→Basauri

Fausto, Tripak eta Letrak eta Kantuka asteburu honetan Basaurin

basauri fausto tripak kantuka 2015 otsaila

Otsailaren 20an Tripak eta Letrak mahai-ingurua Marienean eta ‘Fausto’ antzezlana Social Antzokian izango dira. Otsailaren 22an Berbalagun egitasmoa kalera irtengo da Kantutarekin.

Basauriko agenda oparoa da eta asteburuari begira hainbat jarduera daude aurreikusita euskaraz. Ostiralean, otsailaren 20an, Tripak eta Letrak mahai-ingurua antolatu du Sareinak Taldeak Marienea Basauriko Emakumeen Etxearen laguntzarekin. Hitzordua 18:30ean izango da Marienean eta Irati Goikoetxea, Ana Malagon eta Danele Sarriugarte izango dira hizlariak.

Bestetik, 20:30ean Social Antzokian ‘Fausto, herritar eredugarria’ antzezlana dago programatuta Korrika kulturalaren barruan. Sarrerak salgai daude 10 eurotan socialantzokia.com webgunean eta antzokiko txarteldegian, Socialeko bazkideek eta Korrika Txartela dutenek %10eko beherapena izango dute, baina Geuriak 3 sarrera bikoitz zozketatzen ditu.

Otsailaren 22an, igandean, abesteko unea iritsiko da. Izan ere, Kantuka egitasmoa Basaurira itzuliko da, Berbalagun programaren eskutik. Oraingoan abiapuntua Basauri Koral taberna izango da 13:00etan.

 

TRIPAK ETA LETRAK

Azken aldian euskal literaturako narrazio-lan zenbaitek gogoetara ekarri dituzte gorputza, eta subjektu haragiztatua. Idazkuntza tripetatik (alegia, erraietatik) abiaturiko sormena dela iradokiz; edota, tripen eta letren arteko hartu-emanerantz bideratuz hausnarketa. Euskal narraziogintzan gorputzarekiko kezka hori jada agertu izan da beste zenbait idazleren lanetan ere (Eider Rodriguezen Haragia eta Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik narrazio-bildumak). Lan berriagoek ere joera horri lotu zaizkio. Mahai-inguru honetan euskal literaturaren plazara lehen aldiz agerturiko idazleak batuko ditugu, tripetatik idazten ote duten jakiteko; tripen eta letren arteko harremana nola bizi duten kontatzeko; eta aldi berean, euskal literaturaren plazan lehen aldiz agertu ondoren, tripetan zer sentitu duten kontatzeko.

 

FAUSTO, HERRITAR EREDUGARRIA

Fausto kartzelan preso dago. Indultua eskainiko diote, Madame Demokraziarekin ezkontzea onartu eta, ondorioz, herritar eredu bihurtzea onartzen baldin badu. Horrela bada, Faustok Ongizatearen bidea, ezkontzarekin hasiko du, noski, Mefistofeles emaztetzat onartuz. Aurrerantzean izaki honek gidatuko du Fausto ereduzko hiritarra bihurtzeko zeharkatu beharko duen arrakastarako bide ilun, haluzinagarri, elektroniko, arriskutsu eta atzera bueltarik gabekoan, boterearen eta gailentasunaren bila beti.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak