→Basauri

Itxaso Ferreras: “Munduko herririk gazteena da Hego Sudan eta horrek alde onak eta txarrak dakartza”

basauri itxaso ferreras mgm hego sudan 2014

Hego Sudanen desnutrizioa eta malaria dira gaixotasunik nabarmenenak. Itxaso Ferreras bertan izan da Mugarik Gabeko Medikuak erakundearekin lanean.

Itxaso Ferreras (Basauri, 1980) 2009. urtean Mugarik Gabeko Me­dikuak erakundean boluntario gisa laguntzen hasi zen eta “erakundeak egiten duen lanarekin liluratuta” gelditu zen. Horiek horrela, 2011z geroztik elkartean lan egiten du Bartzelonan Komunikazio eta Fun­draising Sailetan. 2014an Hego Sudanera bidaiatzeko eskaria egin zuen eta bertan sei hilabete eman ditu. ‘Afrikak jota’ blog pertsonalean bertan bizi izandako bizipenak gor­detzen ditu.

Zer lan egin duzu Hego Sudanen?

Bertan egin behar den lana oso se­rioa da. Eskarmentu handiko profe­sionalak joan ohi dira, bertan egiten dugun lana oso gogorra baita. Osa­sun-langileek, logistek eta adminis­tratzaileek (Giza baliabide eta finan­tziazio arduradunak) lan egiten dute Hego Sudanen. Ni kazetari eta publi­zista izanik, administrari lana egiten ikasi behar izan nuen bertara joateko.

Zer da bertan aurkitu duzuna…

Pamat izeneko herrian izan nintzen, herrialdearen ipar-mendebaldean. Bertan, Sudango gudatik alde egin duten familiak bizi dira, Hego Su­dan herrialde bilakatu zenean muga zeharkatu zuten etxe berri eta la­saiago baten bila, 2011. urtearen inguruan. Orain osasun zerbitzurik ez dagoen gune batean bizi dira, oraindik lastoz egindako etxeetan, medikurik eta sendagairik gabe. Hori da guk betetzen dugun behar nagusiena: osasunarena.

Zein beste egitasmo burutzen ditu Mugarik Gabeko Medikuak erakun­deak bertan?

Hogei proiektu baino gehiago ditu Mugarik Gabeko Medikuak era­kundeak Hego Sudanen, ez baita­go osasun azpiegitura egonkorrik. Malakal inguruan, gainera, gataz­ka dago. Inguru horretan biztan­leriak osasun zerbitzuen beharra izateaz gain, bortizkeria pairatzen du. Pamaten, nahiz eta gatazkarik ez egon, biztanleria oso ahula da. Euri sasoian malaria dago eta sasoi lehorrean desnutrizioak gora egiten du.

Trebakuntzan ere egiten dugu lan, bertako hezkuntza oso eska­sa baita. Hego Sudanen ez dago ia ikasteko aukerarik, baliabideak di­tuzten familiek bakarrik dute be­ren seme-alabak atzerrira ikastera bidaltzeko aukera. Hezkuntza gutxi batzuen eskuetan baino ez dago.

HEGO SUDANEN EZ DAGO IA IKASTEKO AUKERARIK. HEZKUNTZA OSO ESKASA DA

 

Hego Sudan munduko herrialderik gazteena da, 2011. urtean sortua…

Herrialde berri-berria da eta horrek bere alde onak eta txarrak dakartza. Herrialde berri baten freskotasuna eta ilusioa nabaritzen dira, baina itxaropena boterearengatik sortu den borrokak lainotu egin du. Go­bernuaren eta oposizioaren arteko gudak orain dela urtebete pasatxo egin zuen eztanda, 2013an. Hortaz, ez dago oinarrizko zerbitzurik ere.

Zein da herrialdearen eta biztanle­riaren egoera?

Izan nintzen lur eremuan ez dago ia ezer. Herrialdearen beste aldean petrolioarengatik liskarrak daude eta gurean, berriz, lasto eta ur nahi­koa izatea da familien kezka nagu­sia. Lastoz eta adobez egindako tu­kuletan bizi dira eta euri sasoia eta sasoi lehorra pairatzen dute.

basauri itxaso ferreras mgm hego sudan 2014 1

Hogei proiektutik gora ditu Mugarik Gabeko Medikuak erankundeak Hego Sudanen :: Itxaso Ferreras

Horrek zer esan nahi du?

Eurien sasoian bideak lokaztu egi­ten dira eta oso zaila egiten zaigu gaixoengana iristea. Askotan asto gurdien bidez garraiatu behar iza­ten genituen gaixoak euren etxee­tatik gure osasun zentroetara. Ko­txea erabiltzea ezinezko bilakatzen da euri sasoian. Gainera, eltxoak barra-barra agertzen dira, malaria kutsatuz. Sasoi lehorrean ur erre­serbak eta uztak azkarrago buka­tzen dira eta horrek eragin handia du haurrengan eta emakumeengan.

Beraz, haurrek eta emakumeek la­guntza gehiago behar dute…

Bost urte baino gutxiagoko haurrak eta haurdun dauden emakumeak dira gure lehentasuna. Desnutrizioa eta malaria dira gaixotasun nabarme­nenak. Aurre egiteko tratamenduak baditugu, baina zailtasun handiena urrun dauden familiengana iristea da.

HAURRAK ETA HAURDUN DAUDEN EMAKUMEAK DIRA GURE LEHENTASUNA

 

Malariari eta desnutrizioari aurre egiteko tratamenduak eraginko­rrak al dira?

Bien kasuan, bai. Malariari dago­kionez, ahalik eta lasterren diag­nostikatzea da hoberena. Askotan umeak oso berandu etortzen dira gurera eta osatzea zailago izaten da. Desnutrizioari aurre egiteko, jateko prest dauden elikagaiez osatutako poltsatxo batzuk banatzen ditugu, ingelesez RUFT edo Ready-to-use therapeutic food. Malariaren eta desnu­trizioaren arteko nahasketa mortala izan ohi da, eta zori­txarrez, oso ohikoa da inguru honetan.

MALARIA ETA DESNUTRIZIOAREN ARTEKO NAHASKETA MORTALA IZAN OHI DA

 

Oroimenean geratu zaizun pasarteren bat…

Gure lantaldearen laurdenak ez daki idazten ezta irakur­tzen ere. Beraz, alfabetatze ikastaro bat antolatu nuen. Boligrafo eta koaderno bana banatu nien ikastaroa jarrai­tzeko. Irakasleak lehenengo klasearen ostean arkatzak eta borragomak eskatu zizkidan, boligrafoarekin idazten ikasten ha­siz gero, koaderno pila bat beharko zituztela azalduz. Hain logikoa den xehetasun horretaz konturatu ere ez nintzen egin.

Nola deskribatuko zenuke bizi izandako esperientzia?

Oso esperientzia aberasgarria eta polita izan da, bi zentzuetan. Bate­tik, nire lanak eragin zuzena izan du bertako herritarrengan eta beste­tik, bertan egoteak neure burua ere asko aberastu du. Era berean, asko ikasteaz gain, bizipen hunkigarriak eskaini dizkit abentura honek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak