→Basauri

48 langabetu kontratatuko ditu Basaurik iraila eta maiatza artean lan egiteko

basauri herritarrak

Basauriko Udalak, Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren laguntzarekin, 48 langabetu kontratatuko ditu aurten, gehienez ere, sei hilabetez lan egiteko.

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, udalerrietan enplegua sustatzeko programa abiarazi du beste urte batez. Horiek horrela, Basauriko Udalak 48 langabetu kontratatuko ditu aurten, gehienez ere, sei hilabetez lan egiteko (lanaldi osoa edo etena). Laneratzeak iraila eta maiatza bitartean izango dira.

Eusko Jaurlaritzak 491.224 euroko inbertsioa egingo du programa honetan eta Basauriko Udalak, bere aldetik, 162.000 euro gehiago jarriko ditu (119.418 euro materialen gastuetarako eta 42.993 euro kontratazioak egiteko).

Beharrezkoak diren postuak

Hauek dira Basauriko Udalak bete nahi dituen postuak:

Igeltserotza ofizialak: 6

Pintura ofizialak: 3

Elektrizitate ofizialak: 3

Peoiak: 9

Administrari laguntzaileak: 4

Administrariak: 5

Liburutegietako laguntzaileak: 4

Kazetaritzan lizentziatuak: 3

Berdintasun kudeatzailea: 1

Arkitekto teknikoak: 2

Bulego-mezularia: 1

Topografoa: 1

Heziketa fisikoan lizentziatua: 1

Igurumenean goi-mailako teknikaria: 1

Berdintasun teknikariak: 2

Programatzailea: 1

Enplegu teknikaria: 1

Nork parte har dezake programan?

Enplegu programa honetan parte hartu nahi duenak Lanbiden izena emanda egon behar du eta irizpide hauetako bat bete beharko du: 35 urtetik beherako langabetuak, 45 urtetik gorako langabetuak gutxienez 6 hilabetez, 55 urtetik gorakoak, epe luzean langabezian daudenak, gizarte bazterketa arriskuan daudenak, ahalmen-urritasuna duten pertsonak, edota genero indarkeria sufritu duten emakumeak.

Irizpideen arabera, kontratatutakoen %40a emakumea behar du izan, %30a Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (RGI) titularrak izan behar dira eta %15a 55 urtetik gorakoentzako gordeko da.

Hautaketa-prozesuari dagokionez, Lanbidek langabetuen bilaketa egingo du Udalak eskatutako postuak betetzeko zerrenda jarraituz eta ondoren, Udalari bidaliko dio, honek behin betiko aukeraketa egin dezan.

160 kontratazio 2011tik

Enplegua sustatzeko programa 2011n heldu zen Basaurira eta ordutik hona 160 kontratazio burutu ditu Udalak. “Plan honekin lortu da pixkana-pixkanaka Basauriko langabezia-tasak behera egitea. Bizkaiko langabezia-tasarik altuena hemen dago: lan handia dago aurretik, baina gutxinaka-gutxinaka datuak jaisten ari dira: 2012an %21,19ko langabezia zegoen eta aurtengo abuztuan langabezi-tasa %16,7ra jaitsi da”, dio Aitor Aldaiturriaga Ekonomia sustapeneko eta enpleguko zinegotziak.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|