→Basauri

Ekoizpen agroekologikoari buruzko hitzaldia eta irteera ekainaren 17an eta 21ean

urduña ekoizpen agroekologikoa bisita

Medellinen eta Urduñan burutzen duten tokiko ekoizpen alternatiboari buruz arituko dira Armando Cano eta Marijo Imaz ekoizleak. Aurkezpena 19:00etan hasiko da Arizko Dorretxean. Irteera ekainaren 21ean izango da.

Sagarrak, Ekologistak Martxan, Dorretxe eta Setem elkarteek kontsumo kanpainaren inguruko hitzaldia antolatu dute: “Tokiko ekoizpen alternatiboa Medellinen eta Urduñan”. Hitzordua ekainaren 17an izango da 19:00etan Basauriko Arizko Dorretxean.

Armando Cano –Penca de Sábila taldeko kidea- eta Marijo Imaz –Ekoizpen Urduña taldeko kidea-  hizlari arituko dira, euren lanaren berri emateko; izan ere, tokiko ekoizpen agroekologiko ekimenetan dihardute Kolonbian eta Euskal Herrian, hurrenez hurren. Talde-antolaketaren eta auto-enpleguaren inguruko euren bilakaera azalduko dute, baita izan dituzten zailtasunak, erronkak eta etorkizunean burutuko dituzten proiektuak ere.

Hitzaldiaren helburua da hain urrun egon eta aldi berean hain antzekoak diren ekoizpen agroekologikoaren alorreko ekimen hauei balioa ematea eta ekimen horiek ikusgarri egitea”, diote antolatzaileek: “Era berean, aukera izango dugu Medellineko kafe organikoa dastatzeko, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioaren Eskola Baristako ikasleen laguntzarekin”.

IRTEERA AGROEKOLOGIKOA URDUÑARA

Ekainaren 21ean, igandez, irteera antolatu dute ekologista taldeek Urduñako ekoizpen agroekologikora. “Ekoizpen Urduña taldean egiten ari diren lanak argi eta garbi erakusten du tradizioa eta modernitatea ez direla bateraezinak. Nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoaren garapenerako Ekoizpen Urduña taldekoen eskutik ikusi ahal izango dugu aipatutako eraldatze hori nola gauzatzen ari den”, diote. Gainera, San Juaneko XI. Azoka bisitatuko dute bertaratutakoek, baita Artomaña ere.

Irteera 09:00etan izango da Basauriko Renfe geltokitik eta 19:15erako itzulera aurreikusi dute antolatzaileek. Izena ematea beharrezkoa izango da. Horretarako eskuragarri egongo dira 944 263 769 telefonoa eta ekologia@sagarrak.org helbide elektronikoa. Txangoaren prezioa 20 eurokoa izango da helduentzako eta 15 euro umeentzako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak