→Basauri

“Danbolin Txistulari Elkartean txistuari beste ikuspegi bat ematen ahalegintzen gara”

basauri danbolin kalejira 2010

2015ean Danbolin Txistulari Elkarteak 30. urteurrena ospatuko du. Apirilean kontzertu berezia eskainiko dute Social Antzokian eta eurekin batera hainbat kolaboratzaile igoko dira eszenatokira.

1985eko martxoa. Data horretan sortu zen irabazi asmorik gabeko Danbolin Txistulari Elkartea, Indar­tsu, Edurre eta Agintzari Dantza Tal­deetako txistularien elkartzea gau­zatu zenean. Ordutik hona 30 urte igaro dira eta oraindik Basauriko eta inguruko herrietako kaleak txis­tuaren doinuaz alaitzen dituzte. Ur­teurrena ospatzeko, apirilaren 18an kontzertua eskainiko dute Social An­tzokian.

50. hamarkadan “entzutez” jo­tzen zuten bizpahiru txistulari zeu­den Basaurin eta Rafa Colás klari­nete jolearen ardurapean txistulari talde txikia sortu zen. Garai horretan San Migelen ere beste talde bat sor­tu zen: Patxi Ibarra bizilagunak -mor­gatarra jaiotzez- txistuaren eta dan­bolinaren trebetasuna irakasten hasi zen. “Rafa zein Patxi ezinbestekoak izan ziren Indartsu eta Edurre Dan­tza Taldeen sorreran eta 80. hamar­kada hasierara arte txistua jotzen irakatsi zuten San Migel eta Ariz au­zoetan”, dio Imanol Pagola Danbolin Txistulari Elkarteko lehendakariak. 1975. urtean Pozokoetxe auzoan Agintzari Dantza Taldea eratu zen. Hala, euskal folkloreko hiru talde basauriarretan berrogehi txistulari inguru zeuden 80. hamarkadan.

Hala ere, baliabide eta irakas­le eskasia zela eta, txistu irakaskuntzaren etorkizu­na kolokan jarri zen eta 1983an hiru dantza taldee­tako txistulariek Basauri­ko Udalari solfeoa, txistua, danbolina, silbotea eta ata­bala irakasteko elkartea sortzea pro­posatu zioten. Urte hartako abuz­tuan izan ziren uholdeen ondorioz, 1985era arte atzeratu zen Basauriko Udal Txistu Eskolaren sorrera. Esko­la horri esker, ikastetxeetan klaseak antolatzen hasi ziren eskolaz kan­poko ekintza moduan. Horiek horre­la, “alde batetik banda zegoen eta beste alde batetik txistua irakasteko eskola”, dio Pili Castro zuzendariak. 1994. urtean elkarte ofizial moduan sortu zen Danbolin Txistulari Elkartea.

Basauriko Musika Eskola mar­txan jarri zenean, Danbolin elkartekoek erabaki zuten txistua irakasteari utziko zio­tela: “Izan ere, Musika Esko­lan profesionalak daude eta bertan txistua ondo ikasteko errekurtso gehiago egon­go zirela pentsatu genuen. Orduan erabaki genuen banda ba­karrik izan behar genuela”, dio Cas­trok. Azken urteotan ikasle kopurua txikiagotu bada ere, Txistulari Taldea egonkor mantendu da eta gaur egun 30 lagun inguru daude: “Gazteenak 25 urte ditu eta helduenak 60 urte”, dio Aitor Ogiza kideak.

Danbolin Txistulari Elkartearen erronka nagusia Musika Eskolako ikasleek euren ikasketak amaitu ondoren bandara salto egitea da: “Horren alde lan egiten ari gara. Adi­bidez, Social Antzokian emango du­gun emanaldian Eskolako hainbat ikaslek parte hartuko dute”.

GAUR EGUNGO MUSIKARA MOLDATUZ

Aitor Ogiza txistulariaren iritziz, gure eskualdean euskal folklorearen egoera ez da orain dela urte batzue­tako berbera: “Lehen ume eta gazte gehiagok ematen zuten izena dan­tza taldeetan, baina gaur egun ikasle kopurua murriztu egin da”. Eskolaz kanpoko ekintza aukera ugari da­goela argudiatu du Pili Castrok, “es­kaintza zabalagoa izatean, normala da euskal folklorea irakasten duten lekuetan jende gutxiago egotea”. Hala ere, Imanol Pagolak argi izpia ikusten du: “Basaurin hiru dantza tal­de ditugula azpimarratu behar dugu. Gainontzeko hiriekin edo herriekin konparatuta, Basauri oso berezia da”.

Egoera horren aurrean, Danbolin Txistulari Elkartean txistuaren mun­duari beste ikuspegi bat ematen ahalegintzen dira: “Euskal musika lantzen dugu, baina beste motatako musika ere jotzen dugu. Gaur egun­go musikara egokitzen dugu txistua­ren doinua. Adibidez, apirileko kon­tzertuan tango bat eta soinu banda bat joko ditugu, besteak beste”.

Pili Castroren esanetan, “txis­tua zaletasuna da guretzat. Ez gara profesionalak, gu ez garelako txistua jotzetik bizi. Doan egiten dugu gure lana, eta Udaletik edo ekitaldi baten truke jasotzen dugun dirua elkarte­ko gauzetarako erabiltzen dugu”.
_______________

30 URTE HERRIGINTZAN EMANALDIA SOCIAL ANTZOKIAN

2010 Auri Auri

Danbolin Txistulari Elkartea 2010. urtean

Egitaraua guztiz zehazteko zer­tzelada pare bat falta den arren, 30. urteurrena ospatzeko eki­taldi berezi bat prestatu dute: apirilaren 18an Social Antzokian es­kainiko dute kontzertua. “Hiru zatitan banatuko dugu emanal­dia: Danbolin Txistulari Elkar­teak zati bat egingo du, beste zati bat gonbidatu bezala eto­rriko den Berriozarreko Doinua bandak eskainiko du eta azke­nik -zatirik politena seguras­ki- bi taldeen arteko nahasketa egingo dugu. Joan den urtean eurekin egin genuen elkartru­kea eta aurten eurak Basaurira etorriko dira”, dio Pili Castrok.

Era berean, kontzertuan zehar, bai Danbolinen zatian bai Doinua bandarekin batera egingo duten zatian, kolabora­tzaileak izango dituzte: pianoa, soinua, kontrabaxua, Basauri Koral Elkartea eta Zirzira abesbatzak, Agintzari, Basauritar eta Edurre Dantza Taldeak, Bizkaiko Gaite­roak eta Musika Eskolako ikas­le batzuk, besteak beste: “Oso ikuskizun polita izango da, behin bakarrik egingo dugula­ko”.

Social Antzokiak berak pres­tatu du “30 urtez herria eginez” lema eta kartela. “Sorpresa izan da guretzat. Guk ez genuen horren berri eta oso gustura gelditu gara hautatu duten le­marekin”, dio Imanol Pagola lehendakariak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak