→Basauri

Itziar Ituño, Kepa Junkera eta Korrontzi, besteak beste, Social Antzokian urria eta abendua artean

basauri social antzokia programazioa aurkezpena urria abendua 2015

Urria eta abendua artean helduentzako zein umeentzako 22 ikuskizun antolatu ditu Social Antzokiak. Euskarazko programazioak leku garrantzitsua izango du.

Urria eta abendua arteko Social Antzokiko programazioa aurkeztu dute gaur Basaurin. Umorea, antzerkia, musika eta dantza dira nabarmenduko diren ekitaldiak, baita umeentzako ikuskizunak ere.

Urriko lehen ekitaldia San Fausto jaietan izango da: Hilaren 11n eta 12an “Faemino y Cansado” bikoteak bere umorezko ikuskizuna eskainiko du. Era berean, Tattaka taldeak “Kreditoa” antzezlana ekarriko du urriaren 23an, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga antzezle direlarik. Maria Adanez aktore madrildarra urriaren 24an izango da Social Antzokian “Insolación” antzezlanarekin. Hilabetea bukatzeko, urriaren 31n Kepa Junkera arituko da Basaurin Organik Dantza taldearekin batera “Txapeldun” aurkezten.

Azaroan opera eta antzerkia nabarmenduko dira. Hilaren 7an “Madame Butterfly” antzeztuko du Opera 2001 taldeak. Antzerkiari dagokionez, estatu mailako aktoreek parte hartuko dute Social Antzokiko programazioan: Jose Luis Gil eta Ana Ruiz, besteak beste. Azaroaren 28an Korrontziren txanda helduko da eta Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin (B.O.S.) batera “Symphonic Bilbon” aurkeztuko dute.

Abenduaren 5ean “Euskal Koreografo Gazteen Erakusketa” izango da eta hilaren 11n denboraldiko antzezlan garrantzitsuenetariko bat etorriko da gurera: “Barealdi Magikoa” (Tanttaka taldea). Bertan, Itziar Ituño aktore basauriarra ariuko da, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia, Jose Kruz Gurrutxaga eta Martxelo Rubio antzezleekin batera. Lolita Flores abeslari eta aktore madrildarrak bisita egingo du abenduaren 12an Social Antzokian “La plaza del diamante” obrarekin.

Social Antzokiko bazkideek sarrerak eskuratzeko aukera izango dute ekainaren 20tik 28ra bitartean antzokiko leihatilean 11:00etatik 14:00etara eta 18:00tik 21:00etara. Publiko orokorrak ekainaren 29tik aurrera eskuratu ditzake leihatilean arratsaldeko ordutegian, Social Antzokiko webgunean edota BBK kutxazainetan edo webgunean.

ANTZERKIA, IKUSKIZUN MUSIKALA ETA PAILAZOAK UMEENTZAKO PROGRAMAZIOAN

Glu Glu Produkzioak, Dejabu Panpin Laborategia, Gorakada Teatroa eta Txirri, Mirri eta Txiribiton bezalako konpainiek Social Antzokiko eszenatokia bisitatuko dute urria eta abendua artean. Euskaraz izango dira ekitaldi gehienak: “Txanogorritxo” (Glu Glu Produkzioak) azaroaren 1ean, “Azken Portua” (Dejabu Panpin Laborategia) azaroaren 8an, “Kontukontari” (La Enana Naranja) azaroaren 15ean, “Moby Dick” (Gorakada Teatroa) azaroaren 29an, “Wangari. Zuhaitz neska” (Karlik Danza Teatro) abenduaren 13an, “Erromirria” (Txirri, Mirri eta Txiribiton) abenduaren 20an eta “Txipli Txapla” (Tomaxen Abenturak – pailazoak) urtarrilaren 3an.

Programazio arduradunek adierazi duten bezala, hiru ekitaldi nabarmentzen dira: “Tripula”, globo aerostatiko baten barruan egingo den antzezlana (Katalunia) urriaren 4an; “Nest”, 6 hilabetetik aurrerako haurrentzako musika ikuskizuna (Belgika) azaroaren 22an; eta “El libro de la selva. El musical” abenduaren 27an.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak