→Basauri

Itziar Ituño: “Begira zelako zineastak irten diren hemendik: harrapatu horiek, inbertitu diru apurtxo bat kulturan, ez guztia futbolean, eta egin telesail potente bat”

basauri itziar ituno elkarrizketa 2018 043 ale berezia berba eta irudia

Zonalde euskaldunetan Nekane Beitia izaten jarraitzen du, Goenkaleko ertzainburua. Hain euskaldunak ez diren guneetan orain hasi dira Itziar Ituño ezagutzen

Itziar Ituño Basozelai auzoan // Argazkia: Amaia Goikoetxea

Geuria #043 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Berba eta irudia. Zinema, antzerkia eta telebista.
Basauriko Antzerki eskolatik ‘Handia’ filmeraino”
Irakurri osorik PDFan

Zonalde euskaldunetan Nekane Beitia izaten jarraitzen du, Goenkaleko ertzainburua. Hain euskaldunak ez diren guneetan, ordea, orain hasi dira Itziar Ituño (Basauri, 1974) ezagutzen, La casa de papel telesaileko Raquel Murillo pertsonaiari esker; Basaurin bertan ere orain hasi omen zaizkio batzuk argazkiak eskatzen, bizitza osoa Goenkalen eman eta gero. A3Mediako telesaila Netflixek erosi zuenetik egunero milaka jarraitzaile gehiago ditu Instagramen, baina berak dioen bezala, “hori munduan gertatzen dabil, baina ni hemen nago, Basaurin trankil, eta listo”.

Urteetan zehar Goenkaleko Nekane izan zara Euskal Herrian. Raquel Murillok ordezkatu al du orain ertzainburua? Ala Nekane izaten jarraitzen duzu hemen?
Leku euskaldunetan Nekane izaten jarraitzen dut. Aurrekoan Ondarroara joan ginen buelta bat ematera, eta jendeak “Nekane Beitia!” esaten zuen. Toki erdaldunetan, Basaurin adibidez, jende askok orain ezagutu nau, “ez nekien Basaurikoa zinenik, ez nekien Basaurin aktore bat zegoenik”… eta bizitza osoa neraman Goenkalen. Orain hasi dira batzuk argazkiak eskatzen.

Izan ere, La casa de papel telesailak izugarrizko arrakasta izan du, ezta? Netflixera igo zutenetik batez ere.
Izugarria. Munduan hasi dira ikusten. Sare sozialak ez ditut oso gustuko, baina aholkatu zidaten Instagramen kontua irekitzeko. Jarraitzaile gutxi nituen egia esaten, milara ez nintzen iritsiko. Eta halako batean, egunetik egunera mila gehiago, geratu barik. Sekulako sustoa hartu nuen! Eskerrak zure lekuan zauden eta esan duzun, “tira, hori munduan gertatzen dabil baina ni hemen nago, Basaurin trankil, eta listo”. Dimentsio oso handia hartu du.

Halakorik espero al zenuten?
Nik, behintzat, ez. Antena 3n azken kapitulua emititu zen, eta gero esan ziguten telesaila Netflixek erosi zuela eta munduan barrena ikusiko zela. Tira, ea zer gertatzen den. Italian hasi zen, han ondo; Frantzian ere bai. Gero Turkian boom bat izan zuen, eta orain Latinoamerikan izan da izugarria. Ea lanerako aukeraren bat sortzen den Argentina aldean edo…

Gustatuko al litzaizuke?
Egingo nuke, epe labur baterako, pare bat hilabete-edo, gero hona itzultzeko. Hemen oso ondo bizi gara.

Nekane Beitiak eta Raquel Murillok antzekotasunik badute, ezta? Horrek akaso lana erraztuko zizun…
Bai. Bi emakume polizia. Nekane zen aginterako gaitasun hori zeukana. Raquelek bizitza hankaz gora du, eta tratu txarrak jaso dituen emakumea da. Bere lanean saiatzen da bere autoritatea ez galtzen baina bere bizitza hankaz gora dauka. Nekane Beitiari ere gertatu zitzaion. Beraz, apur bat prest banengoen alde horretatik, antzeko perfilak baitira. Kastinerako deitu zidatenean, nagi apur bat eman zidan, berriz antzeko gauza batean sartzera ote nindoan… Baina gero konturatu nintzen beste planteamendu bat zegoela, lan egiteko orduan erabat ezberdina zena. Pertsonaiak oso oso landuta zeuden; gidoi aldetik, Goenkale egunero egiten zen telesail bat zen, eta horrek dena oso arin egitea zekarren. La casa de papel, berriz, oso pentsatuta zegoen. Pertsonaiak alde bat baino gehiago zeuzkan. Goenkalen denboran zehar hartzen zuen konplexutasun hori, 13 urtez egon baikinen. Ezberdinak ziren bi proiektuak.

Zenbat denbora egin duzu Madrilen?
Sei hilabete. Zortzi izango zirela pentsatuta joan nintzen, eta sei izango zirela esan zidatenean gustura hartu nuen berria: hilabete bi lehenago etxera. Ez baita erraza etxea uztea. Egin egiten duzu eta gustura egiten duzu, gainera. Bertan zaudenean gorputza egiten da. Gainera, kostatu zitzaidan La casa de papel egitera joateko erabakia hartzea. Proiektu batzuk nituen antzerkian eta batzuk utzi behar izan nituen hemen. Ibili nintzen zalantzekin, representanteak esaten zidan ulertzen ninduela baina mereziko zuela, itxura oso ona zuela proiektuak, eta egin behar nuela. Ez naiz damutzen kasu egin izanaz: gogorra izan da baina ez naiz damutzen.

Telesaila estreinatu bezperetan izan zen boikot saiakerak azkenean mesede gehiago egingo zion akaso telesailari kaltea baino, ezta?
Telesailari, nik uste dut baietz. Jende asko boikotaren kontra jarri zen, eta horregatik bakarrik, behintzat Euskal Herrian, askok ikusi zuten lehenengo kapitulu hura, babesa emateagatik. Jende askok esan dit Antena 3 ez duela ikusi ere egiten, baina boikotaren berri izan zutenean ikusi egin zutela telesaila eta gero engantxatu egin zirela. Espainia aldean ere antzeko zerbait gertatuko zela pentsatzen dut. Niretzat, ordea, gogorra izan zen.

Esperoko zenuen, akaso.
Bai, ikusi baititut beste kasu batzuk. Oso denbora gutxian izan ziren Gotzon Sanchezena, Miren Gaztañagarena, Fe de etarrasen aurkakoa… Ni zain nengoen. Eta gertatu zen. Baina hori hala izanda ere, iristsi zenean amorru itzela eman zidan. Isilik egoteko gomendioa eman zidaten, polemiketan ez sartzeko, baina kosta egiten da hori.  Produktorakoak oso ondo portatu ziren, baina katekoak… Dei bat izan nuen katetik, ea inoiz egin ote nuen deklaraziorik biktimen aurka, hori galdetuz, eta ea Bilduko afiliatua edo sinpatizantea nintzen. Esan nion nik nahi nuen moduan pentsatzen nuela. Arazoren bat baldin bazeukaten nire interpretazioagaz orduan larrituko nintzela, baina bizitzan eskubide osoa nuela nahi nuena pentsatzeko. Oso larria iruditu zitzaidan hori galdetu izana. “Ulertzen dut, jakina”, esaten zidan, “lehenago gertatu zaigu, ez dakit ezagutuko duzun Euskal Herriko aktore bat, Miren Gaztañaga…”. “Nola ez dut ba ezagutuko? Nire laguna da”. Halaxe esan nien, “eta oso ondo dakit zelako komunikatua atera zuen A3Mediak. Niri berdina egin behar badidazue jakizue ni leku guztietan aterako naizela hau salatzen”. Eta isilik geratu ziren gaur arte. Igarri dut gero promoziorako eta halako gauzetarako, nahiz eta protagonista izan, ez didatela deitu. Representatea ibili zen galdezka zerbait gertatu ote zen, arazoren bat ote zegoen, zergatik ez nengoen elkarrizketetan eta prentsaurreko zenbaitetan… Hala erabaki zutelako izan zela erantzuten zioten, eta ezin duzu ezer frogatu. Baina nik uste dut oso agerikoa dela. Willy Toledo ere ezagutu nuen honen harira. ETBn gure defentsan atera zen, bere telefonoa lortu nuen eskertzeko, eta elkartu ginen Lavapiesen. Tipo oso jatorra. Azaldu zidan gauzek zelan funtzionatzen duten, zortzi urte daramatza lan barik, eskaini diote Argentinan, Mexikon, baina Espainian ezer ez. Berak bere konpainia dauka, Teatro del Barrio, baina ez pelikuletarako, ez telesailetarako… Eta sekulako aktorea da. Oso larria da, baina horixe daukagu aurrean, frankismoaren herentzia zuzena.

Eta panorama ikusita kontuak ez du hobera egiteko batere itxurarik, ezta?
Aurkakoa! Burua altxatzen duenak garbi dauka, berdin du nor den, barrura, kartzelara. Itzela da, oso larria da. Baina horren aurrean zer egin dezakezu? Isildu, gizartean gertatzen denaren arazoetan ez inplikatu eta zeurera joan? Edo beldurra izan arren aurrera egin? Beldurtzen bazara ez zoaz aurrera. Deserosoa baldin banaiz hauxe naiz ni: hau da nire lanbidea eta hau naiz ni. Baina aurrean sekulako monstruoa daukagu, eta hori euskaldunok oso ondo dakigu, batzuk orain konturatu badira ere.

Telesail asko eta oso txukunak egin dira urte askotan zehar Euskal Herrian. Zer gertatu da orain?
Ez dakit. Egia da krisia aprobetxatu dela murrizketak egiteko, asko gainera. Baina pentsatzen dut aldatu egin dela telebista ikusteko modua. Lehen ikusten genituen kate generalistak, eta orain sortu dira plataforma horiek: Netflix, HBO… Edo sarean topa dezakezu ia edozein telesail, deskargatu eta era pirata batean ikus dezakezu, zuk nahi duzunean eta zuk nahi beste kapitulu. Orain egotea astero-astero kapitulu baten zain… Jendea ez dago horretarako prest. Ohiturak aldatu egin dira, eta aldatu dira audientziak. Zelan neurtuko duzu interneten audientzia? Audimetroekin jarraitzen dute neurketak egiten, baina horrek jada ez du lehengo baliorik. Jende askoz gehiagok ikusi du zu neurtzen ari zaren produktua, baina hori ezin duzu neurtu. Batetik aldaketa hori dago. Bestetik, Euskal Herrira itzuliz, guri Goenkale bukatu zenean esan ziguten oso produktu garestia zela; urteetan ibili ginen hor, eta bat-batean garestia zen. Garestia? Hori baino merkeagorik ezin da egin, hainbeste aktore, hainbeste jende… Ez zuten, gainera, ezer ere inbertitzen, 10 urte lehenagoko arropekin jantzita, etab. Eta garestia zela zioten. Gogoratzen dut lehen egiten zirela telesail pare bat urtean zehar eta gero udan beste bizpahiru gehiago… Baina desagertzen joan ziren, eta egun ez dago apustu finkorik horren alde. Eta begira zelako zineastak irten diren hemendik. Harrapatu horiek, inbertitu diru apurtxo bat kulturan, ez guztia futbolean, eta egin telesail potente bat. Eta gero agian Netflixek erosiko dizu eta euskaraz eginda egongo da! Errementari pelikula Netflixek erosi du, beraz, munduan euskaraz ikusteko aukera hori esistituko da. Halako plataforma handietan argitxo bat ikusten da, gauza onak erosten baitituzte eta lau haizetara zabaldu. Hemen falta zaiguna inbertitu eta egitea da, ausartzea, baina horretarako kultura politika finko bat behar da eta uste dut ez dagoela.

Loreak eta Lasa eta Zabala filmen estreinuen ostean oraindik ez zenuen uste euskal zinema loraldian zegoenik; halaxe adierazi zenigun GEURIAn bertan egindako elkarrizketan. Orain zer diozu?
Orain uste dut hasi dela loratzen. Baina bi estreinu haien ostean ematen zuen sekulakoa zetorrela, Loreakek sekulako oihartzuna izan zuen gainera… Baina hasteko modu bat izan zen. Eta orain bai hartu du karrerilla pixka bat. Orain uste dut sinesten dugula edo instituzioek sinesten dutela egin daitezkeela hemen horrelako gauzak.

2014ko elkarrizketa hartan Basauriko Antzerki Eskolaren itxierak bihotzeko min handia eragin zizula ere aipatu zenuen.
Itxi zenean ni kanpoan nengoen, beraz, ez ninduen hain barrutik harrapatu. Baina sekulako galera izan zen herrirako. Ni akordatzen naiz eskolan hasi nintzenean oraindik Social Antzokia oso zahartuta zegoela, butakak sitsak janda, arratoiak zeuden… oso zahartuta zegoen baina geurea zen, eta hor hasi nintzen ikasten. Tarima taldeak eroaten zuen ardura, eta euren esfortzuari esker zabaldu zen eskola. Gero Udalak hartu zuen parte: Social Antzokia berritu bitartean antzerki eskola hutsik zegoen ikastetxe batera pasatu zen, eta berritu zutenean azpiko partea egin zen beren beregi antzerki eskola egon ahal izateko. Dena berria zen, dena zoragarri. Ez dakit oso argi zein izan zen arazoa, baina badakit plenoan alderdi guztiek bozkatu zutela eskola ixtearen alde, guzti-guztiek. Aukera bezala lehengo eraikinera itzultzea eskaini zitzaiela uste dut, baina Tarimak ez zuen inondik inora onartu. Nire ustez izugarrizko hutsegitea izan zen antzerki eskola ixtea. Euskal Herri guztitik etortzen zen jendea, eta maila handia zuen eskolak. Gainera, Basaurin egiten zen kale antzerki jaialdi bat,  Tarimak berak antolatuta, eta hura ere desagertu egin zen. Galtzen eta galtzen joan gara etengabe. Irakasle bikainak izan nituen: Ramon Barea, Itziar Lazkano… Itxi behar zutela jakin nuenean, protesta gisa antolatu ziren ekitaldietara gerturatu nintzen, baina ez zuen ezertarako balio izan. Eta gaur egun erabaki hura hartu zuen zenbait jende damututa dago: niri batek behintzat esan zidan hori hankasartze itzela izan zela.


Di-Da

Asko estimatzen duzun objektu bat? Amamarena zen argazki liburu bat
Egun librea dudanean… Siesta, eta gero etxean lasai edo gero zinera
Zure bertute bat? Uste dut badakidala entzuten
Akats bat? Burugogorra
Zein da egin duzun azken bidaia? Oihanera, iaz, Amazoniara
Eta egin nahi zenukeena? Filipinetara
Irakurtzen ari zaren liburua. Bihotz handiegia, Eider Rodriguezena
Eta telesailen bat ikusten? The OA
Abesti bat? Zea Maysen Elektrizitatea
Pelikula bat? Relatos salvajes
Besteengan gehien miresten duzun bertutea? Norberarekiko ziurtasuna
Non eta noiz zara zoriontsu? Familiagaz kafetxo bat hartzen euren etxean
Miresten duzun pertsonaia historikoren bat? Che Guevara eta Angela Davis

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|