→Basauri

Ruper Ordorika: “Boxealariek sparring bat behar duten bezala, beste batek entzuten duenean osatzen da musika”

basauri ruper ordorika maz 2015

Aspaldian ez da Basaurin aritu, eta MAZera etortzeko gogoz agertu da. Ikasle garaian, bi urtez Pozokoetxen bizi izan zen, eta hango etxeko sukaldean abestu zizkion lehen aldiz Atxagari haren poemekin egindako kantuak.

Ruper Ordorika (Oñati, 1956) musi­karia Basaurira itzuliko da maiatza­ren 23an Musika Alternatiboaren Ziklora (MAZ). GEURIA berarekin solasean ibili da kontzertua eman aurretik.

Zer suposatzen du zuretzat MAZ Ba­sauri jaialdian kartel-buru izateak?
Egia esan, Basaurin jo ahal izatea oso garrantzitsua da niretzat. Aspal­dian ez naiz Basaurin aritu, eta hori da burura etortzen zaidan lehenengo erantzuna. Garai batean asko jotzen genuen Social Antzokian eta berriro itzultzeak poztasuna ematen dit.

Gainera, Audience talde gernika­rrarekin elkarbanatuko duzu esze­natokia…
Bai. Lehendik ezagutzen dudan tal­dea da. Noizbait elkarrekin jo izan dugu eta gustura elkarnabatuko dut eszenatokia MAZ Basaurin, noski.

MAZ Basaurira hurbilduko direnek zer ikusiko dute Ruper Ordorikaren kontzertuan?
‘Lurrean etzanda’ azken diskoa ar­datz hartuko dugu, baina gu ha­rantzago goaz: beste disko eta saio ezberdinetako abestiak ere joko di­tugu.

Basaurin bizi izan zinen orain zen­bait urte, ezta?
Hala da, bai. Urte asko pasatu dira geroztik eta seguru nago Basauri oso aldatua dagoela. Unibertsita­tean nenbilenean Bilbon, Pozokoe­txeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez.

Eta bi urte horietan euskara irakasle lane­tan ibili omen zinen…
Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitate­ko ikasketak egiten ni­tuen bitartean. Lagun batekin batera irakas­ten nuen euskara gure kabuz, inolako erakun­deren parte izan gabe.

Nola gogoratzen ditu­zu garai haiek Basau­rin?
Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indar­tsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da.

‘Hautsi da anphora’ zure lehenen­go diskoak harremana omen dauka Basaurirekin…
80. hamarkadaren inguruan Ber­nardo Atxaga Bilbora bizitzera eto­rri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musika­tu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez niz­kion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoe­txeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen.

Wikipediak dioe­nez, “euskal musi­kari berritzaile eta nazioartekoa” zara, baita “euskal kanta­gintzak eman duen bakarlaririk enble­matiko eta gorene­takoa” ere. Horrela ikusten duzu zure burua?
Ez dakit nire burua nola definitu ere! Neure eginkizunari, neure hariari tiraka nabil hasiera­tik eta berdintsu ikusten dut nire burua, baina egia da denborarekin beste era batera hartzen zaituztela eta horrek gehiago konprometitzen zaituela. Ahal bezala ibiltzen gara gu eta Wikipediak bereak egiten ditu.

Aurten 35 urte beteko dituzu musi­karen munduan. Zein hausnarketa egiten duzu?
Lehenengo diskoak sortzeko den­bora gehiago behar izaten nuen eta az­kenengo diskoa, ‘Lu­rrean etzanda’, ur­tebetean egin nuen. Egia esan, lan han­diak izan dira lehe­nengo urteetakoak. Egun, diskoko lehen­dabiziko kontzer­tuak egin eta geroko tartetxoan nabil eta nik uste dut laster hasiko naizela gogo berriekin gauzak egiten. Hala ere, zu­zeneko emanaldiak berpizkunde bat dira niretzat eta asko dis­frutatzen ditut.

Nola azalduko zenuke, laburrean, disko bat sortzeko prozesua?
Kantuak gehienetan bakarka ontzen ditut, nire etxean normalean. Gero, badut azkenengo urteetan ohitura bat, niretzat oso ederra dena: neure antzinako baxujole batekin, Alberto de la Casarekin, elkartzen naiz. For­mak ematen dizkiegu abestiei mu­sikarekin.

Nik beti esan dut boxealariek borrokatzeko sparring bat behar duten bezala, musika benetan bes­te batek entzuten duenean osatzen dela. Hau da, zu bakarrik zaude, kan­tutxo bat egiten duzu eta beste bati abesten diozunean gauzatzen da benetan hori.

Gaur egun, euskal mu­sikaren eszena nola ikusten duzu?
Galdera zaila erantzu­teko. Nire ustez, oso oparoa da euskal musi­ka. Joera askotako mu­sikariak eta abeslariak daude, baina testuin­guru oso gatz batean: gero eta ate gehiago ixten zaizkio musikan ikasi eta sakondu nahi duenari. Kultura alor guztietan igarri da hori eta testuingurua oso zaila egiten zaio mu­sikariari, baina artean ateratzen dira proposamen berriak eta oraindik uste dut eskaintza oparoagoa dela eskaera baino.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak