→Basauri

Edesa Kooperatibak 9,9 milioi euro zor dizikio Bizkaiko Foru Ogasunari

basauri edesa lantegia 2014

Fagor Kooperatibak bere aldetik 15,9 milioi euroko zorra ordaindu beharko dio Gipuzkoako Foru Ogasunari. Datuok ikusgai daude Aldundien webguneetan

Euskal Autonomia Erkidegoko Foru Ogasunek zor handiak dituztenen zerrendak publiko egin dituzte lehendabiziko aldiz. Hain zuzen ere, milioi bat eurotik gorako zorra duten enpresen eta norbanakoen zerrendak argitaratu dituzte eta gehienez ere hiru hilabetez izango dira ikusgai Foru Ogasunaren web orrietan.

Bizkaiko Foru Ogasunak argitaratu duen zerrendaren arabera, Edesa Kooperatiba Elkarteak 9.943.023,32 euroko zorra ordaindu behar du. Era berean, Edesaren gainetik dagoen Fagor Kooperatibak 15.969.698,17 euro zor dizkio Gipuzkoako Foru Ogasunari.

Iruzurraren aurkako Plana

Joan den apirilean onartu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek zordun handien zerrendak publiko egiteko erabakia, Iruzurraren aurkako Planaren barruan. Zerrendak urtero berrituko dituzte. Datorren urteko ekainean zerrenda berriak plazaratuko dituzte, Foru Ogasunek aurtengo abenduaren 31n izango dituzten datuak kontuan hartuta.

Sarean ikusgai dauden hiru zerrenden arabera, guztira 237 norbanako eta enpresa azaltzen dira -gehienak enpresak dira-: Bizkaian 149, Gipuzkoan 62 eta Araban 26. Orotara, 664,2 milioi euroko zorra pilatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

Edesaren etorkizuna

Gogoratzea 2014an erosi zuela CNA Group talde katalanak Fagor, eta berarekin batera Edesa. 2015ean martxan hasi zen berriro Basauriko fabrika. Egun 30 bat langile daude fabrikan eta 12 dendan. CNAk aurreikusten zituen 65 langileetatik urrun eta, are gehiago Fagorren erosketaren aurreko 230 langileekin alderatuz gero. Horiek horrela, iazko urte bukaerarako zuten aurreikusita lantegiaren tokialdatzea Bizkaitik Gipuzkoara, baina oraingoz Edesak Basaurin lanean dihardu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak