→Basauri

Indoor ikastaroak, maratoi egokitua eta erakusketak Artunduagako I. Kirol Jardunaldi Solidarioan

basauri kirol jardunaldi solidarioa 2015

Ekainaren 27an ospatuko da elkartasun topaketa Basauriko Artunduaga kiroldegian 10:00etatik 19:30ak bitartean. Ikusleek kirol materialen zozketetan parte hartzeko aukera izango dute.

Apirilean Geuriak jakinarazi zuen bezala, ekainaren 27an I. Kirol Jardunaldi Solidarioa ospatuko da Basauriko Artunduaga kiroldegian Nagusia Gimnasioak antolatuta eta Basauri Kirolaken laguntzarekin. 10:00etatik 19:30ak bitartean hainbat jarduera prestatu dituzte. Hala nola, indoor txirrindularitza lasterketa eta ikastaroa, indoor maratoi egokitua Saiatu Atletismo Taldearekin, karate ikastaroak eta kirol erakusketak.

Parte hartu nahi dutenek -eta ikusleek ere- elikagaiak dohaintzan emango dituzte edo nahi izanez gero, diru-laguntza sinbolikoak eman ditzakete. Bilduko den guztia Basauriko Gururtze Gorrira bideratuko dute. Inskripzioak Nagusia gimnasioan, Artunduagako kiroldegian eta online egin daitezke.

I. KIROL JARDUNALDI SOLIDARIOA – EGITARAUA

10:00-19:00 Indoor lasterketa. Korrika egiteko zintak prestatuko dituzte eta kilometro bakoitzaren kostua euro batekoa izango da. Elikagaiak ere bilduko dira.

10:00-16:00 Egokitutako maratoia txandaka. Javi Condek zuzendutako Saiatu Atletismo Egokitua Taldeak parte hartuko du lehendabizikoz.

10:30-13:30 Karate ikastaroa Dojo Fundazioaren eskutik. Euskadiko karate taldeetako ikasleek 10 euro eta elikagaiak emango dituzte.

11:00-14:30 Indoor txirrindularitza ikastaroak. 30 minuturo eskainiko dituzte klaseak, 10 minutuko atsedenarekin. Parte hartzaileek elikagaiak emango dituzte.

18:00-19:30 Kirol erakusketak. Esate baterako, karatea, areto dantzak, pilates eta Ju Jitsu.

ADURIZEN KAMISETAREN ZOZKETA, BESTEAK BESTE

Jardunaldi solidario hau babesten dutenek hainbat kirol ekipamendu zozketatuko dituzte. Besteak beste, kirol materiala, bainuetxe batean egonaldia eta Adurizen kamiseta sinatua. Zozketa hauetan parte hartzeko ikusleek txartelak erosi beharko dituzte, baita dohaintzan elikagaiak eman ere.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak