete mailan) eta ondoren Indartsun (gazte mailan). Balear Uharteetan jokatzen ibili eta gero (RCD Mallorca eta CE Santanyí) Errumaniako taldeetan izan da orain arte (ASA Trgu Mures -2013-, CS U Craiova -2013-2014-, Sageata Navodari -2014-, FC Braşov -2015- eta Viitorul Constanța -2015-2018-). Euskal Herriko Futbol Selekzioan ere ibilia izan da: 2010eko apirilean 18 urtetik beherako Euskal Selekzioan izan zen autonomia erkidegoen arteko txapelketan, Murtzian. Errumaniako Selekzio absolutuarekin ere badabil iazko ekainetik.

Numantzia Futbol Taldean bi basauriar izango ditu zain Ganeak. Batetik, Aritz Lopez Garai entrenatzailea eta bestetik, Unai Medina jokalaria (Basauri, 1990). 2015ean iritsi zen Numantziara Medina, Alavesetik pasa ondoren. Bere ibilbidea Basconian hasi zuen eta Bilbao Athletic, Barakaldo eta Alaves taldeetatik igaro ondoren, Soriako taldean ari da orain.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak