→Basauri

Iker Bizkarguenaga: “Sinesgarritasuna, hausnarketak eta informazioa ulertzeko gakoak eskaini behar ditugu kazetariok”

Ogibidez kazetaria, izatez Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua, Iker Bizkarguenagak (Basauri, 1978) Gara egunkarian egiten du lan.

Iker Bizkarguena / Utzitakoa

Ogibidez kazetaria, izatez Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua, Iker Bizkarguenagak (Basauri, 1978) Gara egunkarian egiten du lan. Hainbat urtetan sail desberdinetan arduradun izan ondoren (Euskal Herria, Ekonomia eta Iritzia), orain Eguneko Gaiak deritzonak idazten ditu, “politika arlokoak eta gizarte-gaiei buruzkoak, batez ere. Orain, egia esan, gehiago gozatzen ari naiz lanarekin, gustuko dudana egiten dudalako: idaztea, alegia”, dio. Gara egunkariaren gaur egungo egoeraz, prentsa lokalaz edota prentsa askatasunaz aritu gara berarekin.

Gara egunkariko kazetari basauriarra zaitugu.
Hala da. 2003ko martxoan hasi nintzen Garan lanean. Egia esan, oso modu bitxian heldu nintzen bertan lan egitera, ni berez Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua naizelako. Baina Gara beti izan dut oso gertuko. Egin egunkaria irakurtzen nuen, txikitatik, eta haren itxierak sekulako mina eragin zidan, Euskal Herriko jende askori bezala. Horregatik Gararen jaiotza zirraraz bizi izan nuen, eta unibertsitate ikasketak bukatutakoan, Gararen Gasteizko erredakzioan praktiketan lan egiteko pertsona bat behar zutela irakurri nuenean, izena eman, azterketa egin eta hautatu ninduten. Eta horrelaxe hasi nintzen, Gasteizen, praktikak egiten. Gertuko batzuei zaila egin zitzaien orduan erabaki hura ulertzea, baina nik argi neukan nahiago nuela GARAn lan egin banku, kutxa edo horrelako beste lekuren batean aritu baino.

Beste hedabide batzuetan izan zara lanean?
Lanean ez, lanean GARAn bakarrik ibili naiz. Baina kolaborazioak egin izan nituen bere garaian Basauriko El Social-en. Kataluniako L’Accent aldizkarian ere artikulu batzuk idatzi izan ditut. Eta prentsa idatziaz aparte, Radio Vitorian, Info7 Irratian, Bizkaia Irratian, Hamaika Telebistan eta Euskal Telebistan kolaboratu dut, tertuliakide bezala. Gaur egun ETB1eko Egun On Euskadi saioan aritzen naiz noizean behin.

Zure ustez, kazetari batek non du erantzukizun gehien: komunikabide handietan ala txikietan?
Nire ustez hedabide handietan edo txikietan lan egiteak ez du erantzukizuna aldatzen, azken finean, norberak bere lanarekin duen ardura neurtu behar duelako. Errespetua, lehenik eta behin, bakoitzak bere buruarekiko izan behar du, bere profesionaltasuna zaindu behar du, hori delako kazetari batek duen gauzarik preziatuena. Profesionaltasunik gabe ez dago sinesgarria izaterik, eta sinesgarritasunik gabe, akabo kazetari ibilbideari. Hortik aurrera, hobe ahalik eta jende gehiagorengana heltzea, noski, baina erantzukizuna berdina da The Guardianen, Garan edo Geurian.

Kazetari bezala jardun duzun hedabideen artean zein da gehien bete zaituena?
Hedabide bakoitzak badauka xarma berezia. Irratia beti izan dut oso gustuko, etxean beti izan dugulako irratia piztuta, haurra nintzenetik. Telebistak duen irismena, eta zuzeneko emanaldiek eragiten duten urduritasun gozo hori, ez dute beste hedabideek eskaintzen, oso polita da. Baina ni egunkariarekin geratzen naiz, paperarekin. Agian niri idaztea asko gustatzen zaidalako izango da. Batez ere, kronikak idaztea izugarri gustatzen zait, literatura egiteko aukera ere ematen baitizu.

Zein da gaur egun zure eginbeharra Gara egunkarian?
Hainbat urtetan sail desberdinetako arduraduna izan ondoren (Euskal Herria, Ekonomia eta Iritzia) orain Eguneko Gaiak deritzen horiek idazten ditut, politika arlokoak eta gizarte-gaiei buruzkoak batez ere. Orain, egia esan, gehiago gozatzen ari naiz lanarekin, nik idaztea gustuko dudalako, eta lehen, nuen ardurarekin, sailetako kudeaketa lanak egiten nituelako gehiago. Norbaitek egin behar ditu lan horiek, noski, eta tokatzen zaizunean tokatzen zaizu, baina aukeran, hobeto nago horrela. Lasaiago ere bai.

Zelan aldatu da kazetaritza eta kazetarion lana azken urteotan?
Kazetaritza asko aldatu da urte hauetan, ni hasi nintzenetik izugarri. Interneten aroak, eta hedabide digitalen sorrerak eta garapenak, sekulako astindua eman diote sektoreari, prentsa idatziari batez ere, eta aldaketa horretara egokitu behar izan dugu denok. Horretan ari gara oraindik, egunetik egunera gauzak aldatzen ari direlako. Argi daukagu etorkizuna transmedia izango dela, egunkarietan ere bai, eta gu geu ere, paperean idazteaz gain dagoeneko hasi gara formatu digitalean idazten (Naizen, gure kasuan), irratian parte hartzen (Naiz Irratian) eta bideoak ekoizten. Prentsaren sektoreak krisia bizi du, aspalditik, baina ni baikorra naiz eta aurrera aterako garela uste dut. Azken finean, jendeak informatzeko beharra izaten jarraituko du, eta gure egitekoa da besteek ematen ez dutena eskaintzea: sinesgarritasuna, hausnarketa, sakontasuna, kritika…

Teknologia berriek eta sare sozialek kazetarion lana oztopatzen dute?
Teknologia berriak eta sare sozialak tresnak dira, eta tresna gisa ondo edo txarto erabil daitezke. Kazetariok ere bai. Ni sare sozialen zalea naiz, besteak beste nire lana errazten dutelako, baina sareetan nola aritu jakin behar da. Ez dut txarto ikusten herritarrek eurek informazioa sareetara igotzea, alderantziz, kazetariontzat erronka da zerbait gehiago eskaini behar izatea, herritar horiek eskainiko ez dutena. Eta hor daude lehen aipatzen nituen kontuak: sinesgarritasuna, hausnarketak eta informazioa ulertzeko gakoak eskaini behar ditugu guk, profesional gisa. Izan ere, batzuetan informazio «gehiegi» ere egon daiteke eskuragai, eta jendeari zaila egin dakioke albiste askoren artean diskriminazio lana egitea. Zer sinetsi, zer ez… Hor kazetariok gure papera jokatu behar dugu, sinesgarriak bagara erreferenteak izango gara eta jendeak gugana joko du. Baina hori gure lana da, eta ez badugu lortzen ezin diegu errua sareei edo teknologiei bota.

Prentsa lokalaz galdetuko banizu…
Prentsa lokalari dagokionean ere, lehen aipatutako teknologia berriek eta ingurune digitalak baliabide asko eskaini dituzte azken urteetan egitasmo berriak abiatzeko. Euskal Herri osoan tokiko hedabide digital asko sortu dira, eta zorionez horietako asko, gehientsuenak akaso, euskaraz. Paperezkoak ere bai, batzuk. Egoera, noski, ez da leku guztietan berdina, eta tamalez, askotan, hedabide hauek lan boluntarioak ateratzen ditu aurrera, instituzioen babesik gabe. Baina oro har sektorea norabide onean ikusten dut. Gure eskualdeari dagokionean, nik uste dut Geuriak lortu duela erreferente bihurtzea, eta euskaldunon artean ezinbesteko tresna bilakatzea. Hego Uriben horrelako tresna bat izateak berebiziko garrantzia duela uste dut. Gauza bera esan daiteke Bidebieta Irratiaz.

Enpresen ondorengotza ideologikoa egotzita ordaindu behar du Garak Egin egunkariaren gain zegoen zorra.
Bai, Gararen kontrako jazarpen estrategia bat badagoela uste dut, egunkaria sortu zenetik martxan dagoena gainera. Gogoratu behar dugu orduan Jaime Mayor Oreja Barne Ministroak oso hitz gogorrak erabili zituela jaio berria zen egunkariaren kontra, eta Baltasar Garzon epailea 2000. urtean hasi zela Garari Eginen zorra ezartzeko saiakera egiten. Azkenean 2003an lortu zuen zor hura gure gainean jartzea, eta ordutik 16 urte eman ditugu zor horren aurka borrokatzen. Horrek gure lana erabat baldintzatu du urte hauetan guztietan, eta orain, zorra ordaintzeko agindua eman dutenean, egunkariaren bideragarritasuna kolokan jarri dute. Egoera oso larria da, eta horregatik gaude babesa lortzeko kanpainan murgilduta. ‘Ondorengotza ideologikoa’ terminoa bera ere izugarria da, gure ildo editorialagatik zigortu baikaituzte. Bestetik, kontuan hartu behar dugu Gararekin batera, proiektu berdinean, beste hainbat hedabide daudela, hala nola Naiz, Kazeta, Mediabask, Naiz Irratia, Hamaika Telebista, Zazpi Haizetara… eta honek guztiak eurei ere eragiten diela.
Gararen egoerak, oro har, prentsa askatasunari eta adierazpen askatasunari eragiten die, eta beste hedabide batzuentzat ere abisua izan daiteke, ziurtzat ematen diren gauza batzuk auzitan gera baitaitezke agintean daudenek hala erabakitzen badute.

Prentsa askatasuna kolokan dagoela ondoriozta dezakegu askotan.
Tamalez adibide asko ditugu Euskal Herrian prentsa askatasuna kolokan dagoela ondorioztatzeko. Lehen aipatu dugu Egin eta Egin Irratiaren itxiera, baina beste hedabide batzuk ere itxi dituzte azken bi hamarkadetan: Euskaldunon Egunkaria, Ardi Beltza, Kale Gorria, Ateak Ireki… Gainera, gaur egun ere, duela aste batzuk, Argia aldizkariko kazetari bat eta Hala Bedi Irratiko beste bat auzipetuak izan dira beren lana egiteagatik. Mozal Legeak bere aldetik izugarri murrizten du adierazpen askatasuna… Ez dira garai onak gure ogibiderako, baina aurrekoak ere ez ziren izan, eta guri bidea ireki zigutenak ez ziren horregatik kikildu. Eta gizarteak erasoei aurre egiteko modua argi dago zein den: adi egotea, behar denean kalera ateratzea eta, tokatzen denean, elkartasuna adieraztea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak