→Basauri

Hitz-erdiko kontaketak lehiaketaren bigarren edizioa martxan da

Hitz-erdiko kontaketak euskarazko ipuin laburren lehiaketaren bigarren edizioa martxan da. Lehen deiadian parte hartzeko epea zabalik dago martxora arte.

Argazkia: Hannah Olinger, Unsplash

Hasiera bakarra eta ehun hitz. Ezaugarri horiek dira Hitz-erdiko kontaketak euskarazko ipuin laburren lehiaketaren oinarri nagusiak. Iaz jarri zuen martxan literatur lehiaketa Basauriko Udaleko ZirtZart Gazte Bulegoak eta guztira 89 kontakizun jaso zituzten lehen edizioan. Aurten bigarren edizioari ekin diote eta aurrekoan bezala, hiru deialdi izango ditu lehiaketak. Lehenengoa urtarrilaren 14tik martxoaren 14ra bitartean.

Lehenengo edizioko hirugarren -eta azken- deialdiko kontakizun irabazlearen azken esaldia izango da bigarren edizioko lehen deialdiko kontakizunen abiapuntua: “Ezin zitekeen egia izan…”. Esaldi horri jarraiki, partaideek euskarazko 100 hitzeko kontakizuna idatzi behar dute eta plataforma honetara bidali.

Hitz-erdiko kontaketak lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko herritarrei dago zuzenduta. “Edonork har dezake parte lehiaketan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi ala ez, eta edozein nazionalitate duela ere. Bakar-bakarrik onartuko dira euskaraz idatzitako testuak”, diote antolatzaileek.

200 eta 75 euroko sariak

Deialdi bakoitzean bi kontakizun sarituko dituzte: Kontakizun onena eta Elkar saria. Kontakizun onenak 200 euroko saria jasoko du, eta Elkar sariak (gazteenen arteko testurik onena) 75 euroko saria. Gainera, saritutako kontakizunak GEURIA aldizkarian argitaratuko ditugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak