→Basauri

Edesaren inguruko eskaintzak betetzea eskatu dio Basauriko Udalak Catari

basauri edesa lantegia 2014

Basauriko Udalak Catari eskatu dio “aitzakiak alde batera utzi, Edesako lantegia bereganatu eta lehenbailehen bete dezala konkurtsoko epaileari aurkeztutako eskaintza”.

Basauriko Udalak Catako zuzendaritzari eskatu dio “aitzakiak behingoz alboratzeko” eta Edesaren lantegia “bereganatu, alokatu edota enkantean” horren truke eskaintza bat egiteko. “Berez, Catak konkurtsoko epaileari aurkeztutako eskaintza bete dezan eskatzen diogu“, diote Basauriko Udaletik. Horiek horrela, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek (EAJ, PSE, BILDU eta PP) bat egiten dute Edesako bazkide eta langile ohiek eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskaera honekin. Izan ere, enpresa katalanak joan den asteburuan foru-erakundeari eskatu zion Basauriko fabrikaren jarduna mantentzeko proposamen bat egitea.

Basauriko ordezkari politikoen ustez, ordea, Jorge Parlade CNA Corporation koordinatzailearen adierazpenak “aitzakia hutsa” besterik ez dira: “Beste batzuen gain utzi nahi dute aktiboak esleitu zitzaizkienean hartu zuten konpromisoa, hau da, Basaurin Edesaren jarduna berreskuratzeko erantzukizuna“. Udaleko ordezkariek adierazi dutenez, “enkantean pabilioiaren trukeko eskaintza egin dezatela, edota adostu dezatela jabeekin hura erostea edota alokatzea, beste leku batzuetan egin duten bezalaxe; eta zehaztu dezatela lehenbailehen Basauriko Edesaren jarduna noiz eta zein baldintzatan abiaraziko duten. Hori da euren eskaintzan hartu zuten konpromisoa“.

Era berean, Basauriko Udalak adierazi du Catari “behin eta berriro” eskaini diola laguntza “lantegia udalerrian mantentzeko“. Eskaintzak bere horretan jarraitzen du, “baina horrek ez du esan nahi eurek konkurtsoan bereganatutako obligazioak geure gain hartu behar ditugunik“.

Gora