→Basauri

Agur Basauriko maisu-maistren etxeari

Bihar botako dute Arizgoitiko maisu maistren etxea. Orain arte eraikinaren barrualdea husten ibili dira baina bihar, abuztuak 8, azpiegitura eraisten hasiko dira.

Maisu maistren etxea, Arizgoitin / Geuria

Bihar botako dute Arizgoitiko maisu maistren etxea. Orain arte eraikinaren barrualdea husten ibili dira baina bihar, abuztuak 8, azpiegitura eraisten hasiko dira. Lanen ondorioz Nagusia kaleko errepide zati bat moztuko dute udaletxerako noranzkoan, Social Antzokitik Arizgoiti plazara arte. Obretan lanean ari diren beharginek erregulatuko dute trafikoa, autoei jaitsi eta igotzeko txandakako baimenak emanez.

34 etxebizitza

Basauriko erdigunea eraldatzeko planaren lehen pausoak nabariak dira dagoeneko, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe auzoak birgaitzeko lanekin: Pozokoetxeko trenbide multzoko hormaren eta maisu maistren etxearen eraisketak.

Grupo Eibar taldeak 34 etxebizitza eraikiko ditu Arizgoitin, denak salmenta librekoak. Hiru eta lau logeletako etxebizitzak izango dira eta denek bi plazetara izango dituzte bistak: Arizgoitiko plazara zein San Fausto plazara. Gainera, garajeak eta trastelekuak ere eraikiko ditu enpresak, eta lokal komertzialentzako lekua ere utziko du. Eraikuntza-enpresaren arabera, 34 etxebizitzen salmenta bide onean doa. Etxebizitza bakoitzak gutxienez 400.000 euro inguruko kostua du.

Basauriko Udalak joan den azaroan saldu zuen Arizgoitiko Maisu-maistren etxearen lursaila. 4.701.000 euro jaso ditu (BEZa gabe) Udalak, aurreikusita zegoena baino 1.080.000 euro gehiago. Hain zuzen ere, 3.619.879 euroan atera zuen Udalak Arizgoitiko Maisu-maistren etxea erosteko lizitazioa. Lehiaketara hiru enpresa aurkeztu ziren eta horietatik Residencial Basozabal S.L. enpresak (Grupo Eibar) erosi zuen lursaila.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak