→Basauri

Prestakuntza ikastaroek %20 hobetuko omen dute lanpostua aurkitzeko aukera

hegouribe enplegu anezka 2016 deialdia 1

Hogei langabeturentzako enplegagarritasuna eta ekintzailetza hobetzeko lan-saioak Basaurin, Nerbioi Garaiko herritarrei zuzenduta.

Enplegu anezka Basaurin egingo da eta Nerbioi Garaiko herritarrek parte har dezakete

Hogei langabeturentzako enplegagarritasuna eta ekintzailetza hobetzeko lan-saioak abiatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Basaurin, Nerbioi Garaiko herritarrei zuzenduta

Nerbioi Garaia eskualdeak enplegagarritasuna sustatzeko eta ekintzailetzarako anezka izango du, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik eta Basauriko Udalaren laguntzarekin. Langabezian dauden 20 pertsonek beren enplegagarritasuna hobetzeko aukera izango dute, bost hilabetez. Horrela, lan munduan sartzeko laguntza jasoko dute.

Enplegu-anezka urriaren bukaeran jarriko dute martxan (urriaren 25etik 2018ko martxoaren 30era bitartean). Nerbioi Garaia eskualdearen kasuan, Basaurin izango da lan-entrenamendua. Hain zuzen, Basozelai Gizarte Etxean. Partaideak astean hiru egunez bilduko dira (saio bakoitzak 5 ordu iraungo du) eta bost hilabeteko trebakuntza izango dute, langile tekniko espezializatuen laguntzarekin.

Parte-hartzaileek aurrera eramango dituzten ekintzak hauek izango dira: taldekako saioak (enplegagarritasuna hobetzeko lan egingo dute, atalka, prestakuntza-pilulen bitartez edota talde-dinamiken bidez); koordinatzailearekin saio pertsonalizatuak; harreman zuzena enpresa eta tailerretako giza baliabideen arduradunekin; foroak, topaketak eta ekitaldiak antolatzea eta horietan parte hartzea; eta, ekintzailetza tailerrak eta ekintzailetzaren alorreko ibilbide praktikoak (negozio-ideia dutenentzat).

Bizkaiko Foru Aldundiak dioenez, “Sara de la Rica EHUko Ekonomiako katedradunak gure lurraldeko lehenengo anezkei buruz eginiko azterlan baten arabera, anezkek %20 hobetzen dute lanpostua aurkitzeko aukera”.

Izena emateko epea zabalik

Enplegu-anezkan parte hartu nahi duenak urriaren 11ra arte du izena emateko epea, www.dema.eus webgunearen bitartez. Era berean, 944 189 055 telefono zenbakia eskura jarri dute informazio gehiago lortzeko. Partaideek langabezian edota enplegua hobetzeko prozesuan egon behar dute, eta Lanbiden alta emanda. Hautaketa DEMA agentziak berak egingo du.

Nerbioi Garaiko enplegu-anezka honez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren Enplegua, Gizarte Inklusiboa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak, bere Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren (DEMA) bitartez, beste lau jarriko ditu martxan Bilbon, Ezkerraldean (Barakaldon), Meatzaldean (Muskizen) eta Eskuinaldean (Erandion). Enplegu-anezka bakoitzean 20 langabetuk hartuko dute parte, 18 eta 59 urte bitartekoek.

Gora