→Basauri

Maite Iza: “Guretzako ez da erraza jendea igerilekutik kaleratzea, baina gure egoerak aldatu beharra dauka”

Bizkaiko udal kiroldegietako langileak protestan ari dira, 2018tik berritu gabe baitute hitzarmena eta asko dira dituzten aldarrikapenak. Basauriko Artunduaga kiroldegira gerturatu gara horiek zeintzuk diren bertatik bertara entzuteko. Aitortxu Arroyo eta Maite Izarekin egin dugu berba.

Artunduagako sorosleak eta begiraleak, kiroldegiko atarian protestan / Geuria

Maiatzean hasi zituzten lanuzteak, eta badirudi lan gatazkak, momentuz, ez duela gertuko irtenbiderik. Bizkaiko udal kiroldegietako langileak protestan ari dira, 2018tik berritu gabe baitute hitzarmena eta asko dira dituzten aldarrikapenak. Basauriko Artunduaga kiroldegira gerturatu gara horiek zeintzuk diren bertatik bertara entzutera. Aitortxu Arroyo eta Maite Izarekin egin dugu berba.

Zein da Basauriko kiroldegietako igerilekuko eta lur jardueretako langileen egoera?
Gu langile subrogatuak gara. Lau urterik behin lehiaketa publikoa ateratzen du Basauri Kirolakek eta lehiaketa irabazten duen enpresaren menpe geratzen gara. Berdin du zein enpresak irabazten duen, Bizkaiko kirol-azpiegituren ustiapenerako hitzarmena errespetatu behar dute. Beraz, gure baldintzek berdin jarraitzen dute batekin zein bestearekin. Asuntoa da hitzarmen hori erabat zaharkituta dagoela. Bestelako sektoreetan langileen baldintzak eta eskubideak aurrera doazen bitartean, gurean berdin jarraitzen dute. Hori dela eta, 2018an berritu behar zen hitzarmena (2014-2018) ez zen berritu. Sindikatuek ez zuten proposamena sinatu eta ordutik hitzarmen kolektiborik gabe ari gara. 18 hilabete baino gehiago daramatzagu negoziaketekin eta erabateko blokeoa jasaten ari gara Bizkaiko kirol enpresen eta CEBEK patronalaren aldetik.

Zeintzuk dira hitzarmen berrirako egiten dituzuen aldarrikapen nagusiak?
Nondik hasi… Ikastaroetako ratioak adibidez. Asko kezkatzen gaitu ikastaro bakoitzean dagoen erabiltzaileen gehiegizko kopuruak. Guk aldarrikapen argiak ditugu: 4 urte azpiko umeekin 6 pertsona gehienez; 4 eta 6 urte arteko umeen taldeetan 8 pertsona gehienez; eta 7 urtetik gorakoetan 10 pertsona gehienez. Hitzarmen berrian ratio hauek ondo zehaztuta gera daitezela nahi dugu, gaur egun ohikoa baita kopuru hauek gainditzea. Zenbait ondorio ditu horrek: batetik, begirale bakarrarekin horrenbeste ume uretan egotea oso arriskutsua suerta daiteke; bestetik, ikastaroaren kalitatea nabarmen gutxitzen da. Segurtasun kontuengatik, taldea handia denean, erabiltzaile batzuek kanpoan itxaron behar dute eta logikoa denez, ikastaroaren eraginkortasuna baxuagoa da.

Ematen dizueten arropaz ere kexu zarete.
Egungo hitzarmenak dio txankletak, praka luzeak eta kirol jertsea eman behar dizkigutela. Pentsa, kanpoko igerilekuetan lan egiten dugunok egun freskoetan ere hor egon behar gara.  Bada, enpresek kirol jertse bat, bi bainujantzi eta bi kamiseta ematen dizkigute urte osorako, txankletarik ez eta praka luzerik ere ez.

Atsedenerako ematen dizkizueten tarteekin ere ez zaudete ados.
Zazpi ordu eta erdi lan egiten dugunok ez daukagu atsedenerako tarterik. Suerta daiteke ume ikastaroetatik helduen ikastaroetara pasatzen 5 minutuko atsedentxo bat egin ahal izatea, baina ez ohikoena. Denbora tarte hori, berez, ez da existitzen. Guk argi diogu: 6 ordu baino gehiago lan egiten duen pertsona batek gutxienez 20 minutuko atsedena izan behar du. Bestetik, medikura joan behar bagara edo senitarteko bat gaixorik jartzen bada,  txanda aldaketa eskatu behar diogu lankide bati. Guk geuk konpondu behar dugu arazoa, berez, ez dugulako horretarako eskubide formalik.

Eta ikastaroak prestatzeko denborarik al duzue?
Lanorduetatik kanpo. Hau da, gure saioak prestatzeko erabiltzen dugun denbora ez zaigu ordaintzen. Gure jardunaldiak jarraiak dira, eta beraz, klasean bagaude, ezin ditugu saio berriak prestatu. Noiz egin behar ditugu? Ba, etxean gaudenean. Arazoa musikaz baliatzen diren saioetan dago batez ere (aquagym, aquabike, spinning…) audio pistak guk geuk prestatzen baititugu eta horrek lana eskatzen du. Honen aurrean ere, argi diogu: hiru hilabeterik behin langileok 4 lanordu kobratzea. Ez dugu uste enpresentzako arazo handia denik, urtean 16 ordu dira bakarrik, baina guretzako garrantzitsua da lan hori aitortzea.

Zenbat kobratzen duzue zuek orduko?
Igerilekuko sorosleak 7 euro kobratzen ditu orduko eta kirol jardueren begiraleak 8 euro orduko. Zertxobait gehiago kobratu daiteke jarduera bereziren bat egiten baduzu, baina bataz beste hori da gure hileroko nominan kobratzen duguna.

Eta jai egunetan?
8 euro orduko. Lotsagarria iruditzen zaigu. Lankideak ditugu larunbat, igande eta jai egunetako kontratuak dituztenak, eta gehiago kobratu beharko luketela uste dugu. Beste sektore batzuetan gehiago kobratzen dute jai egunetan lan egiten dutenek, eta gurean ere horrela izan beharko litzatekeela uste dugu.

Zein kontratu mota duzue zuek?
Gutako inork ez du jardunaldi osoko kontratu bat. Ezinezkoa da. Gure hitzarmenak dio astean 37 ordu eta erdiko jardunaldia dela jardunaldi osoa, eta gure kontratuen bataz besteko 30 ordu ingurukoa da. Jardunaldi osoko kontratua eduki ahal izateko lanaldi osoaren orduak jaistea eskatzen dugu hitzarmen berrian. Bestetik, aldi bateko edota ordu gutxiko kontratuak oso ohikoak dira gure sektorean. Bi ordu Basaurin, beste bi Atxurin eta beste bat Artxandan. Eta txarragoak ere badaude: 45 minutuko ikastaro baterako etorri eta etxera bueltatu. Mugikortasuna, jakina, ez digute ordaintzen. Zenbait kasutan dirua galtzen dugu. Kontratu horiek ekiditeko formulak txertatu behar dira hitzarmen berrian.

Formakuntzak lanorduen barruan izan daitezela eskatzen duzue.
Osasuna eta kirola, zorionez, modan jarri dira gizartean. Ondorioz, geroz eta profesionalagoa da gure sektorea eta etengabeko formakuntza eskatzen digute. Oso iruditzen zaigu hori. Zer da baina, gertatzen dena? Barne formakuntzak asteburuetan izaten direla, gure lan ordutegitik kanpo eta sosik kobratu gabe.

Lanuzteek zer nolako jarraipena dute Basaurin?
Udan hamar langile gaude igerilekuko plantillan, eta jarraipena %90ekoa da. Lur jardueretako langileak 10 dira, eta jarraipena %80koa da.

Kiroldegiko erabiltzaileek pentsa dezakete euren udara izorratzen ari zaretela.
Gure mobilizazioak gure onerako eta euren onerako dira. Gure lan baldintzak hobetzeak erabiltzaileen segurtasuna eta ikastaroen kalitatea handitzea suposatzen du. Bestetik, ulertu behar dute guretzako ez dela erraza beroaldi batean lagunez eta jende ezagunez beteta dagoen igerilekua hustu behar izatea. Gure borroka guztion onerako da. A! Eta ez ahaztu greba egiten dugun bakoitzean gure soldataren parte bat galtzen dugula, eta gure sektoreko langileak ez gabiltza dirua soberan dugula…

Zelan lagun dezakete zuen borrokan?
Jendeak erreklamazio orriak bete behar ditu ordaindutako zerbitzuak gozatu ezin dituenean. Oso garrantzitsua da hori, euren eskubidea baita horietaz gozatzea. Lanuzteak direla eta asko izan dira ikastarorik gabe edo igerilekurik gabe geratu direnak. Kexa daitezela Basauri Kirolaken edo udaletxean zuzenean. Horrek gure borrokan lagunduko digu. Gainera, Basauri Kirolakek dirua itzuli die zenbait ikastaro gozatu ezin izan dutenei.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak