→Basauri

Nadia Barkate bilbotarrak irabazi du 2015eko Juan y Pablo de Otaola beka

basauri otaola beka irabazlea nadia barkate 2015

“BRO” eta “DISTANT” proiektuak saritu ditu Juan y Pablo de Otaola bekaren epaimahaiak 6.000 eurorekin. Sei hilabeteko epea izango du lana aurkezteko.

Nadia Barkatek (Bilbo, 1980) irabazi du aurtengo Juan eta Pablo de Otaola beka, “BRO” eta “DISTANT” proiektuekin. Proiektu hauen bidez bi serie gauzatuko ditu: alde batetik collageena eta bestetik koloretako marrazkiena. Lana aurkezteko sei hilabeteko epea izango du Barkatek eta 6.000 euroko diru-laguntza izango du.

Irabazlea Arte Ederretan lizentziatua da, ikus-entzunezkoetan eta eskulturan espezializatua. Hala ere, bere esperientzia marrazketatik abiatu izan du beti. 2008tik zenbait sari eta beka jaso ditu: finalista Gure Artea 2008n (ikus-entzunezko arteetarako Bizkaiko Foru Aldundiaren beka); 3. saria Ertibil 2010ean; finalista ikus-entzunezko arteen txapelketan (Bartzelona); EHUren doktoretza aurreko ikerketa-beka; egonaldia MA estudioan (Beijing).

27 PROIEKTU AURKEZTU DIRA 2015ean

Guztira, 27 proiektu aurkeztu dira beka honetarako, baina epaimahaiak Nadia Barkateren lana goraipatu du. Epaimahaian egon dira, besteak beste, Francisco Javier San Martin historialari, arte-kritikari eta artearen historiaren irakaslea Arte Ederren Fakultatean eta Peio Agirre arte-kritikari, erakusketen komisario eta editorea. Ospe handiko pertsonak dira biak, arte plastikoen alorrean.

ARTEAREN ALORREAN SARITUA OTAOLA BEKA

Juan y Pablo de Otaola Bekak Gure Artea Saria irabazi zuen 2014an. Bekaren antolatzaileek, 15.000 euro eskuratzeaz gain, artearen alorrean egindako lanaren aintzatespena ere jaso zuten. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza-Politika eta Kultura Sailak, Gure Artea Sarien bidez, ondoko hauen lana aintzatetsi eta aitortzen du: batetik, sortzaileena, bai haien ibilbide profesionala, bai azken urteotako haien sormen-jarduera; eta bestetik, bestelako eragileena, arte plastikoen eta arte bisualen esparruan izandako jarduera.

Beka hau 1990. urtean sortu zen eta aurten 26. edizioa ospatu du. Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du. Helburua da prestakuntza artistikoan laguntzea eta arte plastikoen eremuan sortzen laguntzea.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak