→Basauri

Basauriko bost ikastetxe hobetzeko 315.000 euro inbertituko ditu Udalak

basauri sofia taramona ikastetxea 2017 san migel

Etxegarai, Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai Gaztelu eta Musika Eskolan hobekuntzak egingo dituzte udan. Basauriko Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du.

Etxegarai, Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu eta Musika Eskolako azpiegituretan hobekuntzak egingo dituzte udan

Aurreko urteetan egin izan duen bezala, aurten ere Basauriko Udalak ikastetxe eta hezkuntza-azpiegituretan hobekuntza-obrak abiaraziko ditu udan. Guztira 314.977 euro inbertituko ditu (BEZa barne) Etxegarai, Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu eta Musika Eskolan obrak egiteko.

Etxegaraiko eraikinean pitzadurak konponduko dituzte eta hormak margotuko dituzte. Gainera, ur beroaren instalazioa egokituko dute eta teilatua iragazgaiztuko dute. Azkenik, eskolako patiorako sarreran atezain automatikoa jarriko dute.

Bizkotxalde eskolari dagokionez, honako hobekuntzak egingo dituzte: jolas-tokiko zoladura berrituko dute; berogailuen instalazioa sektorizatuko dute; zarata xurgatzeko sabai aizuna jarriko dute gimnasioan; eta patioetara joateko eskailerak kendu eta arrapala jarriko dute.

Sofía Taramonan eraikin zaharreneko leihoak berrituko dituzte, eta ikasgela batean eta tutoretza-gela batean itoginek hondatutako igeltsozko sabai aizunak aldatuko dituzte, eta led argiztatze berriak ipiniko dituzte.

Hiru ikastetxe hauetan Udalak egingo duen inbertsioa 255.247 eurokoa izango da. Kopuru horretatik Udalak 102.099 euro ordainduko ditu (%40) eta Eusko Jaurlaritzatik 153.148 euroko diru-laguntza jasoko du (%60).

Era berean, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu eta Musika Eskolan teilatuak konponduko dituzte. Horretarako 59.730 euro bideratuko ditu Udalak. Kasu honetan, Udalak berak hartuko du bere gain obra hauen kostua.

Gora