→Basauri

Mikel Agirre: “Bi urtez 25 gradutan bizi ostean, Basauriko sirimiriaz gozatzen ikasi dut”

basauri mikel agirre unesco jakarta 2014

2011ko urtarrilean Basauri utzi eta Indonesiara bizitzera joan zen Mikel Agirre. UNESCOk Jakartan duen bulegoan lan egiten du. Asiako hego-ekialdeko herrialdeetan jardutea du helburu.

Duela ia lau urte Mikel Agirre basauriarra Basozelaiko gurasoen etxea utzi eta Jakarta (Indonesia) hiri erraldoian murgildu zen. Lau urtez Radio Euskadin lanean aritu eta Garapen eta Lankidetzari buruzko goi-mailako ikasketak egin eta gero, maletak hartu eta esperientzia berrien bila abiatu zen ia munduko beste puntaraino. Bertan, UNESCOren bulegoan lan egiten du, prentsa eta adierazpen-askatasuna sustatzeko eta gazteen gizarteratzean laguntzeko proiektuak bideratzen.

Momentuz, oso pozik dago, guztiz moldatu da Asiako txoko horretako bizimodura, nahiz eta trafiko jasangaitza, bero handia, osasun zerbitzu penagarriak eta urtero uholdeak jasan behar. Hori bai, Gabonetan Basaurira etortzekotan da, familia eta lagunak ikustera eta Euskal Herriko hotza eta sirimiria berriz sentitzera.

Zergatik joan zinen Indonesiara?

Egia esan, nik ez nuen herrialdea hautatu. Garapen eta Lankidetza ikasketak egin ondoren, Eusko Jaurlaritzak beka bat eskaini zidan UNESCOk Jakartan duen bulegoan lan egiteko. Ez nuen pentsatu ere egin eta nire bizitzako etapa berri bati hasiera eman nion. Hori bai, egin nuen lehen gauza herrialdea eta hiria mapa batean bilatzea izan zen. Ba al dakizue Indonesia munduko uhartedi handiena eta munduko laugarren herrialderik handiena dela?

Basauriko bizimodutik Jakartakora alde itzela egongo da. Zer da gehien harritu zaituena?

Bakarra aukeratzea oso zaila da. Beti esaten dudan moduan, bizitza paraleloak ditut Jakartan eta Basaurin. Hemen, 26. solairuan dagoen apartamentu batean bizi naiz. Are gehiago, eraikinaren 10. solairuan gimnasioa, igerilekua, tenisean jokatzeko kantxa eta etxe urbanizazio oso bat ere badaude. Guztiz ezberdina da nire gurasoen Basozelaiko etxetxoarekin alderatuta.

Lanera taxian joan ohi naiz. 20 minutuko ibilbideak 2 euro balio ditu. Gainera, lasaitasunez hartu behar dut bidea, trafikoa dela eta, 20 kilometro egiteko bi ordu behar baititut batzuetan. Jakartan merkataritza-gune erraldoiak ditugu lanetik kanpoko eguneroko bizitza egiteko. Baina ez nolanahikoak. Bertan, zine-aretoak, luxuzko dendak, mundu osoko jatetxeak, diskotekak, tabernak, gimnasioak, barrakak eta abar daude. Beraz, Basaurin egiten ditudan poteoak ezinezkoak dira hemen. Guztira, 80 merkataritza-gune baino gehiago daude Jakartan.

20 KILOMETRO EGITEKO BI ORDU BEHAR DITUT TAXIAN

EZINEZKOA DA BASAURIN EGITEN DITUDAN POTEOAK HEMEN EGITEA

Zein da zure lana Indonesian?

UNESCOk Jakartan duen bulegotik Indonesia, Filipinak, Brunei, Ekialdeko Timor eta Malaysia koordinatzen ditugu. Nire lana gobernuen eta gizarte zibilaren arteko bitartekari izatea da, gehienetan komunikazioaren eta gazteen esparruan.

NIRE LANA GOBERNUAREN ETA GIZARTE ZIBILAREN ARTEKO BITARTEKARI IZATEA DA

Proiektu bereziren bat nabarmenduko al zenuke?

Ekialdeko Timorren egindako lana. Asiako herrialde gazteena da, 2002an lortu zuen Indonesiarekiko independentzia. Herrialdea hasieratik eraikitzen ari dira orain, besteak beste, gobernua eta erakundeak. Bertan, kazetariei zuzendutako ikastaro berezi bat antolatu nuen Giza Eskubideei eta ingurugiro aldaketei buruzko informazioa nola kudeatu azaltzeko. Balin ere mundu mailako topagunea egin dugu duela gutxi. Bertan, Indonesiako Komunikazio ministroa eta UNESCOko zuzendari nagusia ezagutu nituen.

Herrialdez aldatuko al zenuke?

Hemen dudan kontratua abenduan amaituko da eta Indonesian oso pozik banago ere, Asiako hego-ekialdeko zonalde batera joatea gustatuko litzaidake, hala nola, Myanmar, Thailandia edo Kanbodia.

Zer eramango zenuke Basauritik Jakartara?

Dudarik gabe familia, amamak eta guzti, eta koadrila. Izugarri botatzen ditut faltan. Bestalde, oinezkoentzako espaloiak, poteatzeko eta pintxoak jateko tabernak eta Social Antzokia, zinemara eta antzerkira lasaitasunez joateko.

Eta zer ekarriko zenuke handik?

Eguraldia! Indonesian uda da urte osoan zehar. 25 gradutik gorako tenperaturan bizi izan naiz azken bi urteetan. Baina batez ere, hemengo herritarrek duten irribarrea eramango nuke. Umore txarrean badaude ere, irribarre egiten dute.

Anekdotaren bat…

Badakizue nola agurtzen gaituzten ni eta ni bezalako beste atzerritarrak? “Hello Mister”. Beste galaxia batekoak bagina bezala begiratzen gaituzte. Bestalde, duela bi urte uholde oso larriak izan genituen eta ezin ginenez bulegotik etxeraino joan, militarren tanke bat gure bila etorri zen. Gogoratzeko modukoa da hori! Egia esan, egunero izaten ditut egoera bitxiak.

2012KO UHOLDEETAN TANKE BAT ETORRI ZEN BULEGORA GURE BILA, ETXERA ERAMATEKO

Basauri ezagutzen al dute bizi zaren tokian?

Noski baietz. Basauriar harroa naiz ni. Nire lankideek Malmasin, San Faustoko jaiak, zurrakapotea eta Euskal Herria ezagutzen dituzte.

Indonesiako zein txokotara bidaliko zenuke Basauriko turista bat?

Egia esan, Indonesia altxorrez beteta dago. Irla bakoitzak bere kultura, paisaia eta tradizio bereziak ditu. Nire txokorik gogokoena Tana Toraja da, Sulawesi irlan dago. Herritarrek ontzi formako etxebizitzak eraikitzen dituzte. Derawan artxipelagoa ere oso polita da, bertan, marmokaz beteriko lakua dago eta haiekin bainu bat har daiteke arazorik gabe. Bromo sumendia eta Lombokeko hondartzak ere ikusgarriak dira.

Basauriko Jaiak izan berri dira. Nola ospatu zenituen?

San Fausto egunean Jakartan dagoen Espainiako Enbaxadak ekitaldi berezi bat antolatu zuen urriaren 12a ospatzeko. Beraz, Basauriko jaiak Jakartako Ritz-Carlton hotelean ospatu nituen ardoa edaten. Zurrakapotea ez bazen ere, basauriarren omenez topa egin nuen.

Gabonetan itzuliko al zara etxera?

Bai!!! Eta irrikaz nago. Iaz Jakartan geratu nintzen eta oso desberdina izan zen. Faltan bota nituen nire etxea, familia, lagunak eta betiko Gabonetako ohiturak. Laster ikusiko dugu elkar, Basauri!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak