→Basauri

Epaitegiak ez du onartu sexu abusuen kasuan Basauriko Udala herri akusazio gisa jardutea

Basauriko Udaleko alderdien ordezkariak iazko azaroan egindako elkarretaratzean // Geuria

Basaurin izandako adin txikiko bati egindako ustezko sexu abusuen kasuak beste pauso bat eman du. Epaitegietako prozesuan, Udala herri akusazio gisa aurkezteko eskaera egin zuen, baina gaur jaso du instrukzio epaitegiaren erantzuna: entrenatzailearen defentsan ari diren abokatuek eta Fiskaltzak berak eskatu dute Udala ez agertzea herri-akusazio moduan. Eskaera hori onartu du epaitegiak. Dagoeneko, Basauriko Udalak esan du errekurtsoa aurkeztuko duela.

Udalaz gain, sexu abusuen kasua agerrarazi zuen Pepe Godoy herritarraren hitzak ere jaso ditu GEURIAk: “Orain da unea herrian diren biktima guztiek pauso bat aurrera eman dezaten, herritarren babesa senti dezaten eta, beharrezkoa den indarra lortzen badute, salaketa jar dezatela, beste zazpi biktimek egin dugun moduan”.

Sexu abusuen kasua aztertzen duen instrukzio epaitegiak kaleratu duen ebazpenaren arabera, “Udalaren eskaera ulergarria eta objetktiboa izan badaiteke ere, legeak ez die Udalei jardun horretan aritzeko ahalemana ematen sexu abusuen inguruko aferetan, bai ordea, genero indarkeriarekin lotutako kasuetan”.

Basauriko Udalak errekurtsoa aurkeztuko duela aurreratu du, “tratu txarren eta sexu erasoen inguruko kasuetan herri akusazio gisa aurkezteko aukera zehatz mehatz agertzen du Eusko Jaurlaritzaren 4/2015 legean”. Herri akusazio moduan jarduteak ahaleman emango lioke Udalari prozesu judizial osoaren berri lehen eskutik izateko, baita epaiketan eragiteko ere, adibidez, frogak aurkeztuta edo helegiak eginda.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak