→Basauri

“Jendea ezagutzeko eta euskara plazaratzeko ederra da Berbalagun”

basauri berbalagun taldea 2014

Euskara ikasten ari direnentzako dinamika ludiko eta atsegina da. Talde txikitan elkartu eta euskaraz hitz egiten dute. 160 berbalagun daude Basaurin eta Galdakaon.

Astean behin, asteartetik ostira­lera bitartean elkartzen dira Hego Uribeko Berbalagunak. Normalean, leku zehatz batean dute hitzordua eta gehienetan tabernaren batean elkartzen dira. “Taldeak berak era­bakitzen du zer egin: taberna ba­tean elkartu edo, adibidez, mendira irteerak antolatu”, dio Arrate Arbai­za Bolintxu AEKko Berbalagun koor­dinatzaileak. Programaren helburua oso sinplea da: euskara kalean era­biltzea. Euskaltegiko ikasleek zein norbanakoek parte hartzen dute, inolako mugarik gabe.

Basaurin Berbalagun dinamika 2012/2013 ikasturtean sortu zen, baina aurretik antzeko praktikak izan ziren. Izan ere, aurretik antzeko praktikak izan ziren: “Herri bakoi­tzak badauka Berbalaguna egiteko bere modua. Herri gehienetan AEKk koordinatzen du dinamika, baina Arrigorriagan, adibidez, Udal Eus­kategiak antolatzen du. Gu guztiok koadrilarekin egiten dugun mo­duan, Berbalagunak beste lagun talde batekin elkartzen dira egun eta ordu batez euskara praktika­tzeko. Era ludiko eta atsegin batean egiten da dinamika hau. Horregatik ikasleak euskaltegitik edo hizkuntz eskolatik kalera ateratzen dira, ero­soago sentiarazteko”, laburbildu du Arbaizak.

Galdakaon 2006an sortu zen Berbalagun: “Hasieratik gaur egu­nera gorakada nabaria sumatu dugu”, dio Asier Martin Barandiaran AEKko koordinatzaileak: “Taldeak adinaren arabera antolatzen ditugu: 25 urtetik gorakoak daude, baita 85 urtekoak ere!”.

Aurten, 160 pertsona ingu­ruk eman dute izena Basauriko eta Galdakaoko Berbalagun talderen batean parte hartzeko. Arbaizaren esanetan, “ikasleengandik euskara indartzeko esfortzua badago, baina kontuan izan behar dugu programa hau boluntarioa dela. Askotan Ber­balagunek konpromisoa badute, baina mugatua da: behin edo bes­te gertatu da talde batean pertsona bakarra agertzea, eta beste taldeki­deak ez bertaratzea bestelako lanak dituztelako. Hala ere, konpromiso handiagoa duenik ere badago: bi talde ezberdinekin biltzen direnak ere badira, baita AEKk antolatzen dituen jardueretara animatzen den asko ere: kantuka, hitz-gurutzatuen lehiaketara… Hori pertsonaren ara­berakoa da”.

HAUEK DIRA BERBALAGUN

Nahikari euskaldun zaharra da eta aurten izena eman du programan parte hartzeko. Oraingoz ostegu­netan astero elkartu da Berbalagun taldearekin eta prest dago aurre­ra jarraitzeko. “Euskara ikasten ari diren pertsonei laguntzea niretzat dibertigarria da, ez dit esfortzurik eskatzen, hitz egiten dugu, ondo pasatzen dugu. Gustura nago. Gai­nera, jende berria ezagutzeko eta euskara kalera ateratzeko aukera paregabea da. Basauri bezalako he­rri batean Berbalagun bezalako pro­gramak beharrezkoak direla uste dut. Euskaldunak ez dira hain erraz kalean topatzen; badaude, baina ez dugu elkar ezagutzen. Hortaz, eus­kaldunek elkar ezagutzeko ezinbes­tekoa dela uste dut”.

Nahikariren talde berean Rebe­ca dago. Txikitatik ikasi du euskara, baina Bolintxu euskaltegian ari da hizkuntza erabilera hobetzeko. Eus­kara batua eta bizkaiera nahasten dituela dio. Horregatik, Berbalagun dinamikan izena eman du aurten: “Jendea ezagutzeko eta zeozer egiteko apuntatu naiz. Azkenean etxean geratzen bazara ez duzu euskara erabiltzen eta programa honekin euskara mantendu, hobetu eta erakusten duzu”.

EUSKARA INDARTZE­KO INTERES HANDIA DUTE IKASLEEK”

ARRATE ARBAIZA BOLINTXU AEKko BERBALAGUN KOORDINATZAILEA

 

Astearteetako taldean zazpi pertsona daude. Encarnik 60 urte ditu eta pasa den urtetik da Berba­lagun: “Iaz bi taldetan egon nintzen. Orain dela 30 urte hasi nintzen eus­kara ikasten, baina programa hone­kin erabilera indartzen dut. Orain ez nago AEKn matrikulatuta, baina berdin-berdin elkartzen gara, nahiz eta momentuan bertan euskara ikasten ez ari. Euskarazko komuni­kabideak irakurri eta ikusten ditut”.

Erikek magisteritza ikasketak egin ditu eta euskaraz hobeto hitz egin nahi du. “Taldeko dinamiza­tzaileak guztiz beharrezkoak dira eredu onak irakasten dizkigutelako. Berbalagun taldean euskaraz ari­tzen gara, baina hortik kanpo zaila egiten zaigu. Lehenengo hitza beti gaztelaniaz”. Horren harira, honako pasartea gogorarazi du: “Behin ban­ketxera joan nintzen ordainketa bat egitera eta mahai gainean “niri eus­karaz” txartela ikusi nuen. Euskaraz hasi nintzen, baina langilea ez zen gai euskaraz egiteko eta gaztelania­ra egin nuen salto”.

Basauriko Berbalagun koordi­natzaileak gogora ekarri nahi izan du euskararen erabilera “beti sus­tatu behar dela, ez bakarrik Berba­lagun egitasmoarekin”. Euskararen normalizazioan Berbalagun oso garrantzitsua dela argudiatu du Ar­baizak. “Pertsonen arteko harrema­nak lantzen ditugu, talde txikietan lotsa galtzeko. Gainera, Berbalagun programaren bitartez ezagutzen ez genituen euskaldunak ezagutzen ditugu. Gure helburua lehenengo euskaldun garenon artean elkar ezagutzea da eta gero hori bultzatu eta besteengana hedatzea”.

Gora