→Basauri

“Eroskiri 6,6 milioi ordaindu beharra traba ekonomiko handia izango zatekeen”

basauri bilbondo 2015

2011. urtetik gaur egunera arte ga­tazka izan da nagusi Eroski eta Ba­sauriko Udalaren artean. Orain dela lau urte, azaroan, Bilbondoren han­ditzea bertan behera geratu zen legealdi honetako gobernuak ho­rrela adierazi ondoren, eta eraba­ki horrek Eroskiren desadostasuna ekarri zuen. Orduan, banaketarako kooperatibak udal dekretua epai­tegira eraman zuen, baina Admi­nistrazioarekiko Auzibideak atzera bota zuen helegitea.

Eroskiren erantzuna ez zen asko luzatu eta 6.665.320 euro erre­klamatu zizkien Basauriko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari, Bilbondo­ko Xehetasun Azterketa deusezten zuen deklarazio judizialaren onda­rezko erantzukizuna egotzita. Hala ere, 2015eko otsailean jakin denez, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzi­tegi Nagusiaren Administrazioare­kiko Auzibideak ez du eskaera hori onartu; hain zuzen ere, Xehetasun Azterketa horrek Eusko Jaurlaritza­ren Jarduera Ekonomikoetarako Lu­rralde Plan Sektoriala (LPS) urratzen zuen.

Sententziaren arabera, hirigin­tza aukerak ez dira konpentsaga­rriak eta garai bateko Basauriko Hiri Antolakuntza Planak (HAPO) ahalbi­detzen zuenez, Eroskik aukera ba­zuen lurzoru gehiago eraikitzeko. Haatik, ez zuen eskuarte hori agortu eta bitartean LPSa indarrean sartu zen.
“Epaia lasaitasunez eta pozta­sunez hartu dugu. Izan ere, Eroskiri ordaindu beharra traba ekonomiko handia izango zatekeen hainbat ur­tez eta horrek Basauriko Udalaren ahalbide inbertitzaileari kalte egin ziezaiokeen”, diote Basauriko Uda­letik.

ERALDAKETA-OBRAK ZORU KOMERTZIALEAN

Hiri Antolakuntza Planak alda­keta puntuala izan zuen 2014ko otsailean, Zabalandi (Bilbondo) gunearen inguruan. Udal ordezka­riek -EAJren, PSEren eta Bilduren aldeko botoekin eta PPren abs­tentzioarekin- Bilbondoren handi­tzea ezeztatzea erabaki zuten eta HAPOaren testu berria idatzi zuten: 2000. urteko HAPOak zioenez, guz­tira 47.368,96 metro karratu izan zitzakeen Bilbondok, baina merka­taritzarako 36.976 metro karratu ditu eta horiek errespetatzea ados­tu zuten.

Beraz, gainontzeko 10.392 metro karratuek erabilera komer­tziala izatea debekatu zuten: “Bil­bondoko jabeek konponketa- edo eraldaketa-obrak burutu ditzakete, betiere metro karratu komertzialak errespetatzen badituzte”, adierazi zuten udal ordezkariek.

 

________

Jose Feijoó | Basauriko Merkatarien Elkartea

“EGUN SALTOKI HANDIAK EZ DIRA MEHATXU TOKIKO SALTOKIENTZAKO”

Saltoki handiak eta tokian tokiko merkatarienak hizpide izan dira Bilbon­doren handitzea aztergai izan denean. José Feijoó Basauriko Merkatari Elkarteko lehendakariaren esanetan, “gaur egun saltoki handiak ez dira mehatxu tokiko merkatarientzat. Garai batean hala zen, baina orain gau­zak aldatu dira”.

Basauriko Udalak eskatuta, Gizaker enpresak herriko gaiei buruzko ikerketa martxan jarri zuen irailean eta 18 urtetik gorako 400 bizilagunek hartu zuten parte. Azterketaren arabera, %96,3ak eguneroko erosketak herrian bertan egiten ditu. Horren inguruan Feijoók bere poztasuna adie­razi du: “Merkataritzari dagokionez, Basaurik denetarik du eskura: saltoki handiak zein txikiakm eta herritarrek oso ondo baliatzen dute hori”.

Bestalde, Bilbondoren handitzearen prozesua luzea izan dela dio Feijoók: “Hasieratik bagenekien Bilbondoren handitzea legearen kontra zihoala, baina aurreko udal gobernuak ez zuen horrela ikusi. Hala ere, guk gureagatik borrokatu genuen eta, horrela, Bizkaiko Auzitegiak eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman ziguten: Bilbondok eraldaketak egin di­tzake, baina lurzoru komertzialean soilik”.

Basaurin Mercadona irekitzearen harira, legea betetzen ari direla adierazi dute Basauriko Merkatari Elkartetik eta, beraz, zer esanik ez dutela: “Etor dadila nahi duena, legeak errespetatzen baditu, noski”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak