→Basauri

Basauriko 550 familia baliatu dira iaz Gizarte Larrialdietarako Laguntzetaz

basauri herritarrak

Udalak 620.506 euroko diru-laguntzak bideratu ditu beharrizan egoeran dauden herritarrentzako 2016an zehar. Iaz 624 laguntza jaso dituzte 550 familiek.

Basauriko Udalak 620.506 euroko diru-laguntzak bideratu ditu beharrizan egoeran dauden herritarrentzako 2016an zehar. Iaz 624 laguntza jaso dituzte 550 familiek.

Eusko Jaurlaritzak eta Udalak finantzatzen dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL). 2016an banatutako 620.506 euroetatik, 494.478 euro gobernu autonomoak jarri ditu -aurreko ekitaldietan baino handiagoa- eta gainontzeko 126.028 euro Basauriko Udalak ordaindu ditu.

Emandako diru-laguntzak, gehienbat, etxebizitzen mantentze-gastuetarako (argindarra, ura, komunitatea, oinarrizko ekipamendua), oinarrizko beharrizanetarako eta etxebizitzatik eratorritako gastuetarako izan dira (alokairua, kreditu-amortizazioak edota zorpetzea ordaintzeko).

UDAL AURREKONTUETAN PARTIDA

Eusko Jaurlaritzak Udalei banatzen dien aurrekontu-partidaz gain, Basauriren kasuan Udalak partida hori osatu egiten du udal aurrekontuarekin, “herrian ez dadin gizarte-bazterkeria egoerarik eman, edo ematen badira, horiei aurre egiten laguntzeko“, diote udal ordezkariek.

Modu horretan, udal aurrekontuaren 126.028 euroetatik, 95.045 euro bideratu ziren udalerriko GLL beharrizan osoa asetzera eta 30.983 euro joan ziren aldizkakoak ez diren udal laguntzetara (gizarte-bazterkeria arriskuko egoerak, zeintzuk, duten izaera bereziagatik, ezin duten beste laguntzarik jaso).

ESKAERA KOPURUAK BEHERA

Asier Iragorri Basauriko Udaleko Gizarte-politika Arloko ordezkariak dioenez, 2016an basauriar gutxiago hurbildu dira udal gizarte-zerbitzuetara diru-laguntza eske: iaz 628 izan dira eta 2015ean 715 izan ziren.

Era berean, aurreko urteetan ukatutakoen parekoa izan da joan den ekitaldian ukatutako diru-laguntzen kopurua ere (38 2016an eta 37 2015ean). Baztertutako eskabideak izan dira, besteak beste, baliabide ekonomikoen baldintza betetzen ez zutenak, aparteko ordainsarien xedea zuritu ez dutenak, baimendutakoak baino higiezin gehiago zutenak edota aitortutako familia-unitatearen eraketan irregulartasunak zituztenak.

Iaz GLLak gutxiago banatu dira, ez delako beharrezkoa izan: eskabide gutxiago egon dira eta, beraz, testuingurua baikorragoa da: basauriar gutxiago dago gizarte-bazterkeria egoeran. Dena dela, beharrezkoa izan balitz, aurrekontuak aukera emango zukeen gehiago banatzeko“, dio Iragorrik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak