→Basauri

Unai Etxebarria: “Bideoak ikusiz eta ikusiz garatu dut hobeto jotzeko abilezia”

Unai Etxebarria, Atzekabe,

Koldo Etxebarria ‘Kurrux’ du aita Unaik. Berarekin hasi zuen ibilbidea: trikitilari kaleetan, Arizgoiti taldearekin oholtzan eta orain Atzekabe taldean. Iazko udan 25 kontzertutik gora eman zituzten

Txikitatik musika zainetan eraman duen mutila da Unai Etxebarria (Basauri, 1993). Bere aitarekin triki-pandero bikote bezala aritu da Basauriko kaleetan barrena, baita Arizgoiti Erromerian kontzertuak ematen ere.

Noiz hasi zinen musikan?

Urtebeterekin pianoarekin hasi nintzen trasteatzen eta gero hiru urterekin hartu nuen nire lehenengo trikitixa. Aita alboan egonda berarengandik jaso nuen hau jotzeko oinarrizko jakintza, geroztik bakarrik aritu izan naiz bideoak ikusten abilezia hobetzeko eta beste musika-tresna batzuk jotzen ikasteko. Orain kitarra, trikitixa eta panderoa jotzen ditut, baina dudarik gabe, nire grina abestea da, horrek bizia ematen dit eta nire sentimenduak kanporatzeko instrumenturik zuzenena da.

Noiz hasi zinen zure aitarekin jotzen?

Etxean betidanik, batez ere gabonetan edo urtebetetzeetan, baina profesionaltasunez edo, hamalau urterekin hasi nintzen berarekin kalejiretan trikitixa eta panderoa jotzen. Boloa geneukan bakoitzean nire lagunak utzi eta berarekin joateko erantzukizuna hartu nuen; hau ia astebururo errepikatzen zen. Beraz, esan dezaket nire gaztaroa jo eta jo izan dela, musikan sakonki sartuta. Egia esan, denbora gutxi pasatu izan dut lagunekin eta gaur egun ere antzera nabil, baina musika niretzat oso garrantzitsua denez eta horrekin hazi naizenez, ez dut ikusten beste bizimodurik.

Dena den, honi ez diot hainbeste garrantziarik ematen boloekin jende piloa ezagutzen delako eta, beraz, ez naizelako bakarrik sentitzen. Gainera askotan lagun hobeak egiten dira denbora laburrean giro berean sartuta egondakoekin, denbora luzean alboan bizi izan direnekin baino.

Hamazazpi urterekin Arizgoiti Erromeriarekin jotzen hasi nintzen baina bi edo hiru urte baino ez nintzen egon; utzi behar izan nuen nire gauzak ikasteko eta deskantsatzeko astirik ez neukalako. Egun, noizean behin haiekin jotzera gon- bidatzen naute eta pozik parte hartzen dut oso etapa polita moduan gogoratzen dudalako hura.

Bizi izan al duzu beldur eszenikorik?

Bai, gogoratzen dut Basauriko San Fausto batzuetan, hamabost urterekin gutxi gorabehera, aitarekin jo nuela erromerian ordubeteko kontzertu batean eta oso txarto pasatu nuela, baina geroztik zorionez ez dut izan arazorik. Poliki-poliki kon antza hartzen joan nintzen eta gogoz eta indarrarekin igotzen hasi nintzen oholtza gainean den-dena uzteko eta topera disfrutatzeko helburuarekin.

Zelakoa da aitarekin talde berean jotzea?

Berarekin pasatzen dut ia denbora guztia eta azkenean egia da nire aita dela, baina horrez gain lagun mina ere bada; berarekin ez daukat ia sekreturik. Berak nire aitonarekin eta nire aitonak nire birraitonarekin edukitako harremana daukagu; haiek ere musikariak ziren eta elkarrekin jotzen zuten, azken nean, aita-seme, anai-arreba, lagun minak.

Gure kontraesanak ditugun arren, harreman oso polita daukagu eta jotzen ari garenean begirada batekin badakigu zer egin nahi dugun, urteekin lortu dugu musika-tresnekin hitz egiteko beharrik ez izatea.

2014ean Arizgoiti Erromeriarekin jotzen amaitu eta gero zertan ibili zara?

Aitarekin bikote moduan trikitixa eta panderoa jotzen jarraitu nuen arren, konposatzen hasi nintzen eta nire ustez letra onak zirenez kalera atera behar nituen. Uda horretan bi lagunekin lotu eta Atzekabe sortu zen. 2015eko udan bonbazoa izan zen, hogeita bost bat kontzertu eman genituen, maketa txikitxo bat grabatu genuen eta aurten diska bat ere prozesuan daukagu.

Hainbeste kontzerturekin ba al daukazu bidaiatzeko astirik?

Oso gutxi egia esan, baina saiatzen naiz urtean astebete hartzen irteeratxo bat egiteko. Adibidez, aurreko urtean Italian izan nintzen, Erroman hain zuzen ere, baina aprobetxatu nuen bideoklip bat grabatzeko; beraz, bidaiak pixka bat deskonektatzeko diren arren, badaukate lanarekin harremanik.

Uda honetan ETB-1eko Kantugiro saioan ikusi zintugun, zelakoa izan zen esperientzia hori?

Esperientzia oso polita izan zen, Gernikan egindako soian parte hartu nuen Nun Hago abestia interpretatuz. Lagun asko egin nituen, baina harremanik estuena batez ere irabazi zuenarekin izan nuen eta badaukagu elkarrekin zeozer grabatu eta internetera igotzeko proiektua. Beraz nahi izanez gero hor ikusi ahal izango nauzue. Bestela, espero dezagun edozein herriko jaietan oholtza gainean elkar ikustea, hori musikan jarraitzen dudan seinale izango da, seinale ona beraz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak