→Basauri

Euskarazko ikasle eta hiztunak bilatzen dituzte Hego Uribeko Berbalagunek

Hilaren 6an eta 13an izango dira aurkezpen jaiak Basaurin eta Galdakaon, hurrenez hurren. Biharko aurkezpena Zehatza tabernan izango da 20:30ean eta Barry Manley artistak bakarrizketa eskainiko du.

Hego Uribeko Berbalagun aurkezpen jaiakIkasturte berriarekin batera, martxan dira berriro ere Basauriko eta Galdakaoko Berbalagunak. ‘Lotsarik gabe praktikatu gurekin’ lelopean, euskara kalera ateratzea helburu duen egitasmoak euskara ikasten ari direnak eta bide horretan laguntzeko prest dauden euskararen boluntarioak behar ditu. “Bi profilak dira ezinbestekoak gero eta ugariagoak diren taldeak osatzeko. Hala ere, euskaraz hitz egiteko gogoa da eskatzen dugun baldintza bakarra”, adierazi dute antolatzaileek.

Berbalagun taldeak astean behin elkartzen dira ordubetez. “Gehienek tabernetan egiten dute berbaldia, baina badira bestelako ekintzak egiten dituztenak ere, esaterako, jostunak, puntu taldea, mendi taldea edo euskal kantak abestea Kantuka programan”.

AURKEZPEN JAIAK
Azaroaren 6an eta 13an Berbalagunen aurkezpen jaiak antolatu dituzte Basaurin eta Galdakaon, hurrenez hurren. “Garrantzitsua da herritarrak bertan izatea eta egitasmoa bertatik bertara ezagutzea”, diote antolatzaileek.

Lehen hitzordua, Basaurikoa, Zehatza tabernan izango da, 20:30ean. Aurkezpen bideoa, musika eta mokadu bat hartzeko aukeraz gain, Barry Manley artistaren bakarrizketa ikusgai izango dute bertaratzen direnek. “Bere soinu zaharra aldean daramala, barrez lehertzeko moduko istorioak kontatuko dizkigu Irlandatik etorritako euskaldun peto honek”. Galdakaoko aurkezpena, ostera, Topa tabernan izango da 19:30ean eta sorpresaz beteriko arratsaldea izango dela diote.

Gora