→Basauri

Basauriko etxez etxeko laguntza zerbitzuak 308 familia artatu zituen iaz

basauri herritarrak 2014

Etxeko zereginetan eta arreta pertsonaleko kontuetan laguntza ematen du aipatutako zerbitzuak. 2015ean, 308 basauriarrei eman zien arreta

Basauriko Udalak etxez etxeko zerbitzua eskaintzen die beren kabuz jarduteko zailtasunak dituzten pertsonei eta 2015ean, 308 basauriarrei eman zien arreta. Etxeko zereginetan -besteak beste, kozinatzea, elikagaiak eta arropak erostea, etxean arropak garbitzea eta lisatzea eta etxea garbitzea- eta arreta pertsonaleko kontuetan -eguneroko zereginetan laguntzea- laguntza ematen du aipatutako zerbitzuak.

Iaz, batez beste, 259 zerbitzu eman ziren hilean (67.577 lanordu, urte osoan) eta asteko 5,70 zerbitzu-ordu egokitu ziren pertsona edo familia bakoitzari: astean 4 edo 5 orduko arreta izan zen gehien eskainitakoa (%42). Datuak datu, Basaurin Bizkaiko batez bestekoa baino %3,8 altuagoa izan da astero eskainitako etxez etxeko zerbitzu-orduen kopurua.

Era berean, etxeko lanetarako zerbitzua izan zen eskainitakoen artean nagusiena (%98) eta arreta pertsonalen kasuan %57an eman zen. Arreta jaso dutenen profilari dagokionez, gehienak emakumeak izan ziren (%78) eta talderik jendetsuena 75-85 urte bitartekoena izan zen. Egoera zibilari dagokionez, %60 alargunak izan ziren, %18 ezkonduak, %17 ezkongabeak, eta %6 bananduak.

Gora