→Basauri

Edesa indartzeko 27 milioi eskaini ditu Amica enpresa poloniarrak

basauri edesa lantegia 2014

Akordioa gauzatzen bada, 140 lanpostu mantenduko lirateke eta hiru urtetan 200 langileak gainditzeko aukera izango lukete Basauriko eta Eskoriatzako lantegietan.

Edesa lantegiko sarrera, Basaurin // Geuria

Akordioa gauzatzen bada, 140 lanpostu mantenduko lirateke eta hiru urtetan 200 langileak gainditzeko aukera izango lukete Basauriko eta Eskoriatzako lantegietan

Amica Group Poloniako konpainiak 26,8 milioi euroko eskaintza egin du, Edesa eta Geyser enpresetako ekoizpen lerro zehatz batzuk bereganatzeko. Hain zuzen ere, ‘lerro zuriaren’ ekoizpena bereganatzea eta produktuak merkaturatzeko ardura hartu du enpresa poloniarrak: sukaldeak (labeak, plakak, sukalde independenteak, ke-kanpaiak, mikrouhin-labeak eta osagarriak), hozteko elektrotresnak (hozkailuak eta izozkailuak), garbiketarako elektrotresnak (ikuzgailuak eta lehorgailuak) eta ontzi-garbigailuak.

Edesako zuzendaritzaren hitzetan, akordioa gauzatzen bada, 140 lanpostu mantenduko lirateke eta 3 urtetan 200 langileak gainditzeko aukera izango lukete, “industria eta merkataritza jarduera Euskadin mantenduz“.

Gaur egun hartzekodunen konkurtsoan daude bai Edesa bai Geyser, Edesa Industrial enpresak 2017ko urriaren 27an Donostiako epaitegietan eskaera egin ondoren. Modu horretan, “aldez aurretiko hitzarmen proposamena” dela azaldu du Edesako zuzendaritzak. CNA taldeko iturriek jakitera eman dutenez, proposamen honek ez du esan nahi Amica Groupek Edesa Industrial eta Geyser erosiko dituenik, ezta konpainiako bazkide bihurtuko denik ere, soilik “lerro zuriko” ekoizpenak bereganatuko lituzkeela. Amicaren eskaintza behin betiko onartua izan dadin, gainerako babesak jasotzeko epea zabaldu behar du orain konkurtsorako administratzaileak. Babesa lortzen baldin badu, hartzekodunen konkurtsoa amaituko litzateke.

Gora