→Basauri

2.600 lagun bertaratu dira aurtengo MAZ Basauri jaialdiko kontzertuetara

Zortzigarren edizioaren balantzea egin dute antolatzaileek eta datuen arabera, 2.610 lagun bertaratu dira aurten programatu dituzten kontzertuetara.

Viva Suecia (argazkian), Triángulo de Amor Bizarro eta The Owl Project ikusteko sarrera guztiak agortu zituzten // Argazkia: David Mars

MAZ Basauri jaialdiaren zortzigarren edizioko kontzertuei agur esan diete jada. Aurtengo edizioaren balantzea egin dute antolatzaileek eta datuen arabera, 2.610 lagun bertaratu dira aurten programatu dituzten kontzertuetara: apirilaren 26an Christina Rosenvinge eta Anari ikusteko 425 lagun izan ziren, beste horrenbeste (425) apirilaren 27an Toundra eta Mursego ikusteko, maiatzaren 4an Iseo & Dodosound With The Mousehunters eta Hakima Flissi ikusteko 535 bertaratu ziren, eta maiatzaren 3an Viva Suecia, Triángulo de Amor Bizarro eta The Owl Project ikusteko sarrera guztiak agortu zituzten, hau da, 700 lagun.

Era berean, apirilaren 27an Solobarria karpako doako kontzertuetan 525 lagun izan ziren: 250 lagun TxikiMAZen eta 275 Haxotz, Agian eta Voltium taldeen kontzertuetan.

“Eguraldiak eta Bizkaian zuzeneko musikaren arloan gero eta indartsuagoa den lehiakortasunak eragindako zailtasunak gaindituta, MAZ Basaurik 2018an ezarri zuen sarrera salmenten marka hobetu du”, diote antolatzaileek. 2018ko kontzertuetara 2.530 lagun etorri ziren.

ZineMAZ, Social Antzokian

Social Antzokiko kontzertuez eta Solobarria karpako doako emanaldiez gain, MAZ Basaurik jaialdiarekiko paraleloa den zine programazioa ere badu. Maiatzaren 2an ‘Mujeres, de Coque Malla’ (Gonzalo Visedo, Espainia, 2019) proiektatu eta gero, maiatzaren 9an Climax’ (Gaspar Noé, Frantzia, 2018) emango dute eta maiatzaren 16an ‘Margolia’ (Oier Aranzabal, Euskadi, 2019). Film-dokumentalak Social Antzokian proiektatuko dituzte 20:00etan eta 22:00etan. Sarrerak salgai egongo dira 4,5 euroan eta Social Antzokiko bazkideek sarrera doakoa izango dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak