→Basauri

Itziar Ituño: “Konfiantza galdu eta aktore izateko grina erabat abandonatu nuen”

basauri itziar ituño elkarrizketa 2014

Fagorren lanean ari zela, Goenkalerako deitu zioten. Ordutik, “Goenkaleko Nekane” da askorentzat. Baina gelditu barik dabil zineman eta antzerkian ere.

Itziar Ituño aktore basauriarra pantaila handian eta eszenatokietan ikusteko aukera asko dugu egunotan. Izan ere ‘Lasa eta Zabala’ eta ‘Loreak’ (azaroaren 23tik 26ra Social Antzokian) filmeetan eta ‘Barealdi Magikoa’ antzezlanean parte hartzen du.

Bigarren aldiz, Donostiako Zinemaldian izan zara; gainera, aurten Sail Ofizialaren barruan. Nola bizi izan duzu?

Sail ofizialean egoteak dakarren protokoloa hartu behar izan dugu kontuan. Esperientzia ona eta pozgarria izan da, orain arte ez delako euskara hutsezko pelikularik inoiz egon. ‘Loreak’ izan da lehendabizikoa, eta hori oso harro egoteko motiboa da, nahiz eta maskorrik ez irabazi.

Kazetari batzuen ustez “paternalismo apur bat” egon da aukeratzeko orduan, euskaraz zelako, baina hori gezurra da. Ez dut uste ‘Loreak’ hizkuntzagatik aukeratu dutenik. Izan ere ‘Loreak’en hizkuntza unibertsala da, baina Espainian oztopo da euskara. Hori kuriosoa da, jaialdi internazionaletan ez baitago halako banaketarik.

itziar ituno lasa zabala 2014

Itziar Ituño Lasa eta Zabala filmeko une batean :: lasaetazabala.com

‘Lasa eta Zabala’ bezalako filmeek argia ikustea beharrezkotzat jotzen al duzu?

Duda barik, bai. Orain da momentua. Egun, oztopo gutxiago dago halako gaiek argia ikus dezaten, alde batetik zein bestetik. Gustatuko litzaidake mundu guztiak aukera izatea ideologikoki bertsio politiko diferenteak kontatzeko. Beharrezkoa da norberak barruan daukan istorioa ateratzea eta kontatzea.

Filmeak izango duen oihartzuna ozena izango da. Horrek zure lana baldintzatuko du? Hau da, Espainia mailan ezagunagoa izango zarelakoan, horrek lan eskaintza gehiago izateko aukera emango dizu?

Ez dakit ezagunagoa egingo naizen edo zelan eragingo didan horrek niri era onean edo txarrean. Baten bati pelikula ez bazaio gustatzen eta horregatik ez banaute kontratatzen, niri bost. Ni aktorea naiz eta nire lana egin dut. Gero, kontrakoa gertatzen bada eta Espainia mailan aukeratzen banaute, ondo. Baina nahiago ditut pelikulak egin telesail luze bat egin beharrean. Telesaileren batean lan egiteak Madrilen bizitzea suposatzen du, eta nik hori ez dut nahi. Garai labur baterako bai joango nintzateke, baina ni Basaurin oso gustura nago.

ORAIN OZTOPO GUTXIAGO DAGO ‘LASA ETA ZABALA’ BEZALAKO GAIEK ARGIA IKUS DEZATEN

Euskal zinea loraldian dagoela esan daiteke, baina, langile zaren aldetik, zein da aktoreen egoera?

Loraldian dagoela…, horrenbeste ez nuke esango. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzak penagarriak dira eta, bestetik, EiTB krisi larrian dagoela sumatzen dut. Ez dago dirurik kulturarako, antzerkia ez da programatzen dirurik ez dagoelako. Loraldian baldin badago, batzuen esfortzuari esker da. Gu, aktoreok, hor gaude ikusgai, baina horrek ez du esan nahi lana soberan daukagunik. Egia da euskarazko zine gehiago egiten dela, eta hori pozgarria da, baina sekulako esfortzua eskatzen du.

Nolakoa da beste herrialdeetako zinearekin konparatuta?

Euskaraz egiten den zinea errekonozimendua izaten ari da pixkanaka, baina ez da bultzatzen: pelikularen batek oihartzun handia jasotzen duenean, orduan gehitzen dira gurdira telebistak eta ez aldrebes. Europan ematen dituzten subentzioak, hemengo zineak -Euskal Herrikoak- ez du jasotzen. Euskal zinea -euskaraz egiten dena, alegia- heldutasun batera heltzen ari dela uste dut. Nire ustez, oso garai ona izan zuen 80. hamarkadan. Oso pelikula onak irten ziren garai hartan. Gero, basamortu bezalako bat egon zen, eta orain, hasi dira gauzak berriro egiten.

EZ DAGO DIRURIK KULTURARAKO, ANTZERKIA EZ DA PROGRAMATZEN DIRURIK EZ DAGOELAKO

Antzerkiari erreparatuz, Basauriko Antzerki Eskola aipatuko bagenizu…

Nire esperientzian oinarri inportanteena ez baldin bada, inportanteenetariko bat behintzat izan dela erantzungo nuke. Horregatik, itxi zutenean bihotzeko min handia izan nuen. Nik antzerkia lotsa kentzeko eta gustuko nuelako egiten nuen. Aktore izateko amets hori beti barruan izan dut, baina errealitatea beste gauza bat da. Nik, badaezpada, soziologia ikasi nuen, ez nintzelako nire buruaz fidatzen. Horregatik, momentu batean konfiantza osoa galdu nuen eta abandonatuta utzi nuen urte batzuetan. Azkenean, bide horretatik irten zait beharra, Iñaki Garciari esker.

basauri itziar ituño loreak 2014

Loreak filmea :: loreakfilm.com

Telebistako lehendabiziko agerraldia Goenkalen izan zenuen. Nola iritsi zinen hara?

Garai hartan Basauriko Fagorren ari nintzen lanean, baina curriculuma botata neukan Goenkalen.Telefonoz deitu zidaten kasting bat egiteko. Momentu horretan, AEKn nenbilen nire burua euskalduntzen. Proba bat egin nuen Perurenaren etxea garbitzen zuen neskaren papererako, baina ez ninduten hartu. Hilabete batzuk pasatu ziren, eta zuzenean paper bat eskaini zidaten: Nekanerena, ertzainarena. Ez nuen espero, baina aktore bazara denetarik tokatuko zaizu.

Zinea, telebista eta antzerkia jorratu dituzu. Zeinetan sentitzen zara erosoen?

Eroso, hiruretan. Telebista da gehien egin dudana eta bertan eroso sentitzen naiz, baina agian gutxien gustuko dudana ere huraxe izango da, formatu aldetik behintzat. Zinea eta antzerkia gehiago gustatzen zaizkit. Antzerkia egiteak adrenalina gehiago askatzea dakar, ezin baituzu okerrik egin. Antzerkian dena jartzen duzu jokoan eta, gainera, publikoa zure aurrean dago. Zinean, ordea, tranpa egiten da: okertzen bazara, moztu eta berriro errepika daiteke. Beste modu batean komunikatzen da. Istorioa polita da, baina ez da sekula aldatzen. Antzerkian, berriz, istorio berdina beti irteten da ezberdin. Telebistan eta zinean eroso sentitzen naiz, baina antzerkia niretzat erronka bat da.

 

___________________________

«AKATSAK ZUZENTZEKO ONDO DAGO ZURE BURUA IKUSTEA»

Pelikula bat

‘Thelma y Louis’ eta ‘Memorias de Africa’

Bertsio originala ala itzulpena

Bertsio originala hobea da, baina bikoiztutako pelikulak ikusteko ohitura daukagu. Erosoagoa da.

Liburu bat

Uxue Alberdiren ‘Aulki jokoa’

Telebista saio bat

‘Tribuaren berbak’

Zure burua etxeko zein zinema aretoetako pantailan ikustea gustuko al duzu?

Goenkalen ohituta nago, baina zineman gehiago kostatzen zait. Dena dela, akatsak zuzentzeko ondo dago zeure burua ikustea.

Gidoirik ikasi behar ez duzunean

Dantza eta musika ikasten ditut. Panderoa edo perkusioa jotzen dut Dangiliske musika taldean.

Basaurin Be Bagara fenomenoa

Sekulako ideia izan zela esango nuke. Zeozer berpiztu egin zen, nire auzoan behintzat bai, Kaleron. Basauriarren artean kontzientzia piztu egin dela iruditzen zait eta hori oso beharrezkoa da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak