Quantcast

Basauri eraberritzeari buruzko kontsulta egitea baimendu du Espainiak

basauri pozokoetxe bidebieta san fausto 2016 plana airetik

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe plan estrategikoari buruzko herri-kontsulta egiteko baimena eman du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Abenduan izango litzateke galdeketa

Basauriko San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe inguruko eremua eraberritu ahal izateko herri galdeketa iazko irailean geldiarazi ondoren, Espainiako Ministro Kontseiluak oraingoan baimena eman dio Basauriko Udalari herri kontsulta egiteko. Aurreikuspenen arabera, abenduan burutuko litzateke galdeketa, baina baliteke berau hilabete aurreratzea, azaroan. “Ados zaude San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko proiektu hau aurrera eramatearekin?” izango da galdera.

Espainiako Ministro Kontseiluak publiko egin duen oharraren arabera, Konstituzioaren 149.1.32. artikuluak dio Estatuak eskumen esklusiboa duela herri kontsultak baimentzeko, erreferendum bidez. Era berean, Basauriko Udalak planteatzen duen kontsultak baldintza araueraileak betetzen dituela onartzen du. Izan ere, Erregimen Lokalaren Oinarrietako Lege Erregulatzaileak udalerriei aintzat hartzen die, besteak beste, hirigintzari buruzko galdeketak egin ditzaten: planteamendua, kudeaketa, lanak burutzea eta diziplina urbanistikoa.

Basauriko Udalak herri kontsulta egin ahal izateko eskaera bidali zion ekainean Ministro Kontseiluari. Honek epea zuen abuztuaren 3a baino lehen erantzuna emateko, eta aurretik eman duenez, baliteke azaroan burutzea galdeketa.

2016ko irailaren 25ean –Euskadiko hauteskundeekin batera– ospatzekoa zen herri kontsulta, baina Espainiar Estatuko Abokatutzak kautelazko etendura eskatu zuen hilaren 15ean. Ondoren, Bilboko Auzitegiak behin betiko geldiarazi zuen galdeketa irailaren 21ean. 2017 urte amaieran, baina, lehendabiziko herri kontsulta ospatuko da Basaurin, hirigintzari dagokiona.

Erredakzioa

Geuriako erredakzioa. Gurekin harremanetan jartzeko idatzi info@geuria.eus helbide elektronikora, deitu 94 440 66 92 telefono zenbakira edo idatzi iruzkina.

Erlazionatutako edukiak

*

*

Top