→Basauri

Koldo Etxebarria: “Gizakiaren eguneroko hausnarketak biltzen ditut nire lanetan”

basauri koldo etxebarria pintorea elkarrizketa 2015

Edertasuna da Koldo Etxebarria pintoreak erabiltzen duen kontzeptua bere margolanak egiteko. Ez da pintore arrunta, 3D teknologia erabiltzen du bere lanak egiteko.

Basaurin bizi den pintore ezagu­na da Koldo Etxebarria (Lemoa, 1960). Aitzindaria da mundu osoan bere obretan 3D teknologia erabiltzen duelako. Horren harira, 2014an pintura munduko bi sari jaso ditu Belleza más allá de las formas lanari esker: Focus Aben­goa saria eta Arte Digital saria. Biak nazioarte mailako garaiku­rrak dira: bata Sevillan jasoa, bes­tea Kanadan.

Garrantzia handiko sariak omen dira 2014an eman dizkizutenak.

Hala da. Arte Digital saria Kana­dako Artisten Federazioak anto­latzen du. Maila altuko elkartea da, eta estatuko garrantzitsuena. Sevillako Focus Abengoa saria, bestalde, ospe handikoa da Espai­nian, arte garaikideari dagokionez.

Zergatik uste duzu saritu dutela Belleza más allá de las formas?

Alde batetik prozedura piktori­koa egiteko teknologia berria -eta kasu honetan, 3D teknologia- era­biltzen dudalako, eta bestetik ar­tearekiko dudan ikuspegiagatik; gizakiaren planteamendu meta­fisikoagatik, alegia. XX. mendetik datorren planteamendua da -adi­bidez, Italian Chirico eta Morandi-eta nik bide hori jarraitu nahi dut, barrualde holandarrarekin batuta hizkuntza piktoriko gisa -Holan­dan Hooch eta Vermeer-. Horrega­tik, tradizioa ere saritu dutela uste dut.

Azaldu zehazki zer den obra ho­netan islatu nahi izan duzuna.

Ez obra honetan bakarrik, gainon­tzekoetan ere antzekoa bilatzen dut. Planteamendu piktorikoaren arabera, leihoetatik sartzen den argia interesatzen zait, baita ba­rrualdeko espazioa eta pertso­naren sakontasuna ere. Hau da, gizakiak bere egunerokotasunean egiten duen hausnarketa guztia biltzen dut nire lanetan.

basauri koldo etxebarria pintorea focus abengoa 2015

Koldo Etxebarria Focus Abengoa saria jasotzen :: Focus Abengoa

Eta, zein da arte-kritikarien hausnarketa zure lanarekiko?

Adibidez, Xabier Saenz de Gorbeak -maiatzaren 30ean zendua- maiz esaten zidan erabateko koheren­tzia dudala planteamendu piktori­koan. Nire artearen kontzeptua ez da objektuen edertasuna sortzea, baizik eta buruan daukadan ideia adieraztea. Urte dezente daramat kontzeptu hau garatzen eta argi daukat niretzat interesekoa izaten jarraituko duela. Garrantzia handi­ko planteamendua iruditzen zait.

Nire artearen kontzeptua ez da objektuen edertasuna sortzea, baizik eta buruan daukadan ideia adieraztea

Hitz egidazu orain Edertasunari buruz.

Ikerkuntza eta hausnarketa lan handia izan du Edertasuna kon­tzeptuak eta gauza batez ohartu naiz: edertasuna ez dagoela ob­jektuetan, ezta artelan batean edo kanpoko bistaratzean ere; Ederta­suna gugan dago. Egia esan, artea­ren balioak piztu egiten du gure liraintasuna. Edertasuna ez da ukigarria, kontzientzia egoera da, emozioa.

Pintura zuretzat bokazioa izan al da txikitatik?

Bai. Txikitatik pinturarekiko zaleta­sun handia izan dut. Asko intere­satzen zitzaidan eta 7 urte nitue­la, pintatzen eta marrazten hasi nintzen. Egun osoa ematen nuen “obra” txikiak egiten.

Horregatik, Arte Ederrak ikaske­tak egitea erabaki zenuen.

Arte Ederretan sartu aurretik, 13 edo 14 urte nituela, Bizkaiko Elkar­te Artistikora joaten hasi nintzen. Bilboko Alde Zaharrean ikastegia zegoen eta bertan nagusientzako eskolak ematen zituzten. Ni gaz­teena nintzen. Ondoren, institutu garaian -Iurretan-, Leioan zegoen zentro batera joaten nintzen as­tebururo; bertan, pintura tailerrak antolatzen zituzten, Unibertsi­tatearen jarduera paralelo gisa. Gero, Arte Ederrak ikasi nituen Leioako Campusean (EHU). Gure promozioa lizentziatu zen aurre­nekoa izan zen, lehen Goi Mailako Eskola zelako.

Edertasuna ez dago objektuetan, ezta artelan batean edo kanpoko bistaratzean ere; Edertasuna gugan dago

Zerk bereizten zaitu gainontzeko pintoreengandik?

Beste pintoreek ez dute nik be­zain argi kontzeptuaren defini­zioa. Hau da, pintore gehienek kontzeptu batean jartzen dute arreta, gero guztiz aldatzen dute eta beste kontzeptu batera egiten dute salto. Zentzu horretan, nik ja­rraikortasuna ematen diot gizakia­ren planteamendu metafisikoari. Gainera, berrikuntza moduan 3D teknologia erabiltzen dut. Irudi berria da, garaikidea eta aldi be­rean, pintura munduan manten­tzen da.

3D teknologiaren harira, azaldu nola lan egiten duzun.

Zinean eta telebistan asko era­biltzen duten programa erabil­tzen dut: Autodesk Maya. Buruan ditudan ideiak eta zirriborroak koaderno batean islatzen ditut. Hausnartu egiten dut eta ondo­ren, ordenagailua erabiltzen dut koadro bat balitz bezala. Pintore baten planteamendu bera egiten dut, baina ehun batean pintatu beharrean, ordenagailuan egiten dut.

Buruan ditudan ideiak koaderno batean islatu, hausnartu eta ondoren ordenagailuan marrazten ditut koadroak

Zenbat aldatu da pinturaren mundua?

Asko. Lehen ez zegoen pintorerik apenas. Ni Arratia eskualdekoa naiz eta bertan ez zegoen artista­rik. Basauriko garai ezberdinetan ezagunak dira Pinceles (1926- 1993), Ibarrola (1930) eta Lizaso (1961), besteak beste, bai pintu­ran bai eskulturan. Nire iritziz, gi­zartearen bilakaera dela eta, gau­zak aldatuz doaz. Adibidez, XVII. mendean artea kontsumitzen zu­ten bakarrak aberatsak ziren: eliza eta estatua. Gaur egun, zorionez, hori ez da horrela eta artea esku­ragarri dago edonorentzat.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak