→Basauri

Lontzo Sainz: “Herritar guztiak ez dira kazetariak: batzuk lekukoak dira eta beste batzuk kazetariak gara”

EITBko Transformazio Digitalerako zuzendaria da Lontzo Sainz. Kazetaritzaren bilakaeraz, kazetarion lanaz, teknologia berriez eta sare sozialez, gertuko kazetaritzaz, tokiko hedabideez eta Geuriaz berba egin dugu berarekin.

Lontzo Sainz, EITBko Transformazio Digitaleko Zuzendaria / Geuria

Hiru hamarkada egin ditu Lontzo Sainzek (Basauri, 1966) EiTBn lanean. 1989an iritsi zen Euskal Irrati Telebistara eta ordutik bertan dabil. Gaur egun Transformazio Digitalerako zuzendaria da. Kazetaritzaren bilakaeraz, kazetarion lanaz, teknologia berriez eta sare sozialez, gertuko kazetaritzaz, tokiko hedabideez eta Geuriaz berba egin dugu.

30 urte bete dituzu ETBn lanean.
EiTBra heldu aurretik, ikasten ari nintzela, praktikak egin nituen Deia egunkarian eta jaietako gehigarrien egile zein herri ezberdinetan (Basauri, Galdakao eta Arrigorriaga inguruetan) berriemaile izan nintzen hilabete batzuetan. Ondoren, EITBko bekak atera zituen EHUk, horietara aurkeztu eta hautatu ninduten. Gero, kazetaritza ikasketak amaituta, oposaketa atera zen EiTBn: garai hartan hainbat postu eskaintzen zituzten eta horietako bat lortu nuen. Ordutik EiTBn nago.

Zein lan egin dituzu EiTBn?
Bada, denetarik egin izan dut. Lehenengo kazetari bezala aritu nintzen erredakzioan, gero Politika arloko buru izan nintzen, bateragile, koordinatzaile, editore… Hamar urte eman nituen albistegietan, gero bost urte eman nituen EITBko prentsa-buru bezala, eta gero beste hamabost urte eman ditut Interneteko kontuetan, batetik bestera. Adibidez, eitb24.com ataria sortu genuen informaziorako, eta gero ibili nintzen Social Media delakoan: SEOa, analitika, eduki automatizatuak… Hau da, urte hauetan guztietan egon diren beharretan buru-belarri. Eta, amaitzeko, duela urtebete eskaini zidaten Transformazio Digitalerako sortu behar zuten zuzendaritza berri baten ardura. Hori onartu eta gaur egun horretan ari naiz.

Eta zertan datza Transformazio Digitala?
Hedabidea inguru digital berrira egokitzean datza. Duela hamabi urte Bilboko EITBko egoitzara lekualdatu ginenetik produkzio sistemak digitalizatuta ditugu. Baina, gaur egun, Transformazio Digitalaren oinarrian daude pertsonak, lan egiteko moduak eta prozesuak. Ni prozesuetan aritzen naiz: nola lan egiten dugun gaur egun eta nola lan egin beharko genukeen. Nire betebeharra da eguneroko lanetan aritzen direnei eten bat egin dezaten laguntzea, pausa bat har dezaten eta bere lan ohiturak zuzendu ditzan. Zuek inor baino gehiago ezagutzen duzue zer den kazetaritzan ibiltzea, eta egunerokotasunak jan egiten zaitu askotan. Norbaitek ez bazaitu bahitzen, uste duzu esku artean duzuna dela inportanteena eta garrantzitsua da ere arnasuneak izatea.
Albistegietan hasi gara esku hartzen: kazetari, laguntzaile, errealizazio, produkzio, administrazio edota Dokumentazio departamentuan. Gutxi gorabehera, 300 bat lagun egon gaitezke transformazio prozesuan lanean.

Azken urteotan kazetaritza bera eta kazetarion lana asko aldatu da.
Ikaragarri aldatu da. Pentsa, ni hasi nintzenean teletipoak moztu egiten nituen. Nik bizi izan dut erredakzioan idaz-makina tradizionaletatik ordenagailuetarako saltoa edota Interneterako konexioa zuen erredakzioko ordenagailu bakarra. Gaur egun informazioaren uholde eta magma horretan, kazetariaren lana da jendeari tresnak ematea, ahalik eta ikuspuntu zabalena izan dezaten. Are gehiago komunikabide publiko batean: gertaeren testuingurua ematen eta informazio baliagarria sortzen lagundu behar dugu. Kontuan eduki behar dugu herritar guztiak ez direla kazetariak: batzuk lekukoak dira eta beste batzuk kazetariak gara. Ezberdindu behar direla uste dut.

Kazetariok badakigu hori, baina herritarrak benetan jakitun dira?
Herritarren lekukotzak oso inportanteak dira, baina kamera edo mugikor batekin sute bat grabatzen duen hiritar bat ez da kazetaria. Lekukotza bat emateko beste modu bat daukan herritarra baino ez da. Kazetariak irudi edo lekukotza horiek kontrastatzen ditu, sinesgarritasuna ematen die eta beste bide batzuk bilatzen ditu. Adibidez, iturri ofizialetara joz. Kazetari baten atzetik lan gehiago dago. Batzuek badakite hori, baina beste batzuek, ordea, ez. Kazetariak profesionalak gara.

Uste duzu irakurleek gero eta gehiago estimatzen dituztela bideoak eta argazkiak, testuen gainetik?
Informazioaren alorrean bideoak sekulako ikusgarritasuna dauka eta inolako zalantzarik gabe bideo baten balioa ez du inork ukatuko. Baina begira ni nondik natorren eta zuek non zaudeten, hasiera batean zer ziren agerkariak edo astekariak, gaur egun erabat diferenteak dira. Ni mundu horretatik nator eta asko baloratzen dut oraindik ere testuak daukan indarra, batez ere albisteen alorrean. Badaude hainbat eta hainbat gauza testu baten bitartez jasotzeko errazagoak direnak bideo baten bidez baino. Eta kontrara ere bai, noski. Argi dago gaur egun bizi dugun aro digitalean bideoa dela erregea. Esaterako, gazteen artean bideoa nagusi dela ezin da ukatu.

Horretan ere teknologia berriak eta sare sozialak kazetarion osagarri bilakatu dira.
Hala da. Ikuspuntu estrategiko ezberdinak daude enpresa periodistikoetan. Nik gogoratzen dut 2015ean Facebookek Instant Articles atera zuela. Hau da, komunikabide baten albisteak Facebooken bertan irakurtzeko aukera. Munduko komunikabiderik inportanteenak sartu ziren horretan. Hala nola, The New York Times, The Washington Post, The Guardian edota BBC. Handik bi urtera ikerketa bat egin zen eta ikusi zen komunikabide horiek ez zituztela euren albisteak Facebook Instant Articles-en argitaratzen, marka eta ospe kontuagatik. Honek zer esan nahi du? Albisteak sare sozialetan zabaltzea ondo dagoela, baina guztiok nahi dugu erreferente izan. Komunikabide publikoek neurtu behar dugu non dagoen oreka hori. Noraino gure edukiak garraiatzeko modu bat diren sare sozialak (hori inork ez du ukatuko), baina aldi berean, erreferentzialtasuna ez genukeen galdu behar mundu zabal honetan.

Eta nola lortzen da erreferente izatea?
Webguneetatik zuzenean jasotzen den trafikoa gero eta txikiagoa da. Erabiltzailea komunikabidera heltzen da bilatzaileen edo sare sozialen bidez. Hortaz, erreferentzialtasuna galdu egiten dugu. Baina egoera horri nola buelta eman? Konklusio batera heldu ginen: kalitatea jarri behar dela edukietan. Jendeak kalitatea eskertzen du eta horrek bihurtzen zaitu erreferente. Adibidez, egunkari batzuk ordainpeko edukiak jarri dituzte webgunean, eta irakurleak erakartzeko konturatu dira kalitate handiko produktuak eskaini behar dituztela, bestela jai.

Sare sozialetara itzuliz, kazetariontzako dekalogoa argitaratu zenuten.
Bertan gomendioak eman genituen. Hala nola, kazetari batek bere twitter profil pertsonalean idazten duena, noraino identifikatu daitekeen bere komunikabidearekin, nahiz eta iritzi pertsonala adierazi. Oreka bilatu behar da, baina jendeak beti identifikatuko zaitu. Bestetik, kazetarien kasuan konprobatu behar duzu sare sozialetan ikusi duzuna benetakoa den edo ez; gero lekukotza bat egotekotan (grafikoa izan zein ez), berau egin duenarekin harremanetan jarri eta baimena eskatu, eta ziurtatu irudi horiek bereak diren edo beste bide batetik hartu dituen; kazetariaren kontrako irainei zelan aurre egin; edota hanka sartzerik eginez gero, onartzea. Jendeak eskertu egingo du hori. Horrelakoak azaltzen dira dekalogo horretan.

Azken urteotan tokiko hedabide asko sortu dira Euskal Herrian. Asko gainera euskaraz, tartean Geuria. Nola ikusten duzu tokikoen egoera gaur egun?
Nire iritziz, gauza bat da boluntarismotik sekulako meritua izatea eta beste gauza bat da zenbaitentzako bizimodua ateratzea horrenbeste gustatzen zaigun profesio honetatik. Nik uste dut Tokikom tresna izugarria dela. Sekulako balioa dauka guztion artean egin den ahaleginak, bateragune horretan elkarlanean aritzeko. Etorkizuna oso lotuta dago tokikoek egiten duzuenarekin: gertukoari garrantzia ematea, baina betiere kalitate puntu hori bilatuta. Gauza ezberdinak egiten saiatzen zarete, beste komunikabide batek egingo ez lituzkeenak.

Geuriak, Hego Uribeko lehen euskarazko hedabideak, bost urte beteko ditu.
Oso berri ona! Duela bost urte Geuria proiektuaren aurkezpenean izan nintzen eta ilusioa bazegoela ikusi nuen. Euskal hiztunok beharrezkoa dugun komunikabidea da, batez ere euskara gure eskualdean normalizatzeko. Baliteke gaur egun gazteek Geuriaren paperezkoa ez kontsumitzea –normalean egunkaririk ez dutelako irakurtzen-, baina oso txukun eginda dagoela deritzot. Kristoren meritua dauka egiten duzuen lanak. Badakigu edukiak euskaraz sortzeak zenbateko ahalegina eskatzen duen, eta txalogarria da paperezko edizioarekin zer nolako emaitzak lortzen dituzuen: Izugarriak!

Gertuko kazetaritza egitea garrantzitsua da?
Inkesta bat egingo bagenu eta kalean “gertuko kazetaritza estimatzen duzu?” galdetuko bagenu, jendeak baietz erantzungo luke. Gauzak eginez erakutsi behar ditugu. Gertuko kazetaritza egiten duzunean konturatzen zara benetan oso gauza hurbilak ateratzen direla. Agian ez du oihartzun handirik izango, baina oihartzun nahikoa lortzen duenean, eta ikusten denean gertuko istorioa dela, kalitatearekin egina, gehiago estimatuko du herritarrak. Teorian, kazetariok sentimenduetatik urrun egon beharko genuke, baina ni ez nago ados. Guk istorioak kontatzen ditugu, eta istorioetan arima, sentimendua, atxikimendua edota pertenentzia egon behar du. Jendearengandik gertu egoteko beste modurik ez dago.

Geuria bezalako hedabide lokal batek zertan laguntzen du gizartean?
Herri sentimendua sortzen laguntzen du. Inork ez bezala ulertzen ditu gauzak herriko komunikabide batek. Herrigintza oso hitz potoloa da, baina tokiko hedabide batek, eta Geuriak kasu honetan, horretan laguntzen du. Gainera, Geuriak meritu handiagoa du euskaraz informazioa sortu eta zabaltzen baitu. Euskaldunok erreferente batzuk izatea ahalbidetzen du, beste hizkuntzetan dauden bezala, eta horrek sekulako balioa dauka.

Hedabide handiak (EITB, kasu) eta tokiko hedabideak (Geuria, adibidez) osagarriak dira?
Bai, zergatik ez? EITBn Tokikomekin bildu izan gara. Egia esan, orain arte oso gauza gutxi egin ditugu elkarrekin, baina harremana egon badago. Elkarlanerako esparruak egon daitezkeela uste dut. Esate baterako, Valentzian esperientzia hau ezagutu dut: tokiko irratiek À punt kate publikoarekin bat egiten dute tarte batzuk elkarrekin egiteko: batak informazio lokala ematen du, eta besteak informazio zabalagoa.

Interneten publizitatea sartzeari dagokionez, zer uste duzu?
Hori da benetako erronka gaur egun. Beti esaten da Interneteko publizitateak goranazko joera duela, baina bi plataformentzat bakarrik: Google eta Facebook. Egia da eurentzat negozioa primerakoa dela, baina gainontzekoentzat oso latza da. Are gehiago euskarazko publizitateari dagokionean. Gure kasuan, EITBn aurrekontuaren zati txiki bat baino ez da publizitatea, baina tokiko komunikabideetan oso garrantzitsua da hura lortzea. Instituzioen aldetik laguntza jasotzea ondo dago, baina tokikoek lortu behar duzuena da horrengandik ahalik eta urrunen egotea horren menpe ez egoteko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak