→Basauri

Solobarria plazako karpa urrian jarriko dute, San Fausto jaietan

Basauriko Udalak Espazio Publikoaren Erabilerari buruzko Ordenantza berria aurkeztuko du gaur, uztailak 28, osoko bilkuran

Basauriko Udalak jakinarazi duenez, Solobarria plazako karpa urrian jarriko dute berriro eta San Fausto jaietan prest egongo da. Karpa ekainean kendu zuten eta uda osoan zehar espazio publiko hori irekia mantenduko da, azpiegiturarik gabe.

Espazio publikoaren harira, Udalak ordenantza berria aurkeztuko du gaur, uztailak 28, osoko bilkuran. Ordenantza horren xedea da espazio publikoaren erabilera arautzea eta uztartzea izaera pribatuko ekitaldiak zein jarduerak eta herritarrek espazio publiko hori erabiltzeko duten eskubidea bermatzea. Horretarako, zenbait jarraibide eta irizpide finkatu ditu gobernu taldeak, “elkarbizitza bermatzeko eta irisgarritasun- zein segurtasun-baldintzak bermatzeko“.

Jarduera pribatuak bide publikoan

Espazio Publikoaren Erabilerari buruzko Ordenantza berriaren arabera, bide publikoan izaera pribatuko ekitaldiak egiteko, ekitaldia egin eta astebete lehenago jakinarazi beharko dute interesdunek. Era berean, ekitaldia egingo dutenek erantzukizun zibileko asegurua izan beharko dute kontratatua.

Trafikoa edota arkupeak dituzten kaleetan, oztoporik gabeko gutxieneko 2,00 metroko zabaleradun oinezkoentzako ibilbidea bermatu beharko dute. Oinezkoen kaleetan, berriz, 3,50 metroko zabalera izan beharko du. Gainera, une oro bermatu beharko da erabiltzeko segurtasunaren eta suteen aurkako segurtasunaren eremuko indarreko legeria betetzen dela.

Bestetik, bide publikoan janaria prestatzen dutenek Basauriko Udaleko Osasun Atalak finkatutako irizpideak bete beharko dituzte. Era berean, ezingo dira erabili energia sorgailuak (horrelakoak erabiltzeko baimena ematen den kasuetan, zarata-maila zainduko da).

Oro har, bide publikoan egingo diren ekitaldiak ezingo dira 10:00ak baino lehenago hasi eta 22:00ak baino lehenago amaitu beharko dira (ostiraletan eta jaiegunen bezperan 23:00ak arte luzatu ahal izango da denbora-tartea). Ekitaldia amaitu, eta ordubeteko tartea izango dute antolatzaileek egiturak desmuntatu, jaso eta eremua garbitzeko.

Solobarriako karpa eta bestelako udal-azpiegiturak

Basauriko Udaleko gobernu taldeak adierazi duenez, Solobarriako karpa, eszenatokiak eta instalazio osagarriak (udal-azpiegiturak) Basauri udalerrian erroldatutako elkarteei baino ez zaizkie lagako. Udalerritik kanpoko elkarteei baimena emateko, beharrezkoa izango da dagokion udal atalak aurretiaz onestea, eta interes orokorrerako edota herritarren onurarako denean baino ez da emango.

Karpa edota beste edozein udal egitura erabiltzeko, eskabidea aurkeztu beharko da, gutxienez, ekitaldia baino hilabete lehenago. Datak esleitzeko, berriz, eskabideen jasotze-dataren hurrenkerari jarraituko zaio, estu-estu.

Era berean, karpan zein bide publikoan jarriko diren kartelek aintzat hartu beharko dute hizkuntza-normalizazioari buruzko udal araudia eta ez dira onartuko ez hizkuntza sexistarik ez biolentorik, eta ez ditu osasun-ohitura txarrak sustatuko.

Gora