→Basauri

Trenaren ikusizko eta entzunezko inpaktua leunduko du Gaztañabaltzako proiektuak

basauri gaztanabaltza 2017 proiektua 1

Social Antzokia eta Gaztañabaltza parkearen arteko trenbidea estaltzeko proiektuak aurrera darrai. 10.500 m2-ko eremua sortuko dute.

Social Antzokia eta Gaztañabaltza parkearen arteko trenbidea estaltzeko proiektuak aurrera darrai. 10.500 m2-ko eremua sortuko dute

Basauriko Udalak prest du dagoeneko Social Antzokitik Gaztañabaltzara doan trenbide zatia estaltzeko proiektua. Arenas&Asociados enpresari esleitu zion Udalak hura idazteko kontratua, 220.590 euroko zenbatekoarekin (BEZa barne). Alderdi jeltzaleak Senatuan duen taldeak egindako zuzenketa bati esker, Estatuko Aurrekontu Orokorretan partida bat jaso, eta haren kontura ordaindu da proiektua, oso-osorik.

Paisaiarekin bat egin, eta trenaren ikusizko eta entzunezko inpaktua leuntzen duen esku-hartzea proposatzen du azken dokumentuak. 

Zenbait fase izango ditu esku-hartzeak (trenbidea estaltzeko egitura eta oinarriak finkatzea, eraikiko duten gune berria eta estalduraren mugak uztartzea, eta azkenik parkearen hedapena, baita aparkalekua handitzea eta eremuaren urbanizatzea ere) eta aurreikuspenaren arabera, proiektua urtebetean burutuko lukete.

Gaztañabaltza estaltzeko proiektuak 7.900.000 euroko inbertsioa beharko du. Zentzu horretan, Nerea Renteria Basauriko Udaleko Lurralde-politika eta Kontratazioko ordezkariak adierazi du Gobernu Taldeak ez duela aurreikusi epe laburrera jarduketa honi ekitea: “Gaur egun, udalerrian lehentasuna dute beste ekintza estrategiko batzuek, baina funtsezkoa orain planifikatzea etorkizuneko Basauri diseinatzeko proiektuak”, dio. 

HEKTAREA BATEKO AZALERA

Social Antzokia-Gaztañabaltza trenbide zatia estaltzearen ondorioz 10.500 metro karratuko eremua sortuko dute. Era berean, eremu berriaren behealdea (Basauri Denon Eskola-HHI) eta goialdea lotzeko igogailu panoramikoa aurreikusten du proiektuak, eta 1.500 metro karratu inguruko gune estalia (itxitura gardenarekin), zeina jarduera sozialetarako, kulturaletarako edota kirol jardueretarako erabili ahal izango den. 

Gaztañanbaltzako aire zabaleko gaur egungo aparkalekua zabaldu egingo da, eta jada existitzen den berdegunetik datorren parke altxatu batekin lotuta geratuko da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak